Eski haien arrastoan

Pablo Dendaluzek 'Arrastoan' dokumentalean jaso du Sami herrian beste hiru lagunekin egindako bidaia. 1974ko zeharkaldiaren zati bat ere egin dute. Laponiako paisaia, bizimodua eta kultura islatzen ditu filmak.

Duela bi urte, 1974ko espedizioaren zati bat egin zuten Iriartek, Iztuetak, Dendaluzek eta Ossak. P. DENDALUZE.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Tolosa
2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
«Mendian, elurra egitean, iraupen eskia egin ahal izateko, arrastoa ireki behar da. Irekitzen duenak bakarrik daki zer ahalegin egin behar den; neketsua da, baina polita», esan du Pablo Dendaluzek. Hurrengoentzako arrastoak ireki zalea da, baita aurrekoek irekitakoetan ibili zalea ere. Duela bi urte, 1974ko eski zeharkaldiko arrastoetan ibili ziren Dendaluze bera, Iztueta, Iker Iriarte eta Aitor Ossa. Arrastoan dokumentalean jaso dituzte Laponiako bizipenak.

«Gurea ez da kirol espedizio bat izan; lagunarteko ibilaldi bat izan da», adierazi du Dendaluzek. Eta lagunarteko bidaia hori aprobetxatu dute 1974ko zeharkaldiaren zati bat egiteko —100 kilometro—. «Ordukoek arrisku bat baino gehiago hartu zituzten, egin zuten modua eta garaia kontuan hartuta. Guk egindakoak ez zuen ia arriskurik». Bi zeharkaldietako irudiak daude dokumentalean.

Zeharkaldiez gain, Sami herriaren bizimodua eta kultura ere jaso dituzte ikus-entzunezkoan; besteak beste, hango bizimodua, elur oreinen zaintza, hizkuntza gutxitua eta joik kantarien jarduna. Hain justu, joik abeslarien irudiak 1998an grabatuak dira; orduan ezagutu zuen Dendaluzek Laponia bertatik bertara: «Eskizeharkaldi bat egin genuen Oslotik Ipar Lurmuturrera, eta azken hilabetea Laponian pasatu genuen». Laponiarren harrera nabarmendu du Dendaluzek, bai ordukoa, bai duela bi urteko bidaiakoa ere: «Haien etxera sartu eta dena ematen dizute, zenbaitetan hitzez ez ulertu arren. Kimika berezia sortzen da».

Koplaz eta umorez beteta

Iztuetaren furgonetan egin zuten Tolosatik (Gipuzkoa) Helsinkirako bidea Iztuetak, Dendaluzek eta Iriartek. Ossa batu zitzaien han. Finlandiarra da haren ama, eta hiruzpalau urte daramatza Ossak Helsinkin bizitzen. «Ate asko ireki dizkigu hizkuntza jakiteak», esan du Dendaluzek. Elkarrekin egin zuten hortik aurrerako bidea. Kamera aldean hartuta ibili zen Dendaluze Laponiako lurretan, besteekin batera. Koplaz eta umorez betetako bidaia izan zen, eta halakoa da Arrastoan dokumentala ere. «Toloxarrak gara, eta inauteri kutsua du, nolabait esateko. Egunerokoan edozein aitzakia ona da elkarbizitzan laguntzeko eta giroa bizitzeko».

Martxoaren 21ean estreinatu zuten dokumentala, Tolosako Leidor antzokian. Ez da kasualitatea han aurkeztea, Dendaluze eta Iztueta bertakoak baitira. Eta, ikus-entzunezkoan azaltzen den moduan, tolosarrei Europa iparraldetik datorkie eskizaletasuna:norvegiar batzuk Tolosara etorri ziren lanera. Han geratu ziren bizitzen, baita haien zaletasunak ere. «Aralarren elurra ikustean, hara joaten hasi ziren eskiatzera. Haiekin batera, baita bertakoak ere». Norvegiarrek arrastoa utzi zuten Euskal Herrian. Gauza bera egin dute euskaldunek ere Sami herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.