Bizitza

Neus Canyellesek (Palma, 1966) 1998an hasi zuen bere literatura ibilbidea, Neu d'agost. Un llibre de memòries (Abuztuko elurra. Oroitzapen liburu bat) liburuarekin (Bearn saria, 1998). 2002an Els vidres nets (Kristal garbiak) ipuin bilduma argitaratu ondoren, Llorenç Villalonga Palmako Hiria saria irabazi zuen Cap d'Hornos (2003) (Hornos lurmuturra) liburuarekin. L'alè del búfal a l'hivern (Bufaloaren hatsa neguan) liburua idatzi zuen gero (Odisearen Irakurlea saria eta Llibreter sariko finalista 2007an). 2010ean, La novelála de Dickens (Dickensen eleberria) argitaratu zuen, eta berriz ipuinak idazteari ekin zion gero, Mai no sé què fer fora de casa (Inoiz ez dut jakiten zer egin etxetik kanpo) liburuarekin (Merce Rodoreda saria 2013). Haren azken bi obrak, hauexek: Les millors vacances de la meva vida (2019) (Nire bizitzako oporrik onenak) eta Autobiografia autoritzada (2021) (Autografia baimendua). Ez zaio gustatzen galdetzea zergatik idazten duen, ez baitaki. Bere obretako pertsonaiak bezalakoa da: bizi diren mundua ulertzen ez duten pertsonak, baina egunero mundu horri aurre egin behar diotenak. Eta gero eta ezaxola handiagoarekin.

TERE GUIX.
Neus Canyelles.
2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Idazlea bere lanbidetik bizi ezin den gizabanako bat denez —hau da, idazleak du denik eta lanbiderik okerrena—, beste lan bat bilatu behar izan nuen fakturak ordaintzeko, egunetik egunera gehiago eta zentzugabeagoak baitziren, eta botikak ordaintzeko.

Zortea izan nuen. Etxe batean hartu ninduten zaintzaile lanak egiteko. Geroztik, gauza asko aldatu egin dira. Fakturak ordain ditzaket behintzat, eta ez naiz egunero negarrez hasten jaiki orduko.

Egia esan, ez dut ulertzen gaur egungo idazleek idazten duten ezer. Eta ez dut ulertzen zergatik hasten den hainbeste jende ez dakien zerbaitetan, edo berez egin nahi ez duen zerbaitetan. Hainbeste igartzen zaie gezurretan ari direnean... Baina berdin da, niri bost: buruko min kroniko honen ondorioz ia ezin dudanez orri erdi bat ere irakurri egunean, saiatzen naiz lehendik nire oniritzia duen orri bat aukeratzen. Adibidez, azken hilabeteak Eudora Weltyren Optimistaren alaba eleberriari eskaini dizkiot; asko gustatu zitzaidan duela hamar urte baino gehiago, eta asko gustatu zait orain ere. Ez dut ulertzen nolatan ez duen inork horrela idazten orain. Batzuetan, Bukowskiren poemak edo kontakizunak aditzen ditut, Youtuben entzun daitezke eta. Ia-ia nazkagarria iruditzen zait hori. Ez poemak eta kontakizunak. Ez. Horiek entzun beharra izatea, esan nahi dut. Behea jo dut. Baina etxera iristen naizenean, akituta egoten naiz bi laguntxo horiek zaintzeagatik. Eta poemak irakurtzen dituen ahotsa oso goxoa denez, begiak itxi eta atseden hartzeko modua ematen dit. Eta, gehienbat, pentsatzeari uztekoa. Bukowski gogoko dut izugarri gustatzen zaizkidalako gauzak kontatzen dakiten poetak.

Baina kontatu nahi nuen horri berriz helduta, oso lan entretenigarria daukat. Zaintzen ditudan bi laguntxo horiek maitagarriak dira. Eskolara joaten ez direnez, ez dira goiz jaikitzen. Horrek esan nahi du nik ere ez daukadala goiz jaiki beharrik.

Haien etxera iristen naizenean, nire zain egon ohi dira, bakarrik, irrikaz. Irribarre zabal batekin hartzen naute, jai izango balitz bezala. Edo ni Mary Poppins banintz bezala. Bata ilehoria da; ile ondulatu luzea du, eta begi urdinak. Nahiko argala da, nahiz eta dezente jaten duen eta oso litxarreroa den. Besteak ile beltza du, eta gorputz biribilxeagoa. Baina, batez ere, hain irribarre polita dauka eta hain azal leuna, hari musuka pasatzen dut egun osoa.

Etxean badaukate sos nahikoa. Dirua gastatzeko da; hala erakutsi diete. Sukaldean denetik dago: labe elektriko bat, mikrouhin labe bat, ontzi garbigailu bat eta beste tresna batzuk, lanak arintzen dizkidatenak. Egia da ez zaidala gustatzen sukaldean ibiltzea. Baina txintik atera gabe aritzen naiz. Zorionez, denetik jaten dute. Poz-pozik geratzen dira izartxoen zopa sinple batekin edo hezurrik gabeko dilista batzuekin. Hanburgesak ere izugarri gustatzen zaizkie (batzuetan McDonald's-ekoak jaten ditugu). Denetik jan dezaten saiatzen naiz. Fruta asko, bereziki. Bati ikaragarri gustatzen zaizkio platanoak. Besteari, melokotoiak. Noizean behin Coca-Cola pixka bat edaten uzten diet. Normala da nahi izatea. Baina ez zaie komeni asko hartzea, gero ez dute-eta siestarik egiten.

Nik etxeko lanak egiten ditudan bitartean, haiek berriketan aritu ohi dira egongelan. Haserretu ere egiten dira pixka bat. Batek oihu egiten du: ez duzu ezer ongi egiten! Edo besteak, deiadarka: ez diozu batere kasurik egiten nik esandakoari; ergela banintz bezala tratatzen nauzu... Batzuetan, telebista ikusten dute pixka batean.

Bolumena jaitsiarazi behar izaten diet, ze batek ez du ondo entzuten, eta etxe osoan aditzen da soinua. Irakurtzen ere entretenitzen da. Eta oso ona da idazlanetan. Irakasleak esan zion. Nintendo DS kontsolarekin ere ibiltzen da jolasean. Ondo pasatzen du lepokoak eta belarritakoak janzten, eta bitxiontzi gorrian gordeta daukan guztia probatzen du. Inoiz pentsatu izan dut idazlea izango dela, edo kazetaria, ze ikusten dituen gauzen inguruko iritzia ematen du beti. Ez da isiltzen. Esango nuke adimen koziente oso altua duela. Izugarri gustatzen zait nolakoa den. Haserretzen denean, kosta egiten zaio haserrea kentzea, baina on puska da berez. Musika entzun nahi eta ondo aditzen ez duenean bakarrik jartzen da urduri.

Bestea ekineko pertsona da. Argala, baina atletikoa. Eta nekaezina. Talentua dauka jarduera artistikoetarako. Horregatik, marrazten edo margotzen topatzen dut oso sarri. Paisaiak eta loreak oso ondo ateratzen zaizkio. Izugarri gustatzen zaio egurrarekin eta mota guztietako tresnekin jolasean egitea.

Ederki pasatzen du edozein objektu desmuntatzen, nahita, berehala berriz muntatzeko. Esaten du gauza izango litzatekeela bizikleta bat egiteko pieza guztiak balitu. Baina nik uste dut margolaria izango dela. Azkenaldian arazo txiki bat dauka bistan, eta ez da sendatzen erraza izango. Nik tanta batzuk botatzen dizkiot bi begietan egunean hirutan. Eta esaten diot: nola ikusiko duzu ba betaurreko zikin horiekin? Barre egiten du, eta niri ematen dizkit betaurrekoak, inork ez dituelako nik baino hobeto garbitzen. Uste du magia egiten dudala...

Jolasean ibili eta bazkaldu ondoren, lo kuluxka egitera eramaten ditut. Bata bere ohean etzaten da, eta ez du tapatzerik nahi izaten. Ordu erdi egin ohi du lo. Besteak nahiago du besaulkian etzan, ze, ohean sartzen bada, gero umore txarrean egoten da.

Esnatzen direnean, bata jangelara joaten da saltaka, eta bonboi kutxa bat ateratzen du kaxoi batetik. Bakoitzarentzat bat. Orduan merienda jaten dute, madalenak edo galletak. Ez dute jogurtik nahi izaten, jende guztiak oso sanoa dela dioen arren. Baina nik utzi egiten diet, esan dudan bezala.

Uste dut gerra garaian jaio zirela. Jadanik betetzen ez diren arau batzuen mundu batean jaio ere. Orain zeharo galduta daude. Ez dakite hitzek zer esan nahi duten. Haien bilobek, berriz, bai. Baina nik nola azalduko diet zertan den orain bizitza?

Iluntzen hasten denean, alde egiten dut. Batzuetan, isilka joaten naiz, badakidalako ez zaiela gustatzen. Aita nekatuta egoten da hainbeste denboran pasilloan oinez ibiltzeaz bastoiaren bila, ez baita inoiz oroitzen non utzi duen. Ama nekatuta egoten da eserita egoteaz eta jendea pasatzen ikusteaz balkoiaren atzeko partetik. Ez zuen espero horrela bukatzerik.

Irribarre egiten didate bihar itzuliko naizela esaten diedanean. Itzuliko zara?, galdetzen du gizonak. Eta nik haien txikitako argazkiei begiratzen diet, bakoitza bere bizikletarekin.

Etxera iristen naizenean, batzuetan ez dut jakiten zer egin. Batetik bestera ibiltzen naiz batere fundamenturik gabe. Eta, begiak ixten bazaizkit eta ezin badut ezer egin nekatuta nagoelako edo buruko minez, Bukowskiren poemak entzuten ditut behin eta berriz. Infernua ate itxi bat da izena duen hori, edo Beraz, idazle izan nahi duzu?... Noizean behin, probetxu handiko egunetan, bertso horiek sofatik jaikiarazten naute bat-batean, eta komunera joaten naiz aurpegia atseginez freskatzera, esnatu nahian, eta ordenagailua pizten dut presaka. Eguzki batek barrua erretzen dit. Suziri bat naiz. Eta ez naiz gai geldirik egoteko; erotu egingo nintzateke seguru asko. Beraz, egin dezaket. Erotu egingo nintzateke bestela. Hau da bidea. Ez dago besterik. Berdin zait nire lanbidea munduko okerrena izatea. Are gehiago orain, fakturek jada ez baitidate buruhausterik ematen.

Itzultzailea: BERRIAko euskara taldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.