Eibar 3-0 Real Madril

Txikia handi bihurtu da

Eibarrek garaipen historikoa lortu du Ipuruan: lehen aldiz irabazi dio Real Madrili,. Escalante, Enrich eta Kike izan dira golegileak, eta talde lana biribildu dute

Eibarreko jokalariak, atzo, Real Madrili Ipuruan sartutako goletako bat ospatzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Escalantek (17. min.). 2-0: Enrichek (51. min.). 3-0: Kikek (56. min.). Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Eibarreko Cucurella eta Jordani; eta Real Madrileko Baleri. Bestelakoak. 6.435 ikusle Ipuruan.

Eibartarrek badute beste egun bat hiriaren historian letra larriz gorde eta behar den guztietan gogoratzeko. 1931ko apirilaren 14an Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatzen aurrenak izan baziren, 2018ko azaroaren 24an, lehen aldiz irabazi zion Real Madrili klubaren historian. Kontu zaharra bata, berri-berria bestea, atzokoa.

Ipurua festa giroan murgildu zuen taldeak atzo eguerdian. Inorgutxik espero zuenean, baikortasun sutsua eta sarritan asko pentsatu gabea dutenek soilik esperoko zutelako atzokoa gertatzea. Aurreko lau aldietan gertatua gogoratu besterik ez zegoen, ametsa betetzea zein zaila den konturatzeko. Baina beti izaten da gauzak gertatzeko lehen aldi bat, eta atzo jazo zen. Txikia handi bihurtu zen, handitasuna talde erraldoi bati irabazita neurtzen hasita, behintzat.

Azalpen erraza dauka garaipenak: askoz hobea izan zen Eibar denean, hasieratik bukaerara. Jokoan eta jarreran. Hala ere, partida ondoren Real Madrileko entrenatzaile Santiago Solarik esan zuena bezain soila ez zen izan: «Guk baino potro gehiago jarri dituzte Eibarrekoek», bota zuen. Baita jokoa ezarri eta buruarekin jokatu ere, falta izan zitzaion esatea.

Erraz irabazi zion Eibarrek Real Madrili. Errazegi. Defentsako lanean ito egin zuen izarrez jositako taldea, argia itzali zien izarrei. Burua erabiliz: presioarekin, komeni zenean, eta metro batzuk atzera egin zenean, egoerak hala eskatzen zuenean. Bigarren zatian estutu zuen goian lehen zatian baino gehiago. Izan ziren beste bi egoera funtsezko ere: bigarren baloietan, ia guztien jabe egin zen etxeko taldea, batetik, eta bestetik, ederki baliatu zuen espainiarren alderdi ahulena, eskuinekoa; Eibarren eraso gehienak ezkerraldetik joandakoak eta josiak izan ziren, eta, horretan, dotore, Cucurella kataluniarra aritu zen. Erasoan aritu zen, atzelaria bada ere. Lehen golean, 17. minutuan, hark eman zion irtenbidea Orellanari, kontraerasoan, eta erdiraketa Kikek errematatu zuen, Courtois atezainak baloia gertu uzteko, eta han azaldu zen Escalante, borrokalari, Ceballosen urruntzea moztuz baloia sarean sartzeko [VAR bidez eman zitzaion balioa golari].

Bigarren golean, 51. minutuan, presio lan itzela egin zuen Cucurellak, erdialdetik ezkerrera azkar joanez eta Odriozolari baloia kenduz. Erdiraketa jaso, eta baloia Enrichek astindu zuen, zutoina ukitu eta sarera joateko. Handik bost minutura, Kikek eskuinetik egindako erdiraketa areako beste muturrera heldu zen, eta Cucurellak zuloa zegoen tokian jarri zuen baloia, area txikian; Kikek berak bultza zuen sarera.

Eraginkortasuna, funtsezko

Bigarren zatiaren hasira biribil horretan bukatu zen partida, nahiz eta parean Real Madril izan, eta nahikoa denbora eduki emaitza iraultzeko. Baina Eibarrek ez zion utzi, eta gol gehiago sartzeko aukerak ere sortu zituen. Orellanari Courtoisek atera zion area barrutik jotako zartakoa 62. minutuan, eta bat geroago, Kikek kanpora bota zuen baloia. Kikek berak eta Charlesek ere izan zituzen aukerak geroago.

Ez zuen, baina, Eibarrek eraginkorrago izateko beharrik eduki. Izana zen eraginkor, aurreko partidetan ez bezala. Sortu eta sartu egin zuen. Eta hori izan zen beste gakoetako bat, partida hasieran Real Madrilek asmatu izan balu [Benzemaren jaurtiketa Jose Angelek atera zuen marratik, 11. minutuan], eibartarren egun historikoetan Errepublikarena bakarrik aipatzen segituko zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.