Uda haietako bat

Iaz argitaratu zuen Garazi Arrula Ruizek (Tafalla, 1987) Gu orduko hauek (Txalaparta, 2017) bere lehendabiziko narrazio liburua, baina, horren aurretik, itzulpengintzan aritu da beste ezeren gainetik. Hainbat liburu ditu euskaratuak (Amelie Nothomben Hodien metafisika, Francis Scott Fitzgeralden Plazeraren gau ilunekoak —Iñigo Roquerekin elkarlanean—, Anais Ninen Venusen delta, Ruby Ann Phillipsen Handia eta boteretsua...). Elerazi itzulpengintza bloga sortu zuen Danele Sarriugarterekin.

MARTINTXO.
Garazi Arrula Ruiz.
2018ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Bada kontatu nahi dizudan zerbait», esan zidan, eta horrelako esaldi batek esnatu berritan izan dezakeen indarraz harrapatu ninduen. Bezperako ogian laranja marmelada jartzen ari zela bota zidan; edo beharbada mertxika marmelada zen. Kafean busti zuen ogia, eta hizketan hasi zen, ahokoa irentsi aurretik ere. Kontaketa osoan ez zion tarteka mastekatzeari eta kafesnea edateari utzi.

Umetan, uda osoak pasatzen zituzten aitaren aldeko amona-aitonen herrian. Ikasturtea bukatu eta segituan joaten ziren, edo hala iruditzen zitzaion berari. Azaltzeak luze joko lukeen arrazoiren batengatik, ama joaten zen hiru umeekin. Haiek herrian utzi, eta sei aste geroago itzultzen zen, amona-aitonarenean hilabete elkarrekin igarotzeko. Joaten zena baino kontentago itzultzen zen ama aldiro, eta, beren etxean ez bezala, gogotsu aritzen zen haiekin zernahitan. Hiru neba-arrebak borrokan ibiltzen ziren amaren alboan egoteko, bereziki lehenengo egunetan.

Lau etxebizitzatan banatutako baserri moduko bat zen. Aldapan zegoenez, bi etxebizitzetarako sarbideak behean geratzen ziren, eta beste biak goian. Aterik gabeko baserriaren alde batek aterpea zuen, eta hor pilatzen zuten egurra, etxearen alde laiotza ere baitzen. Zorionez, bere logelak hara ematen zuen; zorionez zen horrela zeren handik oilorik ez baitzuen aditzen. Bere leihotik malda belartsua ikusten zen, hiruzpalau baratza eskuinaldean, putzutik hurbil, eta, atzean, leihoaren ikuspegia alderik alde zeharkatuz, herrirako bidea. Bide hartatik ailegatzen ziren ailegatu beharreko guztiak.

Nebek beste logela batean egiten zuten lo, eta, beraz, gela osoa zuen berarentzat. Batzuetan, lehengusinarekin konpartitu behar zuen. Oso gutxitan gertatzen zen hori, lehengusina gehienez ere astebeterako etortzen baitzen. Halakoetan, argi zuten biek noren gela zen hura eta nor zen bisitaria, eta, beharrik ezean, ez zion gogorarazten.

Munduko lagun minena bera baino astebete geroago herriratu ohi zen. Ama-aitarekin ailegatzen zen, auto gorri batean, eta erraza zen, beraz, bere logelako leihotik haien etorrera ikustea. Uda osoa pasatzen zuen hark ere herrian, eta, hala egiten zuten neska adinkide gutxi zirenez, berehala egin ziren elkarren lagun. Helduen arropekin mozorrotzen ziren, errekan bainatzen, etxerik etxe ibiltzen, belarretan etzaten. Herrian abere bat akabatzen zuten guztietan han egoten ziren haiek; munduko lagun minena bereziki zalea zen, eta gero orduak egon zitekeen kasuan kasuko animaliaren hotsak eta odolaren isuria iruzkintzen. A ze parea!, esan ohi zuen amonak. Halaxe ziren, parea. Beste ume batzuk ere bazeuden, baina iragankorra zen haien presentzia. Parea adi ibiltzen zen beti gainontzekoei jakinarazten zer gauza miresgarri galdu edo galduko zituzten, batez ere tartean baziren herriko bestak, zauriak eta atzerritarrak.

Irailean, etxera itzultzen zirenean, astebetean hiruzpalau gutun bidaltzen zizkioten elkarri, herriaren miraz eta eskolan hastear zirelako beren bizitzari dramatismo handia jarriz, eta gero ez zuten bestearen berri izaten hurrengo uda arte.

Uda haietako batean, munduko lagun minenaren auto gorrian lau pertsona heldu ziren herrira: ohiko hirurak gehi bat. Gehigarri hura munduko lagun minenaren eskolakide bat omen zen, nahiz eta helduagoa zirudien altuxea eta mehea zelako. Partxe bat zuen begian. Logelako leihotik ez zuen ikusi, noski, ez partxea ez lau zirenik. Autoa bai, ordea, eta, ohi bezala, haien etxera lasterka jaitsi zen ongietorria egitera. Beroa izan zen enkontrua, nahiz eta berak ezin zion utzi ezezagun haren begibakarra gainean sentitzeari. Plazan ez zen beste gairik, munduko lagun minenarekin etorritako pirata hura baizik. Hari ere galdetu zioten, zer zuen begian, nola egin zuen, puxtarri bat jarriko ote zioten. Gehigarriak ez zuen askorik esaten, eta, hala ere, gutxi horrek ase egiten zuen denen jakinmina, modu bitxiren batean.

Munduko lagun minenak gehigarriari ingurua erakutsiko ziola eta, haiekin joan nahi ote zuen galdetu zioten. Lehen aldia zen munduko lagun minenak norabait gonbidatzen zuela; ez zekien hura nola hartu, eta haiekin joan zen, noski. Barre egin zuten; gehigarriak ez zuen parearen hizketan ia parte hartu, eta horrek pixka bat lasaitu zuen. Frontoian bazen neska-mutil taldetxo bat baloiari ostikoka, eta haiengana hurbildu ziren. Pareak biak bakarrik egon izan balira ez zukeen han luze iraunen; gehigarria, ordea, haiekin jolastu nahi zen, eta munduko lagun minenak ez zion ezetzik esan. Horrela izan zen aurrerantzean; edo taldean elkartzen ziren edo munduko lagun minena eta pirata beren kasa ibiltzen ziren, haiengana hurbiltzen zen inori uko egin ez arren.

Bitarte hartan, lehengusina heldu zen herrira. Hiru asterako zetorren oraingoan, historiari ekarpenik egiten ez dion arrazoiren batengatik. Hasieran, uda hark zorigaitza besterik ez ziola ekarriko pentsatu zuen berak: bi jabetza galdu zituen segidan. Aukera bat eman zion lehengusinari, ordea, beste aukerarik ez zuela ikusita. Erraza zen, gainera, bera baino txikiagoa baitzen lehengusina, eta pozez zoratzen baitzegoen berari men egiteko. Munduko lagun minenarekin egiten zituen gauza berak egiten zituen lehengusinarekin, salbu eta abereak nola hiltzen zituzten ikusi, lehengusinari ez baitzitzaion gustatzen, eta, egia esan, berari ere ez. Txikiagoa bazen ere, ez zuen umeen zozokeriarik, eta ez zituen mainak egiten errekan irristatuz gero edo berak hau eta hura ekartzeko eskatzen zionean. Noiz edo noiz, beste umeekin elkartzen ziren, baita munduko lagun minena izandakoarekin eta piratarekin ere, kometa koloretsu batekin ibili ohi zirenak. Amonak ez zuen A ze parea! berriz esan, baina ez zirudien, azken batean, uda hark begizkoa egin zionik.

Lehengusinak alde egin baino egun gutxi lehenago heldu zen ama herrira. Bestela ere jasangarria izanen zen galera arindu zuen amaren etorrerak. Ekaitz bortitza izan zen besten hasieran, eta dantzaldia bertan behera utzi behar izan zuten. Hesiak eta baratzak hondatu ziren, eta bide nagusia itxi zuten, lanak egin bitarte. Logelara zerbait hartzera igo zen batean, leihotik ikusi zituen munduko lagun minena izandakoa eta pirata, bide nagusian. Kometa hegaldaraztera joanak ziren, makinak geldi baitzeuden egun hartan. Aurretik zihoan munduko lagun minena izandakoa, sokak eskuan, leihoaren ikuspegiaren ezkerraldean. Beste muturrean, maldan behera, errenkada huts bat zegoen bidea gurutzatuz, hondeamakinak zulatutakoa. Leihotik begira geratu zen, agerikoaren zain. Piratak kometa airera bota, eta lagunak lasterka egiten zuen, metro batzuk bizkarrez, sokei trakets eraginez. Aireratu bezala erortzen zen kometa, eta berriro ekiten zioten. Horrela pixkana mugitzen ziren bidean, leihoaren ikuspegiaren eskuinalderantz. Bosgarren saiakeran, lurrak irentsi zuen munduko lagun minena izandakoa, eta kometa atzetik.

Hurrengo uda arte ez zuen berriz ikusi. Munduko lagun minena izandakoaren gutun bat zeukan herritik etxeratu zenean; ospitalean egun batzuk igaro zituela, zazpi puntu jarri zizkiotela, hanka hautsi zuela eta igeltsua zeramala, eta horregatik ezin izan zuela herrira itzuli. Nola gertatu zen ere kontatzen zion. Ez zekien, noski, berak leihotik ikusi zuela jauzia eta entzun zituela pirataren oihuak. Ez gehiago, amarengana jaitsi baitzen. Azken parrafoan xehe kontatzen zion odola turrustaka atera zitzaiola eta beraren txilioak zerriarenaren oso antzekoak iruditu zitzaizkiola. Gutunari erantzunen zion, noski, baina lehenago lehengusinari idatzi behar zion, herritik alde egiteagatik galdu zituen gauza miresgarri guztiak jakinarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.