Eibar 0-3 Bartzelona

Ez daude halako bi

Eibarrek astindua jaso du emaitzan eta jokoan Bartzelonaren aurka, Ipuruan, eta ez du aukerarik izan. Erakustaldi tekniko eta taktikoa eman dute bisitariek

Bartzelonako jokalariak, Eibarri sartutako hiru goletako bat ospatzen, atzo, Ipuruan. Eibarreko jokalariak burumakur ageri dira. JUANAN RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Griezmannek (13. min). 0-2: Messik (58. min). 0-3: Luis Suarezek (66. min). Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Eibarreko Charles, Diop, Sergio Alvarez, Inui eta Exposito;. Bestelakoak. 7.295 ikusle Ipuruan.

Talde bakarra dago Espainiako Ligan atzo Ipuruan Bartzelonak egin zuena egiteko gaitasuna duena: Bartzelona bera. Eskerrak Eibarrentzat. Izan ere, kataluniarrek atzo egindakoa beste hainbat taldek egingo balute, azkar eroriko zitzaion Ipuruari gotorleku izaera. Joan da Bartzelona, beste erakustaldi bat emanda, eta gauzak ondo joaten badira, datorren denboraldian beste bat emango du beste talde ia guztientzat deserosoa den Ipurua zaharrean.

Ez dadila Eibarreko zalea haserretu, etxeko jokalariek ezintasuna azaldu izanaren itxura eman zutela iruditzen bazaio ere. Ez zen izan gogo faltak eragindako ezintasuna, aurkariaren nagusitasunak eragindakoa baizik.

Ondo ikasita ekarri zuen Ernesto Valverdek Ipuruan landu beharreko ikasgaia, taktikoki lan zehatzez osatua. Eta taktikak bikote desiratua eta maitaturik badu, teknika paregabea da hori. Bartzelonakoek dutena, hain zuzen. Ez du jokalari bat bera ere baldarra baloia erabiltzen. Leku onak eta erabaki onak hartu zituzten atzo, eta baloia nahieran menderatzen dutenez, Ipuruako zelaia etxeko txokorik preziatuena bilakatuta aritu ziren atzo Messi eta enparauak.

Ondo baino hobeto egin zion min Eibarri erdiko atzelarien eta euskarrien arteko tarte horretan. Luis Suarez maisu aritu zen hor, baita Messi ere, eta De Jongek erakustaldia eman zuen. Gero, Eibarreko atzelarien bizkarrera pasea eman besterik ez zuten izan, behin eta berriz zulo handi horri etekina ateratzeko. Baloia izan zuenean min ematea nahikoa izan zuen Bartzelonak, eta ia eduki zuen guztietan lortu zuen hori.

Jose Luis Mendilibarrek Sergi Enrich atera zuen hasieratik, eta haren alboan Charles kokatu, bi aurrelarirekin aritzeko aspaldiko partez. Eibarreko bi euskarriak, Diop eta Sergio Alvarez ez ziren gauza Bartzelonako hiru erdilariak —Busquets, De Jong eta Arthur— geratzeko, eta gainera, Luis Suarez pixka bat behera jaisten zebilenez, zelai erdiko esparru horretan nagusi zen erabat Kataluniako taldea.

Hamaseigarren minutuan zulatu zuen Dmitrovicen sarea Griezmannek, baloi luze bat baliatuz, eta De Blasis eskuin hegaleko atzelariaren irristaldiaren laguntzaz. Zelaiko argazkia eta markagailukoa bat zetozen: nagusi zen Bartzelona.

Etxekoek susperraldi bat izan zuten gero, eta erdiraketa on batzuekin oldartu egin ziren, presioari ere hauspoa emanez. Baina hor bukatu ziren Eibarren suak. Datu hau oso argigarria da ezina azaltzeko: ate barrura jaurtiketa bat bera ere ez zuen egin etxeko taldeak. Ter Stegenek oinarekin gehiago ukitu zuen baloia eskuekin baino.

Bigarren zatian beste bi gol

Ezintasunaren irudiak bigarren zatian goia jo zuen, Eibar izan zelako ezinean aritu zena. Hasiera makala izan zuen etxeko taldeak, eta erabat itzali zen Messik 58. minutuan Bartzelonaren bigarren gola sartu zuenean. Zer esanik 66 minutuan Luis Suarezek hirugarren gola egin zuenean. Eskerrak Valladolid ez dela Bartzelona, eta antzeko taldea izango du parean Eibarrek datorren larunbat arratsaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.