Gonbidatu berezia, euria

Ostiral gauerako ekitaldi ugari prestatu zituzten hiriko hainbat txokotan. Horien artean, Berri Txarrak taldearen kontzertuak bildu zuen jende gehien. Su festan agertu zen euria, parranda gogoz.

Donostia
2015eko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Gauerdia gerturatzen ari zen eta ikuskizunakhastear ziren. 23:30ean musikarekin lotura zuten hiruzpalau emanaldi zituzten prestatuak: Ez da Kasualitatea bertso saio feminista eta musikatua, Konstituzio plazan; Mariatxiak Bulebarrean; eta Avenida orkestraren emanaldia, Easo plazan. Flamenkan, 00:30ean, Kepa Junkera eta Sorginak. Gazte eta kanpotar gehien erakarri zuena, ordea, Berri Txarrak izan zen. Saguesen eskaini zuen kontzertua hirukote nafarrak, eta hasi aurretik beteta zegoen gunea.

Egitarauaren arabera, 23:45ean hasi behar zuen kontzertuak, baina ez. Oholtzan bazen mugimendurik, eta nork edo nork aipatzen zuen kontzertua bertan behera geratuko zela eguraldiagatik, iaz Flamenkan gertatutakoa gogoan.00:00etan hasi zen Sagueseko kontzertuetako ohiko off-eko ahotsa kontzertua iragartzen. Aurkezpena bukatuta, kontzertuko lehen notak. «Gabon Donostia», oihukatu, eta disko berriko abesti bat jo zuten. Bigarren abestia, Hemen sukaldarien herrian, jotzen ari zirela, lehen zaparrada. Gauaren beste parte hartzaile bat izan zen euria.

Hiruki moduan zeuden kokatuta taldekideak agertokian: David Gonzalez ezkerrean, Galder Izagirre erdian, eta Gorka Urbizu eskuinean. Ez ziren lekutik askorik mugitu. Izena, izana, ezina abestian eskaini zituen abeslariak lehen hitzak. Etxean ez daudenak gogoan, ikus-entzuleei besoak goratzeko eskatu zien Urbizuk. Bertan zegoen jendetza kontuan izanda, jasotako erantzuna ahula izan zen, nahiz eta abestiak lagundu zuen entzuleria berotzen. Jarraian etorriko zirenak ere disko zaharretako kantak ziren, tartean, Kezkak eta Gelaneurria. Aditu Birtualak abestu aurretik, iazko Aste Nagusitik aurtengora bizitakoaren laburpen azkarra egin zuen Urbizuk. Abesti lasai horrekin ari zela hasi zen bigarren zaparrada. Oreka jo zuten hurrena, eta ohi bezala, abestiaren erdian erritmoz aldatu zuten, publikoa berotuen zegoenean, gero abesti berarekin bukatzeko.

Agertokiko fokuen argira begiratuta, sekulako zaparrada bota zuen, Isiltzen banaiz-en lehen notekin batera. Eskerrak urak ez zuela Sagues isilarazi. Intxaurrondon urte hasieran emandako kontzertuak aipatuz egin zuen jarraian etorri zen abestiaren sarrera. «Kantuek memoria» dutela esan, eta Hitzen oinarri ahulak abestiaren txanda etorri zen. Entzuleak kanta abesten hasi ziren musikariek jotzen hasi aurretik.

Euria egiten zuenean bazen aterki azpian sartzen zenik. Ateri zegoenean, lekuz mugitzeko baliatzen zuen jendeak. 26 segundotan jotzen ari zirela, «Javi» baten bila zebilen neska-mutil talde bat igaro zen. Hurrengo abestiak gogotik abestu zituen jendeak, bi klasiko: Biziraun eta Libre. Isildutakoan beste zaparrada bat izan zen, baino txaloz betea. Haizeak soinua bera eramaten zuen, batzuetan hobe, besteetan okerrago iristen zen musika belarrietara. Argiarekin ere, euriagatik, arazoak izan zituztela aipatu zuen Urbizuk, baina entzuleek gehiago nahi zuten, eta oraindik geratzen zen zer ikusia eta entzuna.

Eta hasi ziren jolasean. Bazirudien Stereo joko zutela, baina aldatu eta Eskuak aditu zen. Entzuleek euripean Takolo, Pirritx eta Porrotxen Rikiriki abesten hasi ziren, eta musikariek lagundu. Azken erauntsi horrek ihesaldia eragin zuen, ordea. Tarte handiagoa zegoen mugitzeko, baita Lemak eta Aingurak dantzatzeko ere. Giro traketsaren aurrean entzuten jarraitzea eskertu zien abeslariak ikus-entzuleei, eta grina handiz Etsia kantatu zuen. Ezin esan ez zenik gustura geratu. Kanta bukatuta, Urbizuk gitarra aldatu zuen, eta Izagirrek eta Gonzalezek besoak goratu zituzten, entzuleen erantzunaren zain.

Ezin oholtzatik jaitsi

Hiru aldiz agurtu zituzten entzuleak. Lehena, Oihu-ren akorde artean. Buruak erritmoan mugitzen ziren: gora, behera. Burua zerura altxatu, eta ostarteak zeuden, Urgulleko estatua garbi ikusten zen, argiztatuta, eta faroko argia biraka zebilen. Abestia bukatu zen Sagues guztia kantuan zegoela. Oholtzatik joan ziren. Neska kuadrilla bat Denak ez du balio abesten hasi zen, oraindik jo gabeko perla. Txosnatik ere taldearen musika entzuten zen... Fokuak piztu eta bueltan ziren, agertokian.

Aurten hogei urte bete ditu taldeak, eta aurkeztu bezain laster jo zuten Zerbait asmatuko dugu. Hurrengo kantaren sarreran monarkiaz eta zezenketez mintzatu zen Urbizu, bi gaiekin bat zetorren Betiko leloaren betiko leloa abestu aurretik. Txaloak besterik ez zen entzuten bi kanten ostean, eta gustura jaso zituzten musikariek. Denak ez du balio etorri zen jarraian. Lehen notak besterik ez zuen behar izan publikoak abestia ezagutu eta dantzatzeko.

Une hunkigarriena geratzen zen, baina, herenegun hil zen Eugenio Arraiza gogoan. Min hau eskaini zioten. Jotzeko modua ez zen Berri Txarrak taldearen ohikoa izan, ordea, Katamaloren bertsioa baizik. Kanpotik bustita eta barrena bero, azken abestia jo zuten: Bigarren eskuko amets. Azkenik txaloak taldekideei eta ikusleei, eta argazkia publikoarekin. Bukatu zen.

Oro har, gustura

Iazko kontzertua «hobea» izan zela esan zuen Mikel Bengoetxea entzuleak,«abesti berri gutxiago» jo zituztelako. Soinu efektu berriak sumatu ditu, «konponketa berriak».

Kontzertua bukatuta, manifestazioan bezala joan ziren gazteak Parte Zaharrera. Tartean, Haritz Galarraga donostiarra, eta Antonio di Gioia bergamoarra (Italia). Aterkirik gabe, baina «tinko» eutsi izanaz harro zeuden biak.

Martin Larreak denbora zeraman Flamenkan: «Euri asko ari zuen, eta kontzertu erdian joan egin naiz». Pirata jantziekin, lanean ari zen Miren Ogando. 23:00-04:00 arteko txanda zuen, eta barraz gain Guardetxeko segurtasunaz ere arduratu zen. «Bakoitzak bere lana ondo bete du», nabarmendu zuen. Larrea eta Ogandoren arabera, festak gaur bukatuko dira, Irrikitaldiarekin. Garai batean, udan hiria bisitatzen zuten «burgesez jantzita» aterako dira kalera, kritika moduan, Larrearen arabera. «Uste dut aurten zezenketei eta monarkiari buruzko zerbait antolatuko dela», Aste Nagusia borobiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.