Josette Dacosta. Artista

«Ene euskal nortasuna alderdi fisikoarekin pintura bidez adierazten dut»

Dacostaren obren koloreei darien argiak ikuslea itsu lezake, hainbertze diren bizi. Euskal artisten zirimola sortu du, emazteei inar berezia eskainiz.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Donibane Garazi
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Atea atzean utzirik arteak hartzen du barne osoa; Josette Dacostaren (Bordele, Okzitania, 1944) instalazio eta margolan abstraktuen koloreen sareak irensten baitu hara menturatzen den edonor. Donibane Garaziko Zitadela karrikako hogeita bigarreneko bortak hiru gune zabaltzen ditu: Dacostaren atelierra, bizitegia eta Itzal Aktiboa elkartearen galeria. Artearen libertatea du lema eta tema, ez da arrotzik oraino ezagutzekoa den laguna baizik. Izan ere, galeria paleta bat bilakatua da, zeinean euskal artisten kolore nahasketakgurutzatzen baitira aspalditik. Irailean Ordizian (Gipuzkoa) erakutsiko ditu bere obrak. Hiztegian Dacostaren obra sartzekotan, «bizia» definizioa bilduko luke.

Amaren erroek sustraitu zaituzte Euskal Herrian.

Bai, Ahatsakoa [Nafarroa Beherea] nuen ama; garai hartan frankok egin behar izan zuten bezala, bera ere partitu zen sehi. Hala zuen gure aita ezagutu. Dena den, usu jiten ginen Oztibarreko [Nafarroa Beherea] familiarengana oporretara. Senarraren ofizioak Europan toki frankotan bizitzera eraman bagaitu ere, beti biziki lotua egon naiz Euskal Herri barnealdeari. Iturria eta sustraiak euskaldunak ditut; ene margolanetan ere oso azkar nabari da.

Euskara bidean galdu zen.

Ama frantses eskolaren biktima izan zen, eta ez zen gai izan guri euskara erakusteko. Baina mintzo zuen guzietan plazer hartzen zuen. Gure alabak, ordea, bai, badaki, ikastera deliberatu baitzen. Hutsune bat da enetzat, baina belaunaldi afera da. Horren truk, bidaiek beharturik, eleaniztuna bilakatu naiz: ingelesa, espainiera eta italiera ikasi baititut. Funtsean, euskal gizartea ere hala da orain, eta pentsatzen dut aberastasun handia dela Euskal Herriak eleaniztun asko dituela, euskara bezain ontsa frantsesa edota espainola mintzatuz. Alderdi hau ez da aski prezatzen; herriak beharko luke egitate hori asumitu eta abantailez baliatu.

Pintura adierazpide duzula erran izan duzu.

Gor-mutuekin ibili nintzen lanean hezitzaile, eta pintura baliatzen hasi adierazpide gisa. Horrek eraman ninduen animatzaile ofiziora, Pariseko Musee en Herbe haurrendako museoan lehenik, eta Bruselakoan ondotik. Nihaur hasi nintzen haurrendako ibilbide artistikoen kreatzen.

Zeure burua adierazten hasi zinen arte.

Madrilen nuen ene artea garatu Circulo de Bellas Artesen kurtsoak hartzearekin; teknikak ikasi ahal izateko, demagun, koloreak nola nahasi, antolatu eta orotariko materialak nola baliatu. Sekulako xantza ukan dut Teresa Muñiz artista galiziarra erakusle ukanik; figuratiboa lantzen bagenuen ere, erabateko libertatea ematen baitzigun; koloreen nahasketan, konparazione. Modeloak bagenituen... Hauta zen, zinez. Garaia interesgarria zen, Franco hil berritan hiria irakiten zegoen: movida mugimendu bete-betean, erakusketa anitz bazen, xinaurritegi bat zen, leherketa artistikorako inolako konplexurik gabeko giroa... Izugarri estimulagarria zen, gaitzekoa zen orduko hura. Ene buruarekin orduan egin nuen topo.

Eta nolakoa zen atzeman zenuen zu hura?

Bere burua konplexurik gabe adierazteko gai den artista.

Zure izena artearen historian sartu zen laster.

Oxforderat [Erresuma Batua] mugitu ginelarik, bertako artistengana joan nintzen: ez irudian arras irekiak eta eroak dira, ez dute beraien obran baizik pentsatzen! Bertan ziren ene lanak apreziatuak izan.

Herria zurekin.

Bitxia zen; Oxforden natura hila tindatzea gustuko nuen, eta Izuran [Nafarroa Beherea], udako opor denboran, etxeak marrazten nituen, gero, Ingalaterran lantzen nituenak. Beraz gogoa arkitekturan nuen, kolore efektuetan, Izuran bainintzen. Lurrerat erortzen ez diren etxeak, enetzat, denboraren kolorea iragaten ikusten duten potretak dira, bizi baitira, baitute presentzia azkarra, irekiera eta argia. Harritzen ninduen nola jendeek etxeak ezagutzen zituzten margolanak abstraktuak izanagatik; funtsean, nortasun handia baitute. Ororen buru, ene euskal nortasuna alderdi fisikoarekin pintura bidez adierazten dut.

Xan Airek egin zizun elkarrizketa batean diozu pintatzea zuretzat ez dela terapeutikoa.

Halaxe da. Zoriontasuna dakarkit. Balio dit ere ene frustrazioen kanporatzeko, Iparlatze [Nafarroa Beherea] igo eta jaustea bezala, eta ene buruaren adierazteko. Oroz gainetik, ene buruarendako dut margotzen.

Baina denbora-pasa baino haboro ofizioa ere duzu.

Bai, arrunt: lanbidea dut, nahiz eta horretatik bizitzea arras zaila izan. Horregatik, tailerrak animatu izan ditut. Orain, haatik, adina eta ene baldintza fisiko oraino ona kontuan harturik, atelierak bertan behera utziak ditut sorkuntzan bakarrik aritzeko. Hemen dauden margolan hauek Ordizian erakutsiko ditut, bai eta hemen erdian dagoen kadira zaharren instalazioa ere, zeina ikastolako haurren laguntzaz obratu baitut. Maite dut haiekin aritzea; helduak ez bezala, errotik laxatzen baitira eta euren burua joaterat uzten baitute. Ikusten? Kadira zaharrez obra bat egin daiteke!

Zure galeria zutik ezarri duzu.

2002an Euskal Herrian finkatu ginen, nihauren atelierra muntatzeko ideia bainuen, euskal kultura eta artea hobeki ezagutzeko gisan. Batez ere Hegoaldeari begira jarri nintzen, hor baitira artista profesionalak, eta euskal identitatea atzeman nuen.

Zeri deitzen diozu euskal identitatea?

Inguratzen gaituenari so egotea da, bera sentitzea: etxea, jokamoldea, izateko manera, elkarrizketak, jendea eta baserrialde hori batez ere.

Hizkuntza?

Bai, hizkuntza ere bai, bistan dena.

Artista bakartia zara?

Banaiz, baina partekatzea ere maite dut. Neguan nihaur aritzen naiz lanketan, eta udan, berriz,Itzal Aktiboa artista kolektiboaren inguruan. 2004an sortu genuen, arte garaikidea barnealdean bultzatu eta Euskal Herrian sustraituak diren artistak prezatu eta sostengatzeko. Herria bateratze aldera, bi aldeetako artistak beti orekatzen saiatzen gara. Barnealdean ez da hainbertze paradarik adierazpide artistiko berriekin topo egiteko. Arteak izpirituak zabaltzen ditu. Hala, eskolekin pista jokoak eta pintura tailerrak antolatzen ditugu; Piarres Erdozaintzi artistak galeriaren bisitan laguntzen die.

Haurrendako bide librea bultzatzen duzu.

Arno Sternen metodoa darabilgu: librea, teknika eta oharrik gabekoa. Murruari kortxozko laukiak itsatsi dizkiogu, haur bakoitzaren papera txintxetaz finkatu eta zutik pinta dezan. Lagundu bai, baina kreatzeko libertate osoa ematen diet. Haurrek biziki prezatzen dute, ongi funtzionatzen du. Helduek, ordea, teknika behar dute, libreegi izan gabe.

Zerk zaitu eraman figuratibotik espresionismo abstrakturat?

Uste dut gertakari batek ninduela honetaratu: Nafarroa osoa zeharkatu beharra zuen 2x2 bide proiektuaren kontra Leia elkartean aritu ginen borrokan: Ibarlaeta Izurako bide-juntetako afixa zaharrez collage batzuk osatu nituen gure aldarrikapenekin: kamioi horien iragateak barnealdea nola deseginen zuen irudikatzeko. Ez ziren gustagarriak, ez baitzen hori xedea; bortitzak ziren. Proiektua bertan behera utzi zutelarik, jabaldurak bultzaturik, birlandu nituen materialak erantsiz: lastoa, gorotza... Guziarekin erakusketa muntatu genuen [Juan] Gorritik eta biok.

Zazpi urteotako progresioak nau ekarri oraingo abstrakziorat. Inguratzen nauenarekin lotura zehatzik gabe tindatzen dut gaur egun, kolorean eta materian kontzentratuz, haiek baitira beren baitatik eta beren buruarentzat bizi eta zirrara eragile. Norberak ikusten du nahi duena.

Pigmentu eta kolaz lodierak sortzen ditut, jestuekin jolastuz. Obra bat bukatzeko, batzuetan hiru astez uzten dut hunki gabe, eta tatxa bati esker bilatzen dudan oreka lortzen dut. Lurrean egiten dut lan, musika lagun.

L'art au féminin erakusketa zikloa abiatu zenuen.

Izurako Haize Berri elkarteari esker artista parrasta ezagutzeko parada izan nuen, baina ikusten nuen emakumeak itzaletik ari zirela, eta haien lana interesatzen zait. 2007az geroztik, martxo osoan haien obrak erakusteko zikloak antolatzen ditugu.

Artea bidaiei egokitu duzu, ala binperrez?

Ofizioa dut bidaietara egokitu. Inguruan biziki higitzen naiz erakusketetara, baina bestela ez.

Alta, arteak Kanarietara eraman zintuen.

Artista erresidentzian gomitatua izan nintzen 2014an, hiru astez. Uneka, itogarria zen: presioa senti duzu. Zeure buruaren pare zaude, barnatik obratzen duzu.Gainera, artista orok bezala, bide berrietan barna ere bazabiltza.

Eta artea bera nora doa?

Londresko Turner arte garaikidearen sarien irabazleen ikustera noa urtero, berrikuntzak ikusi eta ulertzeko zerendako diren hautatuak izan. Belaunaldi berria pantailei so dago, ez dute gure ber ikuspegia. Bada sekula pintzelik hunki ez duen artistarik, zeinak bere burua izugarri ongi adierazten baitu; plastizianoak dira: artista berriak dira. Haiek entelegatzea neke zait, eta kanpo sentitzen naiz. Baina interesgarria zait. Gisa berean, gure belaunaldiak gibelera bota zuena itzultzen ari da: brodatzea, jostea, tapizeria, patchwork... Maria Jimenezek, adibidez, armiarma sare erraldoia egin zuen kakorratzez. Bada berrerabilpenerako joera ere.

Gazte sorkuntza akuilatzeko: Itzal Aktiboa saria.

Arte garaikidea bultzatzeko abiatu genuen. Maite Pintok irabazi du hirugarren aldia: Ingalaterran erbesteratutako gerlako euskal haurren grabatuak egin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.