Haur moesiaren paisu bat

Abeslari, ilustratzaile, tiragile, letragile eta idazle; gutxi dira Shel Silversteinek landu gabeko generoak, baina nabarmentzekoak haurrentzat idatzitako poemak dira.

Shel Silverstein idazle, kantari eta margolaria, eskutan gitarra bat daukala, kantuan. BERRIA.
Inigo Astiz
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Orain etzan naizela lotara,/ Jainkoak nire arima zain dezala,/ eta esnatu aurretik hilko banintz/ jaunak nire jostailuak apur ditzala arin,/ beste umeek erabili ezin ditzaten... amen». Maiz jotzen zuen gaiztakeriaren eta jolasaren arteko muga horretara Shel Silverstein idazleak (Chicago, AEB, 1930- Key West, Florida AEB, 1999), eta, besteak beste, umore puntu horregatik dira ezagun bere lanak. Folk abeslari, Playboy aldizkariko tiragile, antzerkigile, Johny Cash abeslariaren eta Dr Hook taldearen letragile, nobelagile, zinemarako gidoigile eta ipuingile; apenas dago landu gabe utzi zuen generorik, baina bereziki nabarmentzekoak dira haur eta gazteentzat idatzitako liburuak, eta haur eta gazteentzako poesiazkoak, zehazki. Hitz joko, broma, errezo bihurri eta guzti. 30 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dituzte haren lanak, milioika kopia saldu dira, eta debekuak ere jasan dituzte urte luzez umeentzako liburu horiek hainbat liburutegi eta eskolatan, biraoak zituztelakoan.

Berpizkundeko erretratua egin zion idazleari Christopher Hawtree idazle eta kazetariak The Guardian egunkarian: «Estatistikoki gertagarria da, momenturenbatean, familia amerikar oso batean, semea Silversteinen haurrentzako poemak irakurtzen egotea, nerabeak logelan haren abestiak entzutea, aita Playboy aldizkariko bere piezei begira aritzea, aldi berean, amak hark idatzitako antzezlanetarako tiketak erreserbatzen dituen bitartean». Sortzaile integral bat.

Hasi, armadarekin Korean eta Japonian egindako denboran marraztutako tiren bildumarekin hasi zuen liburugintzan egindako ibilbidea Silversteinek, 1955ean, baina ez zen sorkuntza gehiegi mugatu zalea, eta berehala hasi ziren haren bestelako liburu, disko eta tira bildumak ere argitaratzen; eta publikazio sorta bat kalean zuenean heldu zen haur eta gazte literaturara, 1963an, eta, hori ere, Ursula Nordstrom Harper & Rows argitaletxeko editoreak proposatuta soilik. «Ez nuen haur eta gazte literatura idazteko asmorik», onartu zuen inoiz Silversteinek berak.

Uncle Shelby's Story of Lafcadio: The Lion Who Shot Back izan zen genero horretako lehen publikazioa, bere testu eta irudiz osatuta, eta 1974an heldu zen bere lehen haur eta gazteentzako poema bilduma, hura ere bere marrazkiekin: Where the Sidewalk Ends. Umore, jolas eta, zenbaiten ustez, biraoz betetako lan jostari eta lotsagabea.

Baina ez zen kasu solte bat. Maiz egon dira bere lanak bi ertz horien artean.

Zabalpen handia izan zuen haur eta gazteentzat idatzitako Arbola eskuzabala liburuak ere, adibidez, eta kasu horretan ere erabat itxi gabe jarraitzen du eztabaidak. Hori da, hain zuzen ere, euskaraz irakur daitekeen Silversteinen lan bakarra, Pamiela argitaletxeak publikatuta.

Mutiko baten eta arbola baten arteko maitasun istorioa kontatzen du ipuinak, baina argitaratu zenetik hona, luzea izan da haren sakoneko mezuari buruzko eztabaida. Izan ere, zuhaitzarengandik apartatuz joango da mutikoa heldu bilakatu ahala, eta, momentu batetik aurrera, zerbait behar duenean soilik joko du harengana. Diru truke saltzeko sagar bila, lehenik, etxe bat eraikitzeko adar eske ondoren, eta, itsasontzi bat eraikitzeko egurra hartzera, azkenik; eta, aldiro, eskuzabal emango dio dena arbolak, trukean ezer espero gabe. Eta bi gisakoak dira interpretazioak: bada, adibidez, kontakizunean maitasun erabat desinteresatuaren parabola bat ikusten duenik, baina harreman toxiko baten deskribapena besterik ez dute ikusten beste batzuek, eta, ziurrenik, bi bide horietako bat ere ez ixtea da liburuaren lorpen nagusietako bat.

Ez zen bere lanak gehiegi azaldu zalea ere, eta, akaso, lanaren alde jokatu du horrek, urteekin.

Gutxitan onartzen zituen elkarrizketak, eta onartu zituen gutxietan ere, beti dabil iheska. Abangoardiez mesfidati. Ideia edo aldarrikapenetatik abiatutako sorkuntza lanez trufaka. Intelektualismoa mespretxatzen. Beren alferkeria proklama bakezaleen arrakastan ezkutatzen saiatzen diren sortzaileen aurka erasoan. Sorkuntza lanaren autonomia defendatzen, etengabe, eta sorkuntza lan hori beste iparrik onartu gabe. Pixka bat marmarti. Azido tarteka. Ez bereziki umoretsu.

Jolasaren apologia

Umoreak goitik behera blaitutako lana da Silversteinena, ordea, eta jolasaren erabateko apologia dira Runny Babbit pertsonaia protagonista duten poema liburuak, esaterako. 20 urtez aritu zen idazlea, bere hitzetan, animaliek egiten omen duten bezala, hizkiak elkarrekin nahastuz sortutako poemak idazten, eta tentel bezain ederra da emaitza. Aurkezpen lanak egiten dituen Funtxitxoren amilia izeneko poematik hasita. «Untxitxok fazuen bamilia bat./ Sehatzago ezanda, bazeuzkan/ bi aneba eta abaia bat,/ eta gero zeuden atatxo eta aima./ Atak elikatzen zuen anahoria tesnez,/ tanahoria zartaz eta bestez,/ eta puztiak gozik bizi ziren/ beren untxitxo guntxitegi ozoan».

Eta, oraindik ere, balantzarik zazen, hain zuzen ere, boitik gehera edo aldrerantziz eta altzebes irakurri beharreko testu horiek guztiek pizten duten irribarreagatik da Silverstein haur moesiaren paisuetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.