Noiz sortua: 2019-02-03 00:30:00

LAUHAZKA

Musika katxarroak (II)

Maite Larburu -

2019ko otsailak 3

Laurogeiko hamarkada amaiera zen. Jacques, autoan eseririk, ekialdeko herrialde bateko gasolindegian zegoen, ijitoak, musika-katxarro-tratanteak iritsi zain. Carlo Antonio Testore biolin garesti-garestia lau zloty-ren trukean saldu zioten haien esperoan.

Biolin jotzaile holandarra trebea zen instrumentuen salerosketan. Jubilazio garaian tresnak saldu, eta Mediterraneoan lasai bizitzea zuen helburu. Eta zer demontre, dibertitu ere egiten zen zeregin harekin. Tresnak ekialdean merke erosi, mendebaldean garestiago saldu. Sorpresa ederrak ere hartzen zituen: biolin bat bere begi-zorrotz-infragorriek iragarritakoa baina hobea zenean, adibidez.

Gaizki irten zatekeen, baina ordura arte hori ez zitzaion jazo.

Eguna iritsia zen, ordea.

Ni, euskal linboan, telekanten kasetea musika katxarroan buelta eta buelta nebilkien haurra, Jacquesekin kateatzen ari bainintzen.

Horrelakoak dira gauzak.

Loturik gaude milaka hari ikusezinez. Espazioa bera ere sare bat da: sumatu ezin diren hainbat sokatxo, hemendik hara tiraka...

Zergatik hara?

Zergatik pertsona horrengana?

Loturik gaudelako, nahiz eta ez ikusi.

Eta nahikoa delako pertsona-gertakari bat pittin bat mugitzea, sarean den beste guztia deskolokatzeko.

Hari ordura arte igarriezina ikusgarri bihurtzeko.

Nire eta Jacquesen artekoa.

Lau soka, gure kasuan.

Sol, re, la eta mi.

Dzien dobry, prosze pana agurgarria! Egun on! —ijitoak Jacquesengana gerturatu ziren—. Gauza ederra ekarri diogu berorri!

Estutxe trakets bat jarri zioten belaun gainean. Biolin politt-politt bat. Egoera onean. Barroko garaikoa ziurrenik. Ederra benetan.

Jacquesen begietako infragorriek, segituan, dir-dir egin zuten. Etiketak Matteo Goffriller, 1690 zioen. Veneziako luthierra, biolontxelo zoragarriak egiteagatik bereziki ezaguna. Jacques ez zen etiketetan sinesteko bezain inozoa, bazekien labelak mendeetan zehar aldatuak, asmatuak eta espresuki zaharkituak izaten direla. Baina data Goffrillerrek aktiboki lan egin zuen denboraldiarekin bat zetorren. Eta hori seinale ona iruditu zitzaion. Goffrillerrak urriak ziren. Maiteak.

Eta garestiak.

Ez zien tratanteei, hala ere, kitzikapen zirkinik ere erakutsi.

— Zer iruditzen zaio prosze pana-ri? Balio al dio?

— Ondo dago. Zenbat?

— 4.000 zloty.

— Zer? —asaldatu zen Jacquesen saltzaile sena—. Aurrekoa 4 zloty-gatik saldu zenidaten!

Prosze pana, biolin hau Manfriren babunia-rena zen, amonarena. Ezta, Manfri? —Manfri lodikoteak baietz buruarekin—. Min ematen dio biolinari aio-aio esateak. Babunia-ri pa-pa esatearen antzekoa da biolin hau saltzea, prosze pana txit goren hori, uler beza, jaun jakintsu horrek...

Ez diet piperrik ere sinesten! Badakite Goffrillerra dela eta diru kozkorra nahi dute irabazi hauek...

Ez zeuzkan 4.000 zloty, hori zen egia gordina. Diru asko xahutzen zuen...

— Ez, ez dauzkat 4.000 zloty.

— Oh, prosze pana... txarra da hori... txar-txar-txarra...

Tragoa hartu nahi izan zuen Jacquesek petakatik. Baina ez zuen urduritasuna agerian utzi nahi.

— Agian, prosze pana, aurrekoan saldu genizun biolinarekin truka genezake... hura ez zegoen salgai, baina berorrek erosi egin nahi izan zigun eta guk mesedea egin genion...

Jacquesek bizkor pentsatu zuen: Testorea 100.000 euroan baloratu bazioten, Goffrillerra akaso 300.000raino iritsiko zen...

— Ondo da.

— Ez zaio prosze pana-ri damutuko! Babunia-ren biolina amona bera bezalakoa da: bakarra munduan!

Halaxe gertatu zen.

Jacquesek Testorea Goffrillerragatik trukatu zuen.

Ene! Egun hura gorriz zegoen seinalatuta Jacquesen bizitzako egutegian. Ez, ordea, Europako beste muturrean bizi zen neskatxa honen bizitzan. Gofriller hura, handik hogeitaka urtera, nik erosi bainion Jacquesen seme zaharrenari, prezio on-onean.

Ez baita Goffrillerra.

Inork ez daki zer den.

Jacquesek sekulako atsekabea hartu omen zuen Amsterdamera bueltatu eta luthier denek hura biolin interesgarria zela, baina Goffrillerra ez zela ziurtatu ziotenean. Eroturik ote zegoen ere galdetu zioten, Testore bat harekin trukatu zuelako. Inoiz ez zuen kontu hori guztia onartu nahi izan. Eta biolina balio zuena baino diru gehiagogatik saltzen saiatu zen urteetan.

Ez zuen lortu.

Hil zen artean.

Jacquesekin orkestra berean jo zuen musikari batek kontatu zidan hau guztia, nire biolina ikusi eta ezagutu zuenean.

— Hori Jacquesen Gofrillerra da!

Lotuta gaude, ikusgarri bihurtzen diren hariz.

Begiratzen jakin behar.

Maite dut nik nire biolina.

Musikari pobre bati dagokion instrumentua delako. Bere buruaren jabe den musika tresna bat, egoera onean, originala, anonimoa, kolekzionistei interesatuko ez zaiena.

Ordaingarria.

Eta beldurrik gabe trenean eraman dezakezuna.

Musika egiteko instrumentu bat.

Utikan bitrinak!

Ez du Goffriller izena.

Babunia baizik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 24ko datuekin eguneratua. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da hildakorik izan, 23 positibo berri detektatu dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.474 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.013 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ikasle bat ikasgelan, Donostiako Axular Lizeoan. ©Gorka Rubio / Foku

Eskola «gutxitan» itzuli dira ikasgelara, sindikatuen arabera

Berria

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen arabera, ikastetxe «gutxi» izan dira gaur ateak ireki dituztenak. Sindikatuek protesta egin dute Gasteizko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aitzinean.

Ikasgelara itzulera

Abian da itxialdiaren bigarren arindua

Berria

Konfinamendua samurtzeko neurriak ugaritu direla agerikoa izan da gaur; hondartzetan, makrodendetan, ostatuetan eta eskoletan aldaketa eguna izan da. Sindikatuek ohartarazi dute arretaz aztertuko dutela ea ikasleak eta irakasleak segurtasunez itzultzen ari diren eskolara, eta hala ez bada mobilizazioak egingo dituztela nabarmendu dute.

 

Arrrigunagako hondartza, Bizkaian. ©Marisol Ramirez / FOKU

Paisaia aldatzen (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Hildakorik gabeko egun baten ondoren, berriz zenbatu dira hildakoak, baina gorabeherak daude Nafarroako datuekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna