Mertxe Eskuza Barandiaran. Euskaltzalea

«Oraingo gazteek ez dute sinesten euskara debekatuta egon zenik; gogorra da hori»

Frankismo garaian euskara etxean bizirik mantendu zuenetako bat izan zen Eskuza. Errepresio gogorra izan zela aitortu du, eta urteek aurrera egin arren garai hartako debekuak oraindik bere «barruan» segitzen duela azpimarratu du.

aitor biain
Laudio
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Altxor gisa gorde du euskara urte luzetan eta garai zailetan Mertxe Eskuzak (Laudio, Araba, 1941): etxean, ezkutuan eta isilpean. Amarengandik jaso zuen frankismoak debekatuta zeukan hizkuntza, baina euskal hiztuna ez zen aitaren ahaleginak ditu merezimendutzat: «Nire aitarengatik ez balitz, ez nuke gaur euskaraz jakingo, eta ez nuen zer kontaturik izango». Altxorra altxor da oraindik ere haren ahoan, debekuaren marra gorrietatik harago.

Gerraostean jaio zinen, frankismo garaian. Zer-nolako haurtzaroa izan zenuen?

Oroitzapen onak ditut, egia esateko. Zoriontsu izan ginen haurtzaroan. Etxean ez genuen behar berezirik izan, denetarik izan genuen. Lau urte gazteagoa den anaia bat daukat, eta ongi konpontzen ginen elkarrekin. Baserrian bizi ginen: Erkitza baserria da gurea; Laudiotik pare bat kilometrora dago. Pozik bizi ginen.

Garai hartan debekatuta zegoen euskara, baina zuk orduan ikasi zenuen. Nolatan?

Etxean ikasi nuen euskara. Amarengandik jaso nuen, batez ere. Ama Zeanurikoa zen, eta Laudiora etorri zen bizitzera gazte zelarik. Ongi hitz egiten zuen euskaraz, ez, ordea, gazteleraz; halabeharrez ikasi behar izan zuen hemen. Aita, berriz, Laudiokoa zen, eta ez zekien euskaraz, ulertu baino ez zuen egiten, eta ez askorik, egia esan. Hala eta guztiz ere, hark uste zuen anaia eta biok derrigorrean euskara ikasi behar genuela.

Zergatik zuen nahi hori aitak?

Gipuzkoarrekin eta bizkaitarrekin egiten zuen lan aitak, osabarekin batera. Denak ziren euskaldunak, aita eta osaba izan ezik. Txarto pasatu zuela esaten zuen, eta inoiz seme-alabarik izango balu nahi eta nahi ez euskaraz jakin beharko zutela azpimarratzen zuen. Esan eta egin: euskara ikasi genuen anaiak eta biok. Ahalegin handia egin zuen horretarako.

Zein ahalegini buruz ari zara?

Etxean euskaraz baino ezin nuenez hitz egin, aitak ulertzen ez zidanean ez zidan eskatzen gazteleraz esateko; ama etorri arte zain egoten zen hari galdetzeko. Elkar ezin ulertu asko izanagatik pozik zen hura guri euskaraz entzuteaz. Horrez gain, emakume bat izan genuen etxean; gau eta egun. Haren egitekoa euskaraz soilik hitz egitea zen. Anaiak ere izan zuen beste bat urte batzuk geroago. Kostu bat zen hori gurasoentzat.

Gogoan duzu nor zen emakume hura?

Bai. Isabel Barandiaran zuen izena, eta Orozkokoa (Bizkaia) zen. Jakin nuen gerora Argentinara joan zela. Esan zidaten haren izena jarri ziotela kale bati, baina ez dakit egia den; nik neuk ez dakit ezer horri buruz.

Etxean baino ez zenuten euskaraz hitz egiten. Ongi bereizia zenituzten esparruak, beraz.

Oso argi genuen esparru bakoitzean nola hitz egin behar genuen. Gaur ere oraindik bereizia ditut, pentsa: batzuekin euskaraz hitz egin dezaket, baina beste batzuekin, ez. Bereizketa hori sakona da oso; barruan daramat oraindik debekua.

Zaila izan zen bereizketa horri eustea?

Txikiak ginenean ez ginen egoeraz ohartzen. Baserri giroan bizi ginen, herrigunetik aldenduta. Nerabezaroan etorri ziren kezkak, eskolara joan ginenean. Ez genuen ulertzen zergatik bereizi behar genituen bi esparru horiek, eta zergatik hizkuntza bat erabili behar genuen toki bakoitzean. Esaiozu ume bati debekatuta dagoen zerbait ikasi behar duela eta ezkutuan mantendu behar duela jakintza hori; inork ezin duela jakin. Ea nork ulertzen duen hori.

Urteen joanarekin bereizketa hori ezabatu duzu?

Ez. Bereizketak argiak ziren, eta txikia ginenetik ikasi genuen esparru bakoitza desberdintzen. Hori aldatzea ezinezkoa egin zait.

Nolakoak ziren eskola garaiak. Zein oroitzapen dituzu?

Beste toki askotan gertatu moduan, Laudion ere oso gogorrak ziren eskolak; garaiari estuki lotuta zeuden: egunero ateratzen genuen falangearen bandera, egunero abesten genituen haren abestiak, falangearen liburua irakurtzen genuen...

Gardea auzoan zegoen eskola orduan. Oinez jaisten ginen bertara, zortziak inguruan, gainerako auzokideekin batera. Ongi gogoan dut nola adin desberdinetako haurrak elkarrekin egiten genuen eskolarako bidea. Tarte horretan nagusienak ginenok ariketak egiten laguntzen genien txikienei; etxera iristerako ariketak eginda eramaten zuten denek [barrezka]. Gaur egungo haurrek pena ematen didate.

Zergatik diozu hori?

Haiekin alderatuta, alaiago bizi ginen gu orduan. Gaur egungo haurrek egun guztia izaten dute planifikatua: toki batetik atera bezain pronto beste batera eramaten dituzte gurasoek, autoan sartuta beti: hemendik hara eta handik hona bizi dira, etenik gabe, eta beti autoan itxita. Gu askeago aritzen ginen kalean; garaiak aldatu dira.

Nolakoa da euskararen egoera Laudion?

Ez da euskara askorik entzuten; gutxi hitz egiten dela esango nuke.

Uste duzu urte zailak errazegi ahaztu direla?

Agian, bai; kontzientzia falta dago. Oraingo gazteek ez dute sinesten euskara debekatuta egon zenik urte askoan; gogorra da hori ahalegin berezi bat egin genuenontzat. Haiei euskaraz entzuten harro sentitzen naiz, baina haietako askok, edo gehienek, ez dute ezagutzen guk bizitakoa. Gainera, bada ulertzen ez dudan kontu bat: eskolan euskaraz egiten dute dena askok, baina handik kanpo, gazteleraz. Nolatan?

Inoiz jakin zuten irakasleek zuk euskaraz bazenekiela?

Ez, eta pentsatzen dut hil direla nik euskaraz nekiela jakin gabe; gainera, ziur nago hala izan dela.

Inoiz arazorik izan zenuen euskaraz hitz egiteagatik?

Ez, inoiz ez; ez dut gogoratzen bederen. Euskararen debekua oso gogorra zen hemen, oso zurrun jokatu zuten bertako herritar askok. Beti esaten dut debekua, batez ere, herritarrek ezarri zutela Laudion. Inguruko herriekin alderatuta, gerraostea gogorra izan zen hemen. Orozkon, esaterako, gehiago hitz egiten zuten euskaraz; guk baino aukera gehiago zuten horretarako. Hemen, ez genuen akatsik egiteko aukerarik izan; txintik ere ezin genuen esan: euskara etxean baino ezin zen erabili; hortik kanpo ez zen existitzen. Orozkora joaten ginenean, noiz edo noiz hitz egiten genuen, baina gutxi, eta mendian betiere.

Zerk egiten zuen debekua horren gogor?

Ez dakit zer zen, ez nuke jakingo esaten: giroa, jendea... Baserrietan mantendu zen bizirik euskara; herrian ezinezkoa izan zen.

Auzokideekin egiten zenuen euskaraz, beraz.

Zerbait bai, baina ez askorik. Auzoan ere gazteleraz hitz egiten zen gehienbat. Baziren Orozkotik etorritako batzuk, eta bazekiten euskaraz, baina gazteleraz mintzatzen ginen. Herrian ere baziren euskaraz zekiten bat edo beste, baina haiekin ere ez zegoen euskaraz aritzerik, frankistak baitziren.

Euskaraz idazten eta irakurtzen ez zenuen ikasi, ordea.

Tira, irakurtzen apur bat bai. Idatzi ez, ez dut euskaraz idazten, ez dakit, baina irakurri izan dut euskaraz. Aldizkariak edo egunkariak, batez ere, baina oso noizean behin. Gehiena ulertzeko gai naiz normalean. Dakidan euskarari eusteko ahalegina egiten dut horrela. Ez dut denborarik ez aukerarik izan nire euskara hobetzeko. Etxekoek ikas zezaten ahalegina egin dut, baina hori baino gehiagorako tarterik ez dut izan.

Zaila izan da gerora hizkuntzari eustea?

Zaila egin zait, bai. Orozkokoa dut senarra, eta harekin zerbait hitz egiten nuen, baina ez askorik. Gogoan dut harekin bizitako pasarte bat. Orozkon izan ginen egun batez, eta etxera itzultzean ez nuela hitzik egin esan zion senarrak gure aitari. Sekulako errieta egiten zidan aitak: «Nola ez duzula hitzik egin? Zertarako egin dugu horrelako ahalegina?», esan zidan. Nik zera erantzun nion: «Nik ulertu diet esan duten guztia, baina haiek ez dakite nik zer uste dudan». Ama eta anaia hil ostean, ez nuen ia norekin hitz egin. Gerora, semearekin hitz egiten nuen, eta, ondoren, ilobekin.

Zure semeak ere etxean jaso zuen euskara, zure bitartez, zuk jaso moduan.

Bai, hala da. Argi nuen hari ere euskara irakatsi behar niola, eta etxean jaso zuen hark euskara. Ez zen ikastolara joan, halere; Latiorroko ikastetxera joan zen hura, klaseak ele bitan eskaintzen hasi ziren aurreneko urtean. Harrituta geratu ziren asko haren euskararen mailaz, eta behin baino gehiagotan jolastokira bidaltzen zuten euskarako orduetan. Ez da harrokeria, baina etxean jasotakoarekin gai zen euskaraz ongi moldatzeko.

Iaz, Laudioko Euskal Jaiko ohorezko makila eman zizuten. Zer esanahi du omenaldi hark zuretzat?

Aitortzen dut: hasiera batean ez nuen joan nahi, ez nuen omenaldi hura jaso nahi. Etxean ez zidaten erabakia onartu. Ez nuela ezer jakin nahi esatean haserretu egin ziren. «Aitak entzuten badizu...», esan zidaten orduan; ez nuen omenaldia onartu beste aukerarik izan. Orain, baina, eskertzen dut. Egun polita izan zen, oso hunkigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.