Julian Larrea. Baserritarra

«Natura da munduan dagoen libururik onena, baina ez dakigu irakurtzen»

Larreak 91 urte beteko ditu azaroan, baina 20 urteko gazte bat bezala sentitzen da. Mendiaren magaletik, Barakaldoko baserritik, kezkati begiratzen dio etorkizunari.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Barakaldo
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Goizeko hamaikak dira: supermerkatura ostera egin du, indabak kozinatu ditu, eta ortuan eman du eguneko buelta. Elkarrizketa iristeko esperoan dago Julian Larrea (Trapagaran, Bizkaia, 1929), Barakaldoko Gorostiza auzoan duen baserrian. Milaka tresnako —3.000, gutxi gorabehera— bilduma du etxean, eta bertatik igaro dira herriko 10.000 ikasle baino gehiago, Larrearen jakinduria propioaz bustitzera. Aizkolaria, artisaua, nekazaria, ehiztaria, erlezaina, hezitzailea, artista, adjektibo horiek guztiek deskribatzen dute Larrea, baina batik bat bizitzaren maitalea da. Hainbat txapelketa irabazitakoa da aizkoran, eta joan den urtean, 90 urte zituela, errekorra bete zuen kana bateko enborra 57 minutuan moztuz. Bizitzaz, igarotakoaz, orainaz eta etorkizunaz, patxadaz hitz egin du.

Zein da 90 urtera iristeko sekretua?

Nork daki? Ni amuarrain bat baino gehiago busti naiz, idi bikote batek baino lan gehiago egin dut. Mendian egurra mozten, zangak egiten, bideak... Bizitza osoan egin dut lan. Begira zer esku ditudan. Honek erakusten du borrokatu dudan guztia.

Inoiz ez zaizu osasuna falta izan?

Oso aberatsa izan naiz osasunean, egia da. Galdetu ohi didate ea ez dudan katarrorik hartzen. Eta nik zertarako nahi ditut katarroak? Jaiki aurretik gimnastika egiten dut egunero, eta gero ura baraurik edaten dut. Ur beroa. Gero antzinako otordu zahar bat egiten dut: esne-zopak, azukrerik gabe. Beti zaindu izan naiz; urdaila beti ondo tratatu dut. Nire etxean, mahaian, ogia eta ardoa jartzen dira lehendabizi, eta kentzen dira azken.

Medikuarenera bisita gutxi egingo zenituen.

Oso gutxitan joan naiz medikuarenera. Ia inoiz ez. Kanpotik kolpe asko izan ditzaket, baina ez dut inoiz organorik kaltetua izan. Mediku batek ere ez dit sekula gomendatu zer jan edo nola entrenatu.

Pentsatu duzu inoiz hirian bizitzea?

Nahiago dut hemen ogiarekin bizi, hirian ogi eta txuletekin baino. Ez nuke asmatuko hiri handietan bizitzen. Pisu batean bizi direnak bertikalean bizi dira, eta ni horizontalean bizi naiz. Ez dakit hainbeste urte iraungo nukeen pisu batean bizitzen. Aldaketa handia izango zen.

Zer pentsatzen duzu goizetan esnatzean?

Zelako zoriontasuna ematen duen altxatu eta ibili ahal izateak.

Barakaldon bizi zara, baserri batean. Jende askok ez du sinetsiko. Ingurunearen bilakaera ikusiko zenuen.

Ingurua asko hondatzen ari da. Lehen, hau guztia oso landatarra zen: meatzeak, nekazaritza eta Errekatxoko gereziondoak, besteak beste. Inguru honek izan duen aldaketa izugarria da. Imajinaezina. Zerikusirik ez duten etxe blokeak egin eta egin ari dira. Uste dut esentzia pixka bat gehiago gorde behar litzatekeela. Gogoan dut trontzalari txapelketa bat lehen aldiz irabazi nuenean, Gernika-Lumon [Bizkaia], kazetari batek galdetu zidala ea Barakaldon burdinarekin entrenatzen ginen. Egun batean hau guztia erakutsi nion eta ikaratuta geratu zen. Gaur egun BEC dena, lehen baserriak ziren, eta behiak eta astoak zeuden batetik bestera.

Argi dago zure habitata mendia dela.

30 urte bete arte mendian bizi izan nintzen, eta lan gogorrak izan nituen. Halako batean, nazkatu egin nintzen egun osoa bustita egoteaz, eta erabaki nuen enpresa batean babestea. Han egon nintzen erretiroa hartu arte.

Eta erretiroa hartzean?

Txikitan neraman ildo beretik jarraitu nuen. Ez nion utzi gauzak egiteari. Batek edo bestek esango du ez naizela oso bizkorra izango hainbeste lan egiteagatik.

Nondik datorkizu mendiarekiko harremana?

Espainiako gerran 12 urte nituen, eta Gorbeian babestu nintzen. Arabako aldean egon nintzen. 17 urte bete arte egon nintzen han, guztira bost urte etxera itzuli gabe. Mendian lan egiten nuen abereekin, egurra arrastatzen, idiekin lan egiten nuen; hau da, nekazaritzako herri bateko bizimodua neraman.

Nola gogoratzen duzu Espainiako gerra?

Espainiako gerra, gu bezalako gazte jendearentzat, zentzu batean, ia entretenimendu bat zen. Baina garai zaila izan zen; ez zegoen janaririk. Hegazkinak etengabe etortzen ziren; bonbardatzen zutenean, Zugaztietako mineral erregistroetara joan behar izaten genuen. Han ezkutatzen ginen. Mendian egiten genuen lo, haitzuloetan. Gerrek ez dute inoiz gauza onik ekartzen.

Beldurra pasatu zenuen?

Neska-mutilok agian ez, baina adineko jendeak gaizki pasatu zuen. Gogoan dut nire gurasoak sufritzen ikustea. Umeentzat bazkaria jarri beharra zuten.

Zein zen etxeko giroa?

Oso haurtzaro ona izan dut. Ezin naiz asko kexatu, baina oso denbora gutxi izan dut jokatzeko. Oso baikorra izan naiz beti, eta asko gustatu zait txikitatik lan egitea. Familian denok plater bat bakarrik jaten genuen. Gaur egungo gizartean ez dago horrelakorik. Ez dakit hobea edo okerragoa den, baina oso desberdina da.

Eskolara joaten zinen?

Gerra lehertu zenean, 7 urte nituen eta lau egun neramatzan eskolan. Herri txikietan 7 urtera arte ez ginen joaten. Horregatik, oso gutxi joan naiz eskolara, baina asko gustatu zait neure kasa ikastea. 10 urte izan arte ez nuen asko irakurri, eta azken hamar urteotan 70 urtetan baino gehiago irakurri dut.

Irakurtzea gogoko duzu?

Asko, baita komiki bat bada ere. Irakurtzeak asko asetzen zaitu: beti daude ezagutzen ez dituzun gauzak, eta liburuek erakutsi egiten dituzte. Baina ez dago natura baino liburu hoberik. Natura da munduan dagoen libururik onena, baina ez dakigu irakurtzen. Nik badakit. Mendian nabilenean, dena irakurtzen dut: harriak, uraren zarata, zuhaitzen forma, hostoak. Baina jendeak ez du natura irakurtzen. Boligraforik gabe eta ezer gabe, naturak berak bakarrik idazten du. Mendira joatean ez da ogitartekoa jan behar.

Gaur egungo gizartea oso bestelakoa dela diozu.

Gaur egun, kalean joatean hamar lagunekin topo eginez gero, bakar batek hitz egiten dizu. Eta ez dizu esaten euria egingo duen, eguraldi txarra edo ona. Gizartea asko galdu da. Sakelako telefonoekin, askoz okerrago. Ganaduak, adibidez, beti lerro jarraitzen du; oiloak egunsentian altxatzen dira, eta lotara joaten dira ilunabarrean. Gizakia, aldiz, alderantziz da. Beti gaude gauzetan sartuta. Animaliek guk daukagun adimena izango balute, jan egingo gintuzkete. Astoak, adibidez, jaio eta sei minutura jaiki egiten dira, eta hogeira amaren titiaren bila hasten dira. Adimen ikaragarria dute. Animaliek adibide bat ematen digute, zerbait serioa, eta ez dugu baloratzen.

Mineralei, erleei…. buruz dakizu. Non ikasi duzu dakizun guztia?

Eskolara jarraian bi urtez joan naizela esan dezaket, baina beti gustatu izan zait gai guztietan heztea.

3.000 pieza baino gehiago dituzu etxean. Horietako asko orain ez dira erabiltzen. Nola aldatu den dena.

Azkarregi aldatu da bizitza; sekulako abiaduran bizi gara, eta laster etorriko dira odolkiak ordainetan. Harrapatzen ez genuen zaku batean sartu gara, eta hori txarra da. Erraza da eskatzearena, eta zaila ematearena.

Non lortu dituzu pieza horiek guztiak?

Azokara joatea asko gustatzen zitzaidan. Asko joaten nintzen Bilbora. Gaur egun, ez naiz joaten, gauza horiek balioa galdu dutelako. Gazteei ez zaizkie interesatzen.

Jakin-minak inguratu zaitu beti. Agian hori falta da egun?

Baliteke, eta pena da. Askotan esan ohi dut bakarrik bazoaz arinago ibiliko zarela, baina talde on batekin urrunago iritsiko zarela. Alferkeria eta sofa baino gauza okerragorik ez dago. Kontseilari txarrak dira. Sofa pozgarria da, baina ariketa egin ondoren.

90 urterekin errekorra hautsi ahal izateko, nork osatu du zure taldea?

Ingurukoen gaineko errespetua eta heziketa izan behar dira. Are gehiago, kirol higienea izan behar da: entrenatzen jakin, aholkatzen dutenak eta ikusiko zaituztenak errespetatzen jakin. Komulgatzera joanez gero, ondo konfesatuta joan behar da, bestela ez du ezertarako balio.

Noiz hasi zinen aizkoran?

Aizkorarekin mozten beste batzuek uzten zutenean hasi nintzen: 45 urterekin. Asko entrenatu behar dugu eta zertan ari garen jakin. Bidea ondo ezagutzen bada, errazagoa izango da; ezagutzen ez baduzu, beti aurkituko duzu zailtasunen bat.

Hemendik Barakaldoko 10.000 ikasle baino gehiago igaro dira. Zer esaten dute zu ikustean?

Oso pasiboak dira. Telefonoa eskuan dute beti. Nik ez daukat sakelako telefonorik, eta laster kenduko dut finkoa. Ez nago gauza modernoen aurka, ematen zaien erabileraren aurka baizik.

Zer plan dituzu etorkizunerako?

Badakizu ez dagoela etorkizunik? Etorkizun eta harrotasun hitzak ez zaizkit gustatzen. Egunez egun bizi behar da; gaur ondo egiten baduzu, bihar hobeto. Inork ez daki bihar bizirik egongo den. Bizitza kate bat da: katebegi bat apurtzen bada, soka batekin lotu eta aurrera jarraitu beharra dago.

Nola eraman duzu konfinamendua?

Oso ondo. Hemen eseri, eta ez diot lana egiteari utzi.

Egia esan, ez duzu aspertzeko lekurik.

Ni ez naiz aspertzen. Pena ematen dit aspertzeak. Erosotasuna ez da ona.

Zoriontsu zara?

Bai, baina agian orain inoiz baino okerrago bizi naiz. Oso lotuta nago, eta askatasun handiagoa izan beharko nuke. Baina hau egokitu zait eta ez dut ezerengatik aldatzen. Zoriontsu izan naiz, eskolara oso gutxi joan arren asko lortu dudalako. Hogei txapel irabazteak ere zoriontasunean laguntzen du.

Nor da Julian Larrea?

Ni beste edozein bezalakoa naiz. Gizon aktiboa, baserritarra, landa eremua asko gustatu zaion langilea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.