Albistea entzun

Kurdistan

«Garapen kulturala askatasunaren eremuaren araberakoa da»

Siriako Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoko ordezkaritza bat Euskal Herrian da, Durangoko Suargi gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta. Kobaneko liburutegiari buruzko 'Hala ere' liburua eta dokumentala aurkeztera eta harremanak sendotzera etorri dira.

<b>Kurdistan.</b> Rawda Hasan, Nariman Evdike, Manal Mohammad, Durangon.
Kurdistan. Rawda Hasan, Nariman Evdike, Manal Mohammad, Durangon. E. PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Orsola Casagrande -

2021eko abenduak 2

Ilusio handia egiten digu hemen egoteak. Irakurri dugunagatik ezagutzen dugu Euskal Herria. Liluratu egiten gaitu hemengo kulturak eta zaharrenetariko bat den bertako hizkuntzaren historiak. Ezaugarri komun asko ditugu Euskal Herriarekin, baita gure hizkuntzaren aurkako zapalkuntza ere. Horregatik, etxean bezala sentitu gara iritsi garen unetik bertatik. Berehala antzematen da sufrimenduaren eta erresistentziaren arteko erkidetasuna, baita hizkuntza bera hitz egin gabe ere. Mila hitzek baino esanahi handiagoa dute irribarre batek edo gurutzatzen diren begiradek». Siriako Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoko Jazira eskualdeko Kultura ministroa da Rawda Hasan. Administrazio Autonomotik Euskal Herrira iritsi diren hiru emakumeetako bat da. Bi astez egongo dira hemen, agenda oso estu batekin.

Hasanekin batera, Durangoko Suargi gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta daude Nariman Evdike idazlea, Rojavako Idazle eta Intelektualen Batasuneko eta Literatur Kontseiluko presidenteordea, eta Manal Mohammad, Kongreya Star Rojavako emakumeen mugimenduko diplomazia batzordeko kidea. Herenegun Durangoko Udalak harrera ekitaldi hunkigarria egin zion ordezkaritzari. Ima Garrastatxu alkateak esan zuen Durangoko Udalak aitortza egin nahi ziela azken urteetan sortutako instituzio kurduei, batez ere gobernu autonomoari, eta orain arte bezala laguntza eskaintzen jarraituko dutela.

Udalaren aitortza, Kataluniako Parlamentuarenaren ostean heldu da; oso garrantzitsua hura ere, Rawda Hasan Kultura ministroaren esanetan: «Administrazio Autonomoak hartutako ereduak beldurra eta ezinegona eragiten du herrialde zapaltzaileengan; horiek ahaleginak egiten dituzte modu anitzetan eredu hori zapuztu eta borrokatzeko, soilik militarra ez den gerra batekin, eta gure kontrolpean dauden eremu seguruak okupatuz, ez direnean gure hizkuntza eta kultura suntsitzen ahalegintzen».

Kultura eta hizkuntza

Kolektiboaren memoria historikoa eta kulturala bertan behera uzteko ahalegin horri aurre egiteko, Administrazio Autonomoak sorreratik bultzatzen duen ereduaren zutabe gisa aldarrikatu ditu kultura eta hezkuntza, nahiz eta gerran eta EI Estatu Islamikoaren eta Turkiaren mehatxupean egon 2014tik. «Kudeaketa arrakastatsu baten oinarrizko zutabetzat dugu kultura. Nazio demokratikoaren oinarrian daude administrazioak kudeatzen dituen kide guztien parte hartzea, haien kulturak onartzea eta kide bakoitzarentzako rol berezia garatzea. Hurrenez hurren agintean egon diren gobernuek ukatutako kulturak berpiztea da helburua, eskualde honetako kultur eta hizkuntza ondasuna ordezkatuko duen batasun batean. Mesopotamiako eskualdea ezaguna izan zen bertako herrien aniztasunagatik eta milaka urtez elkarrekin modu baketsuan bizitzen jakin zutelako. Elkarbizitza hori elkarrenganako eraginean ere oinarritzen da. Kultura Ministerioak urtero egiten ditu ekitaldi eta jaialdiak nazio horientzat guztientzat, eta Hezkuntza Ministerioak ikasketa egitarauak antolatzen ditu hiru hizkuntza nagusietan: arabieraz, kurdueraz eta asirieraz»,dio Hasanek.

Eredu hori sustatzeko, Administrazio Autonomoa bultzatzen ari den alorretako bat da literatura. Nariman (Evdike) Mohammad idazleak azalduko du Durangoko Azokan hilaren 6an, nola artikulatzen eta garatzen den berak ordezkatzen duen Literatura Kontseiluaren lana eta Idazle eta Intelektualen Batasunarena, baita urteotan egindako lana deskribatzen duen euskarazko liburu baten bitartez ere. «Kulturaren garapena orokorrean, eta literaturarena bereziki, oso gertuki lotuta dago askatasunerako ematen den tartearekin. Eta hori bereziki horrela da herri kurduarentzat, kontuan izaten badugu hizkuntza kurdua, eta beraz, literatura kurdua, debekatuta egon zela urte askoan. Rojavan mugimendu iraultzailearekin hasi zen literatura kurduaren garapenerako jauzi kualitatiboa, 2012a eta gero. Garapen hori ikus daiteke literatur ekitaldietan, jaialdietan eta parte hartzen duten instituzio anitzek urtero antolatzen dituzten lehiaketetan. Baita argitaletxe berrien sorreran eta urtero argitaratzen diren liburu kopuruaren handitzean ere, eta bulego publiko eta pribatuen zabaltzean».

Galderari erantzundakoan Evdikek gogora ekarri du, 2018an, bere familiaren etxean, Serekaniyen, gertatutakoa. «[Siriako presidente Baxar] Al-Assaden erregimenaren Polizia etortzen zenean, nire aitak liburuz betetako maleta bat ematen zidan, eta etxeko putzuaren barruan ezkutatuarazten ninduen. Ni haur bat nintzen, eta putzuan geratzen nintzen hainbat orduz; beldur handia nuen, baina banekien nire aitarentzat sozialismoaren historia jasotzen zuten liburu haiek, Cheren liburuak, eleberriak... zirela ziurrenik bere ondasun maiteena»,kontatu du.

Idazlearen etxea erre egin zuten Turkiaren soldatapeko mertzenarioek, Serekaniyeren inbasioan, 2019ko urrian. Artistez beteriko etxe bat zen. Iraultzarekin ezarritako kultur instituzioekin lotuta dago Evdike familia osoa, modu batera edo bestera: bere bi anaiak zinema zuzendariak dira; ahizpa gaztea ere zine zuzendaria da, eta, gainera, Rojavako Zine Komunaren sortzaile eta zuzendaria; eta bere koinata abeslari liriko ezagun bat da.

«Beti maite izan ditut asko liburuak, baina gure gizartean, Ekialde Hurbilean, idazkuntza gizonen menpeko alorra zen erabat, eta gutxi ziren idazten zuten emakumeak. Idazten zuen emakumea kritika eta irain askoren biktima zen, eta kasu askotan haren luma isilaraztea lortu zuten. Ni ere baldintza horietan bizi izan nintzen, baina Iraultzak lortu zuen Rojavak ausartago jokatzea emakumeen liburuak argitaratzeko garaian, barruan zuten beldurra gainditzen laguntzeko, eta haien eta irakurleen arteko hesiak apurtzeko»,azaldu du.

Evdikerentzat garrantzitsua da ez soilik emakumeen parte hartzea sustatzea, baita gazteena ere. «Kultur erakunde eta instituzioen ahalegin bateratua behar duen gai bat da gazteen artean bereziki literatura kurdua eta hezkuntza sustatzea. Rojavan, gaur egun, badaude urtero gazteentzako ekitaldi eta jaialdiak, eta horien egitarauetan literatur ekitaldiak eta lehiaketak egon ohi dira. Instituzio bakoitzak bere aldetik antolatzen ditu gazteentzako literatur ekitaldiak. Instituzio kultural independente batzuk ere hasi dira motibaziorako ekintzak antolatzen, besteak beste, poesia eta ipuin lehiaketak, gazteak bultzatu eta haien artean literatura kurdua zabaltzeko helburuarekin».

Emakumeen parte hartzeaz galdetuta, Manal Mohammadek gogora ekarri du Kongreya Starrek egindako lan izugarria. «Iraultzarekin lortu dugu emakumeek arlo guztietan parte hartzea, militarrean, administratiboan, eta politikoan. Orain beste fase batean gaude, eta da gizonen pentsatzeko modua aldatu eta gizarte berri bat eraikitzeko fasean, gizarte demokratikoago bat lortzeko helburuarekin. Hori egiteko sustatzen ari gara emakumeei bereziki zuzendutako sistema bat instituzio eta departamentu guztietan, eta emakumeak dira erabakiak beren kabuz hartzen dituztenak».

Sistema hori oso artikulatua dago, eta, Mohammadek laburbiltzen duen moduan, «emakumeen sentsibilizazioaren, formazioaren eta ahalduntzearen bitartez»garatzen da, emakumeen eskubideak babesteko. Kongreya Starrek bilatzen du gizartearen pentsatzeko modu estereotipatua aldatzea, baita gizonak heztea ere, gizartean oraindik nagusi den mentalitate autoritarioa alde batera utz dezaten. «Emakumeentzako justizia sistema bat lortu nahi dugu, adiskidetze batzordeen bitartez, emakumeek izan duten rola aitortuz, eta emakumez osatutako justizia kontseiluen bitartez. Bermatu nahi ditugu emakumeen eskubideak eta haien aurkako bazterketa eta indarkeria mota guztiak amaitu. Eta, noski, emakumeek alor guztietan parte hartzea nahi dugu, batez ere politikagintzan eta erabakiak hartzen diren guneetan. Hori guztia emakumeentzako lan aukerak eta haien independentzia ekonomikoa bermatuko dituen gizarte kooperatibo bat eraikitzeko konpromisoarekin batera».

Harremanak sendotuz

Emakumeak hainbat ordezkarirekin bilduko dira Euskal Herrian igaroko dituzten bi asteotan. «Harremanak sendotu nahi ditugu, baina baita Turkiako Estatuaren bortxaketak salatu ere, eta horiei aurre egiteko laguntza aukerak aztertu. Aldi berean, Administrazio Autonomoa garatzen ari den proiektuentzako babesa bilatzen dugu»,azaldu du Mohammedek.

Asko dira emakumeen parte hartzea bilatzen duten proiektu kulturalak. Hasan ministroak nabarmendu du oso garrantzitsua dela Euskal Herriarekiko elkarlana: «Adibidez, duela lau urte hasi ginen Durangoko Udalaren laguntza jasotzen, eta badira garatu ahal ditugun proiektu berriak». Kultura ministroak balizko elkarlan batzuk ere aipatu ditu: «Laugarren unibertsitatea zabaldu berri dugu Raqqan, Estatu Islamikoaren kalifa herriko hiriburu izan zen hirian, eta guretzat oso garrantzitsua da beste unibertsitate batzuekin komunikazio bideak zabaltzea. Aldi berean, Administrazio Autonomoa ondasuna eta kultura berpizten aritu da, historia eta arkeologiaren eremua sentsibilizatzen».

Abenduaren 6an ordezkaritzak Hala ere dokumentala aurkeztuko du Durangoko Azokan —Kobaneko liburutegiaren berreraikitze lanei buruzkoa—, eta izen bereko liburua, biak ala biak BERRIArekin elkarlanean eginak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Emakume bat bozkatzen, gaur, Zaporizhiako ospitale batean ©EFE

%97k Errusiako Federazioarekin bat egitearen alde bozkatu dute, lehen emaitzen arabera

Igor Susaeta

Donetsk, Luhansk, Zaporizhia eta Kherson Ukrainan Errusiak partzialki okupatutako eremuetan egin dituzte galdeketak. Ukrainak jakinarazi du traizioa egotziko dietela bozketetan «moduren batean» parte hartu duten ukrainarrei.

Pere Aragones Kataluniako presidentea, gaur, politika orokorreko eztabaidan ©Quique Garcia, EFE

Erreferendum bat noiz eta nola egin zehazteko argitasun akordio bat proposatu du Aragonesek

Gorka Berasategi Otamendi

Akordioa lortzeko eztabaida hastera deitu ditu alderdiak eta gizartea bera, eta ezinbestekotzat jo du eremu sozial guztien ekarpenak jasotzea. Nabarmendu du Katalunian badela autodeterminazioaren aldeko gehiengo zabal bat.

Pertsona batzuk hauteskundeetako emaitzak ikusten, atzo, FdI Italiako Anaiak alderdiaren egoitzan. ©ETTORE FERRARI / EFE

Europako eskuin muturrak beso zabalik hartu du neofaxisten garaipena

Julen Otaegi Leonet

Le Penek ultrak zoriondu ditu, «EB antidemokratiko eta harroputz baten mehatxuei aurre egiteagatik». Orbanentzat, «merezitako garaipena» da». Frantziak «erne» egotera deitu du
Kolonbiako eta Venezuelako herritarrak muga zeharkatzen, Francisco de Paula Santander zubitik, atzo. ©RAYNER PEÑA R. / EFE

Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko muga ireki dute, zazpi urteren ondoren

Maddi Iztueta Olano

Lurreko eta aireko merkataritza trukeetarako erabili ahal izango da. Bi herrialdeak harreman diplomatikoak berreskuratzeko bidean daude

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.