Enpresa digitalak. Datuen babesa

Facebook jomugan, erabiltzaileen informazioa ez babesteagatik

Enpresa batek 50 milioi pertsonaren datuak bildu zituen AEBetako bozen emaitza baldintzatzeko
Mark Zuckerberg Facebookeko burua gaur da azalpenak ematekoa.
Mark Zuckerberg Facebookeko burua gaur da azalpenak ematekoa. ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko martxoak 22
AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako erakundeek azalpenak eskatuko dizkiote Mark Zuckerberg Facebookeko buruari, jakin ostean sare sozial horretako 50 milioi erabiltzaileren datuak enpresa bati eman zizkiotela haien baimenik gabe. Lurrikara politikoa sortu du sare sozial ezagunarekin loturiko azken polemikak, erabilitako datuek AEBetako 2016ko presidentetzarako bozen emaitza baldintzatzea baitzuten helburu. Gerora zabaldu da enpresak harremana izan zuela brexit-aren aldeko talde batekin, eta horrek zalantzak sortu ditu enpresak eraginik izan ote zuen Europako Batasunetik ateratzeko erreferendumean ere.

The New York Times eta The Guardian egunkarien ikerketa batek eman du argitara Facebooken azken polemika: baimenik gabe, Cambridge Analytica enpresak sare sozialaren 50 milioi erabiltzaileren datuak bildu zituen, Donald Trumpen garaipena ziurtatzeko. Christopher Wylie enpresako langile ohiaren testigantzaren eta hark emandako hainbat dokumenturen bidez izan dute bi hedabideek errealitate horren berri.

Sei egunen ostean mintzatu zen Mark Zuckerberg enpresako burua, atzo; «akatsak» aitortu zituen, eta jakinarazi zuen ikerketa bat abiatu dutela. Gaur da azalpen zehatzagoak ematekoa, baina AEBetan eta Europan kezka handia sortu du gertaturikoak, eta Erresuma Batuko Komunen Ganberak —astearterako— eta Europako Parlamentuak bakoitzak bere ganberan azalpenak emateko gonbita egin diote Facebookeko buruari. Oraingoz, prentsa ohar baten bidez, enpresak adierazi du «engainatu» egin zuela Cambridge Analyticak.

Facebookek 2015ean jakin zuen erabiltzaileen datuak enpresa horren esku zeudela, eta azalpenak eskatu zizkion hari. «Esan ziguten datuak suntsitu egin zituztela», argudiatu zuen atzo Facebookeko presidenteorde Paul Grewalek. Ordea, gerora jakin da datuak erabili egin zituztela 2016ko bozetan.

Koganen rola

2014an sortu zen Cambridge Analytica, eta handik gutxira eskatu zion Cambridgeko Unibertsitateko ikerlari Aleksandr Kogani aplikazio bat sortzeko. Koganek baiezkoa eman zien, eta, This is Your Digital Life (Hau da zure bizitza digitala) aplikazioaren bidez, galdeketa bat betetzea proposatu zieten hautesle zerrendetan egon eta Facebookeko erabiltzaile direnei; horren truke, diru pixka bat jaso zuten. 270.000 pertsona inguruk deskargatu zuten aplikazioa.

Ofizialki, helburua zen boto emaileek hauteskundeetan dituzten joerak eta ohiturak aztertzea, betiere unibertsitateko ikerketa baten ikuspuntutik, baina enpresak aplikazioa baliatu zuen galdeketan parte hartu zuten erabiltzaileen lagunen informazioa biltzeko. Kopurua argigarria da: 270.000 pertsonak baietza eman zioten beren informazio pertsonala emateari, baina Cambridge Analyticak denera 50 milioi erabiltzaileren datuak bereganatu zituen.

Datu base hori erabiltzaileek Facebooken argitaratutako iritziekin batu ostean, koktel baliotsua osatzea lortu zuen enpresak, eta erabiltzaileen profil psikologiko eta politiko zehatzak osatu. Informazio horrekin, enpresak bazekien zein erabiltzailerengan izan zezakeen eragina, publizitatearen bidez bere botoa bideratzeko Trumpen hautagaitzaren alde. Hain justu, enpresan lan egin zuen Steve Bannon Trumpen kanpainarako estrategiaburu ohiak, eta Robert Mercer enpresariak, AEBetako Alderdi Errepublikanoaren diru emaile nagusietako batek, Cambridge Analytica finantzatu zuen 12,2 milioi eurorekin.

Oraingoz, Alexander Nix enpresako burua behin-behinean kendu dute kargutik, gertatutakoa argitu arte. Aplikazioaren egileak, berriz, salatu du Facebooken eta Cambridge Analyticaren «pagaburu» bilakatu dela egunotan, eta, aitortu duen arren erabiltzaileen datuak bildu zituela eta enpresari eman zizkiola, adierazi du hori egin zuela Cambridge Analyticak ziurtatu ziolako «dena legezkoa» zela. «Uste genuen guztiz normala zela egiten ari ginena», adierazi zuen atzo BBC4 irratian. AEBetako Merkataritza Batzorde Federalak hasia du ikerketa bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna