Koronabirusa

Kritiko, zahartu gabe ere

Emana dute osasun agintariek abisua: zahardadera heldu gabeko eriengan ere erakuts dezake gaitzak aparteko oldarkortasuna. Gaixoen soslaiak gaztetzera egin du ZIUetan; «ageriko» aldaketa sumatu dute ZIUetan lanean dihardutenek.

Paziente bat, ZIUan, osasuneko profesional bat hura artatzen ari dela. ANDONI LUBAKI / FOKU.
arantxa iraola
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Administrazioek COVID-19aren izurriari jarraipena egiteko ematen dituzten datuetan, tokia izaten dute ospitaleratzeek eta ZIU zainketa intentsiboetako unitateetanarreta behar izaten duten pazienteei buruzko datuek; izan ere, kasurik larrienak, fase kritikoetan, usu eraman behar izaten dituzte unitate horietara, eta horiek ez gainezka egitea da osasun sistemaren kezka nagusietariko bat. Kasuen bigarren oldarraldi honetan erruz hitz egin da kutsatuen soslai aldaketaz; gazteagoak dira orain, eta gaitzaz lehenagotik jabetzeko era izan dute. Soslai aldaketa horrek ZIUetara heltzen diren pazienteetan izan duen eraginari buruzko daturik ez da ageri administrazioek gaitzaz zabaltzen dituzten txostenetan, baina ohartarazpena egina dute osasun agintariek; duela egun batzuk hedabideen aurrean egindako agerraldietako batean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak azaldu zuen ZIUetan zeuden pazienteen erdiek 40-60 urte artean zituztela. Gaitza zaharrenei bakarrik oldartzen zaiela iritzita, adin tarte horietako pertsona askobirusarenaurrean «kalteberatasunik gabe» sentitu izan direla adierazi zuen, etaarriskutsua dela ikuskera hori. Donostia ospitalean medikua da Felix Zubia, eta onartu du orain martxo-apirilean baino paziente gutxiago dituzten arren aldaketa agerikoa dela. «Orain jende gazteagoa ikusten ari gara ZIUetan; hemen ikusi dugun gazteenak 30 urteak pasatu berriak ditu. 60 urteen bitartean paziente asko ditugu».

COVID-19aren inguruan beti nabarmendu da adinaren aldagaia, eta horren atzean funtsezko argudio bat dagoela onartu du Zubiak. «Orokorrean, jende gazteak hobeto darama gaixotasuna, eta, adinean gora egin ahala, okerragoa da». Paziente bakoitzaren pronostikoa zein izan daitekeen iragartzeko aldagai gehiago ere badira, ordea: gaitzak sortzen dituen errealitateak konplexuegiak dira adinaren aldagaiarekin bakarrik esplikatzeko. Lehendik paziente bakoitzak izan ditzakeen patologiei edo osasun ezaugarriei erreparatu behar zaie, adibidez: «Ikusi izan dugu, adibidez, gaixotasun kardiobaskularrak dituztenen bilakaera okerragoa izaten dela, edo bestelako gaixotasun kronikoak ere kontuan hartu behar dira: diabetesa, hipertentsioa... Askotanez dira gaixotasun larriak, baina eragina dute gaitzaren bilakaeran. Gizentasunarekin ere lotuta dago. Horiek badakizkigu, eta gero egon behar du nolabaiteko aldagai genetikoren batek ere: norbanakoarena».

Gero eta ezagunagoa

Gaitzaren eboluzioa zein izango ote zen begira, erdi itsuan aritu ziren lehenbiziko olatuan. Ezagunagoa dute orain. Ikusi dute, esaterako, eritasunak hasieran espero izatekoak ez ziren arazoak eragiten dituela zenbaitetan:zangoetako tronbosiak, adibidez. «Eta biriketan enbolia egiteko arriskua dute: hori ere ikusi dugu». Halako arazoak gehitzen direnean, zenbait kasutan ZIUetako egonaldiak asko luzatzen zaizkie pazienteei. Batez beste hamalau egunekoak izaten direla esan du Zubiak, baina aldagai asko daudela paziente bakoitzaren bilakaeraren atzean.

Eta, alde horretatik, COVID-19ak badu gainerako gaixotasunetatik «bestelakoa» egiten duen ezaugarri bat. «Zuk normalean pneumonia bakteriano bat baduzu, egun gutxian asko okertzen da zure egoera», esplikatu du Zubiak. Koronabirus honekin, ordea, aparteko larritasuna erakusten duten sintomak gaitzaren zazpigarren-hamargarren egunean agertzen zaizkie gaixo askori. «Gaiztoagoa egiten du horrek», ohartarazi du medikuak. «Eta ikusi da birusak eragindako erantzun bat bainoago, immunitateak egindako erantzun bat dela hori. Oraindik teoria bat da, baina badirudi zenbaiten kasuan erantzun immunologiko desegoki batek sortuko lukeela egoeraren okertze hori. Aurreko aldian ikusi genuen, eta orain ere antzeko egoerak ikusten ari gara». ZIUko egonaldiak luzatu ahala, egonaldi horiek dituzten nahi gabeko ondorioak ere areagotu egiten dira. «Bigarren infekzioak izateko arriskua, ahultasuna, eta ondorio psikologikoak ere bai; zenbat eta luzeagoa den, orduan eta okerragoa da».

Erabil ditzaketen botikei dagokienez ere, erruz ikasi dute. «Orain gaixotasuna ezagutzen dugu, eta badakigu, esaterako, botika askok ez dutela funtzionatzen, edo nahi gabeko ondorioak dituztela eta albo batera utzi behar direla. Aldiz, adibidez, kortikoideen inguruan hasieran esaten zuten ez zirela egokiak: Txinatik-eta heltzen ziren lehen informazioek hala zioten; baina orain ikusi da onuragarriak direla: mutur batetik bestera pasatu gara. Ikasidugu, era berean, eritasun tronbotikoak ez izateko tratamendua jarri behar zaiela pazienteei. Arnasgailuei dagokienez ere, orain gehiago dakigu horien erabileraz».

Kezka

Asteon ospitalean guardia izan duen egunotako batean eman ditu azalpenok Zubiak, inguruan duten lan zama geroz eta handiagoarekin «kezkatuta», eta izurriak asteotan hartu duen itxurarekin haserre, minduta: «Iruditzen zait gizarte moduan itxura negargarria eman dugula. Oso transmisio gutxi genuen, eta nola iritsi gara hona? Erantzukizun falta ikaragarria iruditzen zait. Ematen du denak umetu egin garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.