Carlos Fonseca. Idazlea

«Gonzalezen auziaz dakiguna osatu gabe dago oraindik»

Fonsecak uste du bere garaian Yolanda Gonzalezen hilketa argitzeko «egin zitekeen guztia» ez zela egin, eta kasuan inplikatuta egon ziren guztiak ez zituztela zigortu.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Yolanda Gonzalezen kasua gertutik ezagutu zuen Carlos Fonseca idazleak (Madril, Espainia, 1959), eta zalantzarik ez du gazte deustuarrari gertatutakoaren parekorik ez zela egon. Hala islatu du No te olvides de mí (Ez zaitez nirekin ahaztu) Gonzalezen bahiketari eta hilketari buruz idatzi duen saiakera berrian.

Zergatik Yolanda Gonzalezen hilketari buruzko liburu bat?

Gustuko dut historia garaikideko gaiak jorratzea pertsona arrunten eta anonimoen istorioetatik abiatuta. Nik gertutik bizi izan nuen Yolandaren kasua. 20 urte nituen, eta unibertsitatean ikasten ari nintzen. Ongi oroitzen dut trantsizioaren garai hura, zenbat biktima egon ziren, zenbat hildako manifestazioetan polizien tiroengatik, zenbat hildako eskuin muturreko taldeen eskutik... Uste dut Yolandaren kasuak balio duela trantsizioari buruz hitz egiteko, bai eta oraindik garai hartan nahiko ahulduta zeuden askatasunak sendotzeko asmoz kalera atera zen belaunaldi gazte bati buruzko argazkia ateratzeko ere.

Yolanda Gonzalezen hilketa trantsizioko krimenik basatiena izan zela diozu. Zergatik?

Hala izan zen. Garai hartan poliziek eta eskuin muturreko taldeek pertsona asko hil zituzten bai manifestazioetan, bai manifestazioen ostean. Baina Yolanda Gonzalezen kasua berezia izan zen, hil baino lehen zelatatua izan zelako, bere etxean bahitua izan zelako, hirigunetik kanpo eraman zutelako eta odol hotz guztiarekin buruan lau tiro emanda hil zutelako. Hilketa hark falangistek egiten ohi zituzten paseoen antza handia izan zuen. Yolanda Gonzalezen kasua bezalakorik ez zen egon garai hartan, ez zen parekorik egon.

Biktima asko izan ziren orduan, baina gehienak ahaztuta daude, bigarren mailakoak izango balira bezala. Horixe salatzen duzu liburuan.

Trantsizioari buruzko ideia oso idilikoa saldu digute, akordioen eta adostasunen garai baten moduan marraztu digute, eta ez zen horrela izan. Ez ditut nik akordio horiek gutxietsiko, baina trantsizioa, argiak ez ezik, itzal asko dituen garaia ere bada. Eta itzal horietako bat da garai hartan eskuin muturreko taldeek, estatuko segurtasun indarrek eta ETAk berak eragindako biolentzia handia. Trantsizioari buruzko alde ona baino ez digute saldu, baina kontatu digutenak ez du zerikusirik errealitatearekin, trantsizioa oso garai gatazkatsua izan zelako.

Dokumentazio lan handia egin duzu liburuan, solte zeuden zatiekin puzzle bat osatuta. Zer dakigu Yolanda Gonzalezen kasuari buruz?

Yolanda Gonzalezen kasuari buruz dakiguna osatu gabe dago oraindik. Nire asmoa ez da izan duela 39 urteko hilketa bat guztiz argitzea, hori ia ezinezkoa delako. Hutsune asko dituen auzia da.Justiziaren jarduna ere zalantzazkoa izan zen, eta uste dut egin zitekeen guztia ez zela egin Yolanda Gonzalezen hilketa erabat argitzeko. Egia da egile batzuk erruduntzat jo zituztela, baina inplikatutako guztiak ez zituzten zigortu. Garai horren marrazki bat egiteaz gainera, Yolandaren kasuaren ikerketan izandako hutsuneak azpimarratu nahi izan ditut, eta argi utzi ikerketetan izandako gabezia horiek ohikoak izan zirela beste kasu askotan ere. Kontuan hartu behar da Francoren ondorengo urteak zirela, eta segurtasun indarretan, justizian eta armadan oraindik diktadurarekin bat egiten zuten sektoreek parte hartzen zutela.

Yolanda Gonzalez hiltzeko erabakia goitik etorri zela uste duzu?

Eskuin muturreko taldekoek onartu zuten erabakia goitik etorri zela. David Martinez Loza zigortuetako bat Fuerza Nuevako Segurtasun arduraduna izan zen, nahiz eta ez zuten hilketarengatik zigortu eta errugabetu zuten. Ni ziur naiz Yolanda bahitu zuen taldearen helburua hasieratik izan zela hura hiltzea, nahiz eta haiek esan zuten bakarrik galdekatu nahi zutela. Batallon Vasco Españolek bere garaian atera zuen agiri bat esanez Yolandaren erailketa erantzun bat izan zela, goiz horretan Ispasterren sei guardia zibil atentatu batean hil zituztelako. Atentatu horri emandako erantzun bat izan zen, alegia.

Orduko hartan zein lan egin zenGonzalezen hilketa argitzeko?

Dudarik gabe bi abokatuek egindako lana nabarmendu behar da: Jose Mariano Benitez de Lugo familiaren defentsa abokatuarena eta Jose Maria Moredano Langileen Alderdi Sozialistako defentsa abokatuarena. Haiengatik ez balitz, auzia itxita egongo zen 1980ko amaierarako akusatu bat bera ere galdekatu gabe. Abokatu horiei esker lortu zen auzia berriro irekitzea. Gogoratu behar da instrukzio epaileak uko egin ziola David Martinez Loza auzipetzeari argudiatuta beren kontra ez zegoela frogarik, nahiz eta hilketaren egileek hura arduradun egiten zuten. Azkenean, aipatutako bi abokatuek lortu egin zuten Martinez Loza akusatuen aulkian esertzea. Yolandaren lagunen lana ere eskertzekoa izan zen. Haiei esker, alderdi politikoen eta sindikatuen babesa erdietsi zuten Yolanda ikur bat bilakatu zedin. Lagunek oso modu inteligentean jokatu zuten Yolanda borroka antifrankistaren ikur bilakatzeko.

Egun sendiaren zauriak irekita jarraitzen du; besteak beste, Yolanda Gonzalezen omenezko plakaren aurkako erasoek ez dutelako etenik.

Familiak haren memoria babestu nahi du. 39 urte igaro dira, baina auzia ez da oraindik itxi. Gauza asko gertatu dira azken urteotan: Hellinek Paraguaira ihes egitea lortu zuen, gero jakin zen 2013an segurtasun indarrekin kolaboratzen ari zela, plakari eraso egin diote... Familiaren zauria behin eta berriz ireki da azken urteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.