Gorka Azkune.
ARGI ALDIAN

Bertsoak eta zientzia

2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Badirudi bertsoak eta zientzia bi mundu ezberdin direla, elkarren berri izan ez duten bi mundu. Zer zerikusi izan dezakete euskaraz abestu eta inprobisatzen duten poeta horiek laborategi eta ordenagailuen aurrean pentsatu eta esperimentuak egiten dituzten akademiko horiekin? Gezurra badirudi ere, lotura asko egin daitezke.

Zientziarentzat bertsolariak aztergai egokiak dira hainbat alorretan. Hala nola neurozientziak, hizkuntzalaritza, eta baita adimen artifizialarentzat ere. Bestalde, jakina da bertsolariek edozein gairi buruz bertsoak abesteko abilezia dutela: politika, kirolak, arazo sozialak... Beraz, zergatik ez zientzia-gaiak jorratu bertso saioetan? Hori izan zen nire lagun Xabier Artaetxebarriak pentsatu zuena orain dela lauzpabost urte.

Ideia haren lehen ondorioa 2015eko irailaren 26an gauzatu zen. Lehen aldiz, Bilboko Bizkaia aretoan, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatuta, Jakinduriek mundue erreko dau saioa izan genuen. Alde batetik, hainbat zientzialari izan genituen oholtzan, hitzaldi labur eta arinak eskainiz kimika, adimen artifiziala, astronomia ala hizkuntzalaritza bezalako gai erakargarrien inguruan. Eta ondoren, hiru bertsolari izan ziren, oso ezagunak hirurak ere (Amets Arzallus, Andoni EgaƱa eta Miren Amuriza), zientzia-hitzaldien beste ikuspegi bat eskainiz beren bertsoen bitartez. Saioa oso originala eta polita izan zen. Zientzia eta bertsoak uztartuz, aretora inguratu zirenek arratsalde ederra pasatu zutela esan daiteke.

Lehen saio haren ondoren, beste pare bat saio antolatu dira urtero Bizkaia aretoan, baita Bizkaiko beste herri batzuetan ere. Beste zientzialari batzuk, beste gai batzuk eta beste bertsolari batzuk pasatu dira oholtzatik. Beraz, bertso-zientziak badu bere tradizioa; laburra, baina jada nahiko sendoa. Aurten, Gipuzkoara salto egingo du ideia polit honek. Donostia International Physics Center (DIPC) ere antolatzaileen artean dugu oraingo honetan, Zarautzen, Bergaran eta Ordizian saioak eskainiz.

Bertso-zientziaren lehen saio hartan egoteko ohorea izan nuen, antolakuntzan lagunduz eta hitzalditxo bat emanez. Gipuzkoako saioetarako ere gonbidatu naute, hizlari lanetan. Zarautzen ezin izango naiz egon, baina Bergaran eta Ordizian izango naiz, errefortzu bidezko ikasketari buruz hitz egiteko asmoz. Anjel Alkainen gidaritzapean, eta lehen mailako bertsolari eta zientzialarien artean, ziur berriro ere ongi pasatu eta ikasteko modua bilatuko dugula.

Bertso-zientzia saioak alde batera utzita, Euskal Herrian badira guztiontzat moduko hainbat eta hainbat zientzia ekitaldi interesgarri. Batzuk aipatzearren, Naukas Bilbao, Passion for Knowledge, Darwin eguna edo Zientziateka. Era honetako ekitaldien atzean, bertso-zientziaren kasuan bezala, EHUko Kultura Zientifikoko Katedra eta DIPC aurki ditzakegu. Bi erakunde horiek zientzia gizarteratzeko egiten duten lana paregabea eta ordain-ezina da. Zutabe honetatik nire eskerrik beroenak beraientzat, Euskal Herriarentzat luxu bat baitira. Juan Ignazio Perez eta Pedro Miguel Etxenikeren gidaritzapean, bi erakundeok argi eta garbi izan dute beti kultura zientifikoa hedatzea zein garrantzitsua den. Era guztietako saioak eta ekintzak antolatu dituzte urteetan zehar, Euskal Herria zientzia dibulgazioaren paradisu txiki bat bihurtuz. Eskerrik asko benetan.

Besterik gabe, ikusi nahi baduzue bertsolariak eta zientzialariak nola moldatzen diren elkarrekin oholtza gainean, ez galdu maiatzean zehar izango diren bertso-zientzia saioak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.