Amaia Zufia. Bilgune Feministako kidea

«Matxismoa ez dator kanpotik, gure jaietan ere oso ohikoa da»

Herri eta auzoetako festen eredua irauli nahi du Bilgune Feministak. Amaia Zufiak uste du erabakiguneetan eta aisialdian emakumeen presentzia orokortu behar dela.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz -

2017ko uztailak 6
Urteak daramatza Amaia Zufiak (Iruñea, 1990) Euskal Herriko Bilgune Feministan lanean. Udako jaietan berdintasuna sustatzeko kanpaina aurkeztu berri dute.

Festak gozamenerako espazioak direla azpimarratu nahi izan duzue. Beharrezkoa al da hori gogoraraztea?

Tamalez, bai. Azken urteetan indarra hartu dute sexu erasoen aurkako kanpainek, protokoloek eta mobilizazioek, eta argi dago behar-beharrezkoak direla, jaietan are gehiago nabaritzen baitugu indarkeria sexistaren oldarraldia: emakumeen kontrako irainak, eraso fisikoak, bortxaketak eta hilketak sistematikoak dira. Aurrekoa esanda, eta indarkeria matxistaren aurkako egitasmoak ezinbestekoak iruditzen zaizkigun arren, irudi oker bat zabaltzeko arriskua dakartela antzematen dugu. Hala, hedabideetan nahiz jendearen iruditeria kolektiboan, andreak biktimekin parekatzeko joera dago. Ondorioz, emakumeok gero eta beldur handiagoz bizi ditugu festak, gaueko giroa eta kalea bera.

Aizkora batekin irudikatu duzue plazera. Zergatik?

Festaren bazterrean egotea egokitu zaigun subjektuontzat, gozamena oso arma indartsua eta eraginkorra izan daitekeela uste dugulako. Ahalduntzeko tresna da. Askotan, ahaztu egiten dugu plazerak duen garrantzia, eta jaiek berebiziko aukera eskaintzen digute horretarako. Denon gozamena bermatu nahi badugu, ordea, planteamendua aldatu beharko dugu, eta geure buruari zenbait galdera egin.

Adibidez?

Gaur egungo festa eta ekitaldietan, nor dago agertoki gainean? Plazan daudenen artean, nor dago erosoen? Zeinek dauka kamiseta eranzteko askatasuna? Bazkarietan, nor dago lasai-lasai eserita, eta nor altxatzen da hamaika aldiz, dena prestatzeko? Nork hartzen ditu erabakiak jai batzordeetan? Galdera horiek planteatuta soilik jakinen dugu nork gozatzen dituen jaiak, eta nork ez.

Halakoak planteatuta, erresistentzia sumatu duzue jai batzorde eta herri mugimenduko eragileen artean? Zaila al da inertzia zaharrei aurre egitea?

Bai, zalantzarik gabe. Aldaketa sakonak planteatzen diren aldiro, kontrakotasunak eta inertzia zaharrak azaleratzen dira. Baita ideologikoki hurbil dauden esparruetan ere. Gainera, fenomeno bitxia sumatu dugu: sistema patriarkal erasotzailea elementu arrotz baten gisara irudikatzen dute askok. Ikuspegi horren arabera, kanpoan, hor nonbait, dagoen munstro zehaztugabe bat da matxismoa, eta horren aurrean gu gaude: kontzientziatuak, arduratsuak, beste maila batean gaudenak... Iazko sanferminetako bortxaketa bortitzak, hein batean, lagundu egin zuen ikuspegi hori indartzen. Arriskua kanpotik datorrela pentsatzen dute askok, baina, gezurra izateaz gainera, oso ikuspegi arriskutsua da. Jarrera matxistak oso ohikoak dira gure artean ere, eta jaiak antolatzeaz arduratzen diren kolektiboak ez daude errealitate horretatik kanpo. Zailtasun handiak daude gauzak errotik aldatzeko: egitarau kontinuistak ontzen ditugu, parte hartzea ez dugu behar bezala sustatzen, eta berdintasunaren aldeko urratsak ez dira behar bezain ausartak. Oro har, emakumeok urrats bat aurrera egin nahi badugu, beste batzuek urrats bat atzera egin beharko lukete. Eta zenbait pertsona ez daude pauso hori emateko prest.

Hamabost urte bete berri ditu Bilgune Feministak. Begirada atzera botata, zer analisi egiten duzue?

Sentimendu gazi-gozoa da. Gozoa, eginiko lanaren fruituak ikusten hasiak garelako; eta gazia, hamabost urte igarota, aspaldiko aldarrikapenetako asko behin eta berriz errepikatzera behartuak gaudelako. Lorpenen artean, emakumeen arteko elkartasun sareak eta ahalduntze maila nabarmenduko nituzke. Emakumeok, oro har, jarrera ausartagoak eta indartsuagoak ditugu, eta belaunaldi berrietan ere antzeman daiteke hori. Gustatuko litzaiguke hau guztia aldarrikatzen ibili behar ez izatea. Egiazki, Bilgune Feministaren azken xedea desagertzea da; horrek esan nahiko luke gure lana ez dela beharrezkoa, herri feminista batean bizi garelako. Tamalez, une hori ez da iritsi oraindik.

Administrazioen sostenguari dagokionez, bilakaerarik nabaritu duzue urte hauetan?

Bilgune Feministak herri mugimenduaren barruan kokatzen du bere jarduna, eta, orain arte, esparru horretan landu ditugu aliantzak. Horrez gain, elkarlan puntualak izan ditugu erakunde publikoekin. Iruñeko Udalarekin, esate baterako, Sanferminak Berdintasunean batzordean lan egin izan dugu, eta neurri garrantzitsuak atera dira elkarlan horretatik. Aldaketaren erakundeek, oro har, indartu egin dute sexu erasoen aurkako borroka, baina asko dago egiteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna