Kameleddine Ferhad. Mzab-eko amazigen buruzagia

«Aljeriaren itxaropen bakarra estatu laikoa eta deszentralizatua da »

Buruzagi historikoak salatu du nomada arabiarrak iritsi zirenean hasi zela zapalkuntza, eta bazterketa etengabea dela ordutik: «Gure etxean gaude, baina azkenak gara lanean, justizian, osasunean, hezkuntzan...».
URTZI URRUTIKOETXEA

Urtzi Urrutikoetxea -

2018ko irailak 14
Kameleddine Ferhad Mzab-eko amazigen buruzagi historikoa da, mozabita amazigen azken urteotako kontzientzia hartzearen arduradun nagusietakoa. Etxean hartu du BERRIA, beste inon elkartzea debekatuta baitago. Bazkaritarako hainbat ogi mota ekarri ditu seme batek. «Ogirik ez zaigu faltako, zaudete ziur: familiak okindegia dauka». Medikua da Mzabeko liderra, baina urte askoan debekatu diote sendagile aritzea, eta azkenean okin egin zen, komunitate osoak bere etxera jotzen badu ere osasun-arazoren bat daukanean.

Historia liburuetan ageri denez, duela mila urte kostaldetik basamortu txoko honetara etorritako komunitatea zarete. Unescok ere aitortu dizue ingurune latz honetan bizimodua antolatu izana eta zuen arkitektura eta bizimodu berezia. Azken hamarkadetan, baina, gatazka nagusitu da Mzab-en.

Azken 40 urteotan hasi ziren lehen erasoak, nomada arabiarrak Ghardaiara lekualdatzen hasi zirenean. Manipulatuta datoz, gure zibilizazioaren aurka egitea zilegi zela eta antzeko gauzekin, kanpalekuetan hasieran, gero etxeak eraikiz. Eskola liburuetan bertan ageri da harifi hilgarri garela, hiltzen gaituena paradisura doala [arabierazko testuliburu bat ireki du]. Mozabiten bazterketarako neurriak etengabeak dira; gure etxean gaude, baina azkenak gara lanean, justizian, osasunean, hezkuntzan… Erabateko sistema arrazista bat dago hemen, eta Poliziak eta bestelako indar armatuek, herritarrak babestu ordez, sistema hori inposatu eta bultzatu egiten dute.

Berbere edo amazigei buruz hitz egitean, kabiliarrak datoz lehendabizi gogora, edo tuaregak. Baina hainbat herri amazig daude herrialdean, eta gatazka hemen izan da gogorrena azken urteotan.

Gu kabiliarrak baino askoz gutxiago gara. Bada kostaldean diren mozabiten merkatari sare aspaldiko bat, baina kontzientzia nazionalik ez genuen izan eraso guztiak eta errepresioa iritsi arte. Kabiliarrek diaspora garrantzitsua dute, eta emigrante asko dituzte Europan. Gainera, Aljer hiriburutik oso hurbil daude, eta rol garrantzitsua izan dute beti estatuan, laikotasunaren bidean, sindikatu komunistetan ibilita, eta abar; haien bidetik iritsi da kontzientzia hona ere. Izan ere, elkarrekin jotzen ez badugu, Aljeria erabat arabiartuko dute. Tuaregengana ere iristen ari da inbasioa, ez dira gu bezala leku bakarrean egon; agian horregatik ez diete hain gogor jo. Beti komunitate baketsua izan gara. Mzab independentea zen, eta maite dugu espiritu libre hori; gure buruaren jabe izan gara mendeetan, eta frantsesek ere errespetatu ziguten hori: independentzia formalik ez genuen, baina babesa herri gisa, gure hizkuntza, ohiturak eta bizimodua errespetatu zizkiguten; ibadi auzitegiak izatea, esaterako. Gero, estatuak bere egin zuen arabiar nazionalismoa, eta orain indartzen ari da islamismoa ere. Gu ez gara ez arabiar, ez islamista. Ez gara sunitak ere, eta ez genuen erantzunik jaso gure errituentzat babesa eskatzean; handik gutxira, debekatu egin zuten ibadien otoitzerako deia. Gure umeek islam malikia [sunita] ikasi behar dute eskolan!

Bi urte eman berri dituzu preso.

Ramadan gauean familiarekin nengoen meskitan, eta armekin sartu, eta denak eraman gintuzten. Gero, Giza Eskubideetako Ligako edo FFS Indar Sozialisten Fronteko [amazigek, kabiliarrek bereziki, bultzatu ohi duten alderdi sekularra] kide ginenak espetxeratu gintuzten. Bigarren espetxealdi luzea izan dut; beste laburrago bi ere eginak ditut.

Aurrera begira, ikusten duzu irtenbiderik?

Borroka gogorra izango da. Aljeriako itxaropen bakarra estatu laiko eta deszentralizatu bat da, baina, egun, estatu horren ardura daukan talde txiki eta mafiosoak herritarren itxaropen falta behar du, eta astiro dena arabiartzen ari dira, berezko ohiturak baztertuz. Beldurra da nagusi; erregimen militarra dugu. Giza Eskubideen Ligaren bulegoa itxita dago azken urteotan; lehen, ehunka lagun batzen ginen astero. Gero, elkartzeko debeku guztiak iritsi ziren, eta niri medikuntzan aritzekoa ere bai.

Hizkuntza, aldiz, bizi-bizirik dago.

Hemen mundu guztiak daki mozabiteraz; arabiarrek ere ulertzen dute, ez ulertuarena egin arren. Kabilian hasi dira kabilierazko eskolekin, eta hemen aurki hasiko omen dira astean ordu pare bat ematen, baina hori izango da dena. Eta estatuak gure hizkuntza grafia arabiarrez idaztea nahi du. Zer zentzu du horrek? Alfabeto latinoa erabili nahi dugu guk, askoz praktikoagoa baitzaigu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna