Roberto Larrañaga. Confebaskeko presidentea

«Enpresaria arduratsua izan da, eta soldatei eutsi die, jaisteko aukera edukita ere»

Larrañagak adierazi du Confebasken eta Jaurlaritzaren enplegu itunaren eduki nagusiak bere horretan jarraitzen duela. Uste du BPGak igotzeak ez duela zertan ekarri soldata igoera, «marjinak erdira murriztu direlako azken urteetan».
JON URBE / FOKU

Xabier Martin -

2018ko abenduak 9
Hiru urte pasatxo egin ditu Roberto Larrañagak (Eibar, Gipuzkoa, 1958) Confebaskeko presidente gisa. Arantzaz beteriko hasiera gainditu —Cebeken kritika eta kezka piztu zuen haren izendapenak—, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronalen konfederazioa baretu du. Ekonomia, aurten, ia %3 haziko dela dio, baikor, eta azken lau urteetako hazkunde sendoak ere lagunduko zuen giro on horretan. Baita Jaurlaritzak enpresarien alde duen prestasunak ere. Haatik, Confebaskekin egindako enpleguaren itunean atzera egin behar izan du.

Elkarrizketa Sozialerako Mahaia martxan da berriro, baina Urkullu lehendakariak atzera egin du enpleguaren itunean. Hutsetik hasi behar orain.

Enpresen kontratazio premiei erantzuteko egin genuen ituna. Behar diren soslai berriak garatzeko, administrazioak bere ekarpena egin behar baitu; hortik iritsi zen ituna. Hori da funtsa, baina neurri gehiagori egin genien lekua, gero, egia da; neurri horiek mahai sozialera eramateko arazorik ez dugu. Baina lan esparruko esku hartzea da funtsa, eta Adegi, Cebek eta SEA kontratazio eragileak dira. Beraz, jardun horretan jarraituko dute.

Itunaren oinarrizko edukia indarrean balego bezala ari zara, baina Urkullu atzera egitera behartu zuen CCOOk, mahaira itzul zedin. Penaturik Urkulluren erabakiarekin?

Ez, ez, inolaz ere, itunaren funtsezko edukia lantzen jarraituko dugu eta.

CCOOko idazkari nagusi Loli Garciak hutsetik hasi behar dela dio. Ez al da horrela?

Egoeraz ulertzen duena esaten du bakoitzak. Guk jarraituko dugu aspaldian egiten ari garenarekin, eta gainontzeko edukiak mahaira joango dira.

Agian, ez duzue elkar ulertu. CCOOk dio gertatutakoa garaipen bat dela haientzat.

Oso ongi. Guk ez dugu inor baztertu nahi; ituna egin genuen enpresen beharrei begiratzen diegulako. Premiazko kontua da kontratazio soslai egokiak sustatzea.

Euskal patronal bateko kide batek uste duen moduan, itun hori mahaitik kanpo egitea huts taktikoa izan zen? Alegia, itun hori bera egingo zen mahaian?

Agian huts taktikoa izan zen, baina ez asmo txarrez egindakoa inor baztertzeko. UGTrekin eta CCOOrekin izan dugun harremana beti izan da ona. Agian, CCOOren erreakzioa gehiegizkoa izan zen, nire usterako. Gauzak konpon zitezkeen hainbesteko zarata atera gabe, igual.

Esaten ari zara eduki bereko ituna egingo dela orain mahaian?

Eduki batzuk mahaian jorratzekoak dira, baina berriro diot: kontratazioaren bitartekaritzan ez dugu behar beste inor. Zilegitasun osoa daukagu egiteko, eta hori da guretzat lehentasunezko edukia.

Sanchez iritsi da Moncloara eta lan erreforman aldaketak egin nahi dituela dio; esaterako, lan itunen ultraaktibitatea mugagabe bihurtzea atzera. Zer diozu?

Gauza asko entzuten da, baina ez da ezer zehaztu oraingoz, eta zaila da ezer esatea jakin gabe zer ukitu nahi duten. Baina, bai, kezkatzen gaitu ultraaktibitateak, ez delako gauza bera hutsetik negoziatzen hastea ala beti edukitzea gutxieneko maila bat hortik gora joan behar izateko, eta sekula ezin joatea behera. Baina gauza bat esango dizut: 2013ko uztailaren 7 beldurgarri horrek ez zuen oinarririk. Oso enpresa gutxik baliatu dute ultraaktibitatearen amaiera. Enpresaria arduratsua izan da, eta soldatei eutsi die, haiek jaisteko aukera edukita ere. Oso gutxi dira estatuko itunetara aldatu direnak.

Lan Harremanen Kontseiluaren datuek ez dute hori iradokitzen. Gero eta gehiago dira estatuko itunen menpe dauden euskal langileak, negoziazio kolektiboa geraturik egon delako urte askoan.

Bai, baina negoziazio batean bi alde daude, eta ez da beti patronalaren kontua izaten itun bat ez egitea. Orain, gainera, hazten ari da hitzarmen kopurua.

Lan erreformak ez du zerikusirik izan negoziazio kolektiboaren blokeoan? Ez du erreforma hori baliatu urteotan patronalak?

Negoziatzeko erabili da, jakina, baina esaten ari naizena da, oro har, ultraaktibitatea ez dela baliatu soldatak jaisteko, itunak erortzean. Beste kontu bat da legezko testuinguru zehatz batean negoziatzen dela. Guk ezin genuen negoziatu mahai gainean jarritako lehen puntuak exijitzen bazuen lan erreformari uko egitea. Hura onartu ez, eta mahaitik altxatzen zirela? Zer egingo diogu guk ba...

Zer diozu gutxieneko soldata 900 eurora igotzeaz?

%22ko igoera da, eta ez dute aldaketa proposatu eragileekin batera, beren kabuz baizik. Eragin garrantzitsua izan dezake enpresa batzuetan.

900 euroz ari gara...

Bai, izan ere, guk ez dugu horri buruz askorik esan orain arte, Euskadin soldatarik handienak ditugulako Madrilekin batera. Gutxieneko soldata horrek hemengo enpresetako langileen %10i eragin diezaieke, batez ere zerbitzu alorrean.

Horregatik eskatzen dute ELAk eta LABek 1.200 euroko gutxieneko soldata.

Eta zergatik ez 1.400?

Soldata duin bati buruz hitz egiten dute sindikatu horiek, batez besteko soldata eta beste aldagai batzuk ariketan sartuta.

Ez dut azterketa enpirikorik ezagutzen esaten duena 1.200 euro dela soldatarik bidezkoena, edo 1.300 edota 1.400 euro.

Zenbatean ezarriko luke Confebaskek?

Ez dakit, ez dugu azterketarik egin, eta ez dugu kopururik eman nahi.

Ez dira galdu hazkundearen urterik onenak soldatak gaurkotzeko, krisian debaluazio argi bat egon eta gero?

BPGaren hazkundea soldatekin ari zara lotzen, enpresen fakturazioarekin, baina hazkunde horrek ez dakar mozkinen hazkunde bera, marjinak asko jaitsi direlako, erdia batez beste. Lan kostuak neurrigabe igotzen baditugu, lehiakortasuna galduko dugu, eta ez ditugu kopuru horiek fakturatuko. Orain, merkatu zailagoetan gaude, lehiakorragoetan.

%2 inguruko inflazioa egon daiteke aurten, eta soldata igoera gehienak hortik behera geratuko dira.

Negoziazio kolektiboan %2,3 igotzen ari dira, batez beste.

Langile asko daude itunik gabe, ordea.

Bai, eta ez ditugu horien datuak ezagutzen, baina ezta enpresa ituna duten askorenak ere; %2,3 baino handiagoak izan daitezke kasu askotan. %10ekoak ere bai, atal aldakorrari esker.

Produktibitatea, helburuak sartu behar dira soldatetan?

Bai, noski.

Sindikatuekin ez zarete konponduko.

Langileekin konponduko gara, agian.

Itunak egitean ordezkaritza sindikala baztertzeaz ari zara?

Ez, ez, inolaz ere ez.

Hori ulertu da eta.

Ez, begira, hortxe dugu Mercedes, Euskadiko fabrikarik handiena. Iaz %5eko igoera estra bat izan zuten helburuak betetzeagatik. Hori sindikatuekin lotu zen. Akordio horiek egiten ari dira jada sindikatuekin; inork ez du haien gainetik salto egin nahi.

Adegi aspaldian ari da Enpresa Kultura Berria bultzatzen, negoziazio kolektiboaren ohiko moldeak gainditu, eta langileekin tratu zuzenagoa izateko, besteak beste. Confebaskek bere egin du ildo hori?

Sindikatuena da enpresan langileen ordezkaritza. Langileen batzordearekin negoziatzen da, ez agian sindikatuen zuzendaritzekin, haien estrategiarekin. Hori gertatu da Mercedesen.

Adegik bakarrik egin du urte askoan Kultura Enpresa Berriaren bidea. Cebekek bere egin berri duela ematen du. Confebask ere ildo berean dagoela pentsa daiteke.

Gure lan harreman ereduarekin bat datoz Adegiren eduki asko. Elkarlana, malgutasuna eta abar negoziazio kolektiboak jaso ditzake, dena da negoziagarria. Baina nik argi daukat sindikatuak ezinbestekoak direla negoziatzeko.

Soldata igoera orokor batek ez lioke lagunduko hazkundeari barne kontsumoa sustatuz?

Eta zerga jaitsiera batek ere bai.

Gero eta langile pobre gehiago dago. Ez du ematen soldata txikiegiek sistemari askorik laguntzen diotenik.

Guk argi dugu: Euskadin, ongizatearen alde egin nahi bada, ezin da enplegu merkearen apustua egin, ezta prezio merkeen enpresena ere. Balio erantsiko industria behar dugu, eredu industrial argi bat. Horregatik ditugu lan baldintza hobeak hemen. Sektore batzuetan enplegu merkea dagoela? Bai, leku askotan gertatzen da. Garrantzitsuena da gureak direla estatuko soldatarik onenak, Madrilekin batera.

Lan Ikuskaritzaren azken txostenak argi islatu du arau hausteak egunerokoak direla.

Legezkoa ez dena salatu dadila; nik ez dut sekula legez kanpokoa babestuko. Salatu dezatela lau orduko kontratua egiten duena zortzi orduko lanaldia egiteko, deitoragarria delako, eta, ez badira errespetatzen itunak finkatutako baldintzak, berdin.

BGAE pentsio osagarriak tresna gisa orokortu nahi ditu Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak. Enpresek ekarpenak egitea eskatzen du plan horrek. Zer iritzi duzu?

Enpresek eta langileek egin beharko lituzkete ekarpenak.

Itxura batean, bai.

Ez dakigu zehazki zer proposatzen den, baina garbi daukagu lan kostuak garestitzen dituen edozer dela lehiakortasunaren aurkakoa eta enplegua sortzeko arazoa. Xehetasun guztiak falta dira ezer gehiago esateko.

EAJ, PSE eta PPren erreforma fiskalarekin pozik azaldu zara, baina, aurten, sozietate zergak bilketa handiagoa emango du. Pozik jarraitzen duzu?

Aurtengo bilketan tasa zaharrak aplikatu dira, ez %24, eta aldatu dena kenkarien murrizketa da; bagenekien gertatuko zela.

Ez da bukatu partida orduan...

Datorren urtean ikusiko da argiago erreformaren emaitza. Agian, ez da ona guretzat, nork daki.

Ez du ematen kezkaturik zaudenik.

Argazkiak kezkatzen gintuen gu. %28an zegoen tasa, eta beste leku askotan txikiagoa zen. Hori ez zen ona lehiatzeko, ez zen ona inbertsioa erakartzeko.

Enpresek nahiko ekarpena egiten diote zerga sistemari?

Bai. Sozietate zerga pagatzen dugu, Europako kotizazio sozialik handienetakoak, ekintza juridiko dokumentatuen zerga ere bai... Enpresek zerga gehiegi pagatzen ditugu.

Lan errentaren zerga da bilketaren oinarria, ordea.

Hemen eta leku guztietan; hori normala da.

Lan istripuen kopuruak gora egin du. Azpikontratatuen artean gertatzen dira sarritan. Zer jazotzen ari da?

Eskarmentu handiko langileen artean ere gertatzen dira. Istripu bakar bat egotea bada nahikoa garrantzitsua, eta ez dut gustuko gora edo behera egin ote dutenaz aritzea. Drama handia da istripu bakar bat. Ez ditut aitzakiak eman nahi. Saihestu egin behar dira, baina oso zaila da.

Sindikatuek diote ez dela nahikoa egiten istripuak ekiditeko, eta arduradunak badirela.

Lege bat dugu istripuen prebentziorako. Legea hausten bada, pagatu dezala hausten duenak. Gertatzen dena da batzuetan legezko neurriak ez direla nahikoa, zoritxarra ere hor dagoelako.