mikel p ansa
HIZPIDEAK

Krisi handiena

2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Krisi larriek pertsonen onena eta txarrena ateratzen dutela. Maiztutako egia da, baina egia, halere, eta halaxe ari da agertzen berriz.

Alde batean, hor daude larrialdiaren tamainako erabakiak hartzen ari diren herritarrak: inork eskatu edo agindu gabe sagardotegiak eta tabernak itxi dituztenak —gobernuek agindu hori eman dutenerako, milaka jabek hartu dute erabaki hori, jakinik kalte ekonomikoak izango dituztela—; gobernuek eskatu gabe ere beren ekitaldi guztiak bertan behera utzi eta zerbitzu publikoak itxi dituzten udalak eta gizarte eragileak; borondate hutsez zaharrei eta ezinduei laguntzeko sareak antolatzen hasi diren herritarrak... Eta beste aldean, hor daude, larrialdiak estututa batzuk, larrialdiari ihes eginez beste batzuk, hipermerkatuetako apalei eraso egiten, Kantabriara oporretara alde egiten, ezaxola erabatekoz higiene eta segurtasun neurri txikienak ere hartu gabe dabiltzanak.

Denak dira oso joera humanoak.

Baina jendeari heroi deitu beharrik gabe, edo jendearengan esperantza guztia galdu aurretik, badira bi galdera oinarrizkoagoak: 1) Zergatik ez da produkzio katea eteten, oinarrizko zerbitzuak soilik mantenduz? Eta 2) Zergatik ez dira gai gobernuak euren artean neurriak adosteko eta behar bezala komunikatzeko? Eztabaida ez baita joera humanoei buruzkoa, ezpada mundualdi honetako bi erronka handienetakoei buruzkoa: ekonomiak eta politikak gabezia larriak dituztela larrialdiei eta bizitzaren beharrei erantzuteko. Hori da krisi handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.