jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Gailurra

2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Gutxi gorabehera 767 milioi pertsona bizi dira G7a osatzen duten herrialdeetan. Munduko biztanleen %10 dira, beraz. Argi dago munduko potentzia handienetako buruzagiak biltzen direnean eta mundu osoari eragiten dioten erabakiak hartzen dituztenean ez direla mundu osoa ordezkatzen ari; baina ezta euren mugen barruan bizi den hamarren hori ere, Trumpek gaurko agindu duen sarekadak erakusten duen bezala. G7a ez da herrialdeen gailur bat, interes jakin batzuen mesedetan erabakiak hartzeko mahai bat baizik. Eta interesek, kapitalismoaren eskuetan, ez dute naziotasunik. Herritar batzuk menuan sartuko dira, eta beste batzuk, ez. Batzuek faktura ordainduko dute, eta beste batzuek larrutik egingo dute. Horiek dira mugak.

Abuztuan Euskal Herrian bilduko dira mundu agintari boteretsuenetako zazpi. Munduko biztanleen hamarren horretako zati bat, 300.000 pertsona, Euskal Herrian bizi baita, Iparraldean. Agerikoa da, ordea, tokiko gaiek ez dutela izango lekurik G7koen agendetan, eta euskal herritarrak ez daudela gonbidatuta mahaira, ezta Francis Veberren obraren ergelaren pertsonaiarena egiteko ere. Bilerak Miarritzen egingo dira, baina ohiko burbuila izango dute agertoki agintari horiek guztiek. Hemen, Quebecen, Sizilian edo Kashiko Uhartean burbuila bera da. Gailurra ez da munduko biztanleriaren piramidearen punta. Gailurra burbuila hori da. Eta herritarrak kanpoan daude. Ez behean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.