AHULAK BATU, AHUL SEGITZEKO

Gobernuak bultzatuta, Deutsche Bank eta Commerzbank bat-egitea negoziatzen hasi dira. EBko banku handienetako bat eratu nahi dute, baina sustrai ahuleko erraldoia izan daiteke, arazoz gainezka baitaude biak.
Elkarren ondoan daude Deutsche Banken eta Commerzbanken egoitzak, Frankfurten.
Elkarren ondoan daude Deutsche Banken eta Commerzbanken egoitzak, Frankfurten. ARMANDO BABANI / EFE

Iker Aranburu -

2019ko martxoak 24
Zer atera daiteke gaizki bi banku ahul batzen direnean? Kasu bakoitza eta egoera bakoitza desberdina da, baina krisia lehertu osteko errealitate enpirikoak dio den-dena oker daitekeela. Ahulen batasunak erakunde handiagoak sortzen ditu, baina ez derrigorrez indartsuagoak. Ez da oso urrun joan behar ikusteko 1+1 batuketak ez duela beti 2ko bat emaitza gisa. Gogoratu besterik ez dago Banca Civicaren esperimentua, edo Bankiaren porrota. Lezio horiei jaramon handirik egin gabe, badirudi arriskua hartzeko prest daudela Alemanian: bat egiteko negoziazioak hasi dituzte herrialde hartako bi banku nagusiek, Deutsche Bankek eta Commerzbankek. Batuko balira, Europako Batasuneko banku handienetan bigarrena sortuko lukete, baina horrek ez du esan nahi osasun oneko banku bat izango litzatekeela. Batuketak ekarriko dituen lanpostu galerak —30.000 da kopuru aipatuena— aurka jarri ditu sindikatuak; bankuaren gehiegizko tamainak atezuan jarri ditu Alemaniako aditu ekonomikoak; eta akziodun askok ez diote etekin onik ikusten operazioari.

Banku batek zein besteak arazo handiak dituzte: eskandaluz eta huts egindako proiektu handinahiez betetako iraganaren garbiketa amaitu ezinik dabil Deutsche Bank; krisia lehertu zenetik errentagarritasunaren bilaketa antzuan dabil, berriz, Commerzbank, eta Dresdner Banken digestioa egin gabe.

ZERGATIK BATU NAHI DUTE?

Beren kabuz lortu ezin duten sendotasuna batera lortzea da asmoa. Oso aspaldiko ideia da, orain arte irmoki ukatutakoa. Joan den igandean aitortu zuten Deutsche Bankek eta Commerzbankek fusio bat negoziatuko dutela, baina argi utzi zuten elkarrizketek ez dutela derrigorrez fusiorik ekarriko.

Proiektua babesten eta bultzatzen du Alemaniako Gobernuak, espero baitu bat-egiteak banku indartsuago bat sortuko duela, gai izango dena Europako beste banku handiekin lehiatzeko —Santander, BNParibas, HSBC, Credit Agricole...— eta lagunduko diela Alemaniako enpresa esportatzaileei. Baina agian hori baino garrantzitsuago izan daiteke batasun batek saihestu egingo duela AEBetako banku berrindartuek edo Txinako handiki berriek koska egitea Deutsche Banki edo Commerzbanki.

Deutsche Bank banku handia da Europako testuinguruan. Aktiboetan, kontinenteko laugarrena da, ia 1,5 bilioi euroko aktiboekin, Santanderrek adina. Baina burtsan duen balioa horren oso azpitik dago. Krisiaren atarian, 2007ko udaberrian, 92 euro balio zituen DBren akzio bakoitzak. Aste honetan, beheranzko joerari heldu dio berriro, eta ostiralean 7,30 euroan salerosi zen. Azken urtean balioaren ia %40 galdu du.

Banku txikiagoa da Commerzbank, EBko handienetan 25.a Bien artean, bi bilioi euroren aktiboko banku bat sortuko lukete, Europako bigarrena.

NOLAKO BANKUAK DIRA?

Deutsche Bankek eta Commerzbankek jaiotze data partekatzen dute —1870an sortu zituzten—, baita sorrerako helburua ere —merkataritza laguntzea—. Baina, gainontzean, banku desberdinak izan dira azken hamarkadetan.

DBk handira jokatzea erabaki zuen 1990eko hamarkadan, ingeniaritza finantziarioak ezerezetik milaka milioi euroren irabaziak eragin zitzakeela ikusi zutenean. AEBetako inbertsio banku erraldoiekin lehiatzeko erabakia hartu zuen DBk , eta hainbat urtez arrakastaren irudia eman zuen: munduko bankuetan handiena bilakatu zen bere finantza adarraren eskutik, fitxaketa milioidunak egin zituen, eta bere buruei sekulako dirutzak ordaindu zizkien —1995-2016 epean 71.000 milioi euro banatu zizkien gainsarietan, akziodunei halako lau—. Baina kasinoaren argiak itzali zirenean, 2007tik aurrera, zikinkeriak agerian geratu ziren. Garai horretako apustu ausartegiak, inbertsio okerrak eta bestelako gehiegikeriak garbitzen aritu da bankua azken urteetan, eta ohartu da ez duela indar handirik banka tradizionalean, herritar arruntei eta enpresa txikiei eta ertainei dirua mailegatzen. Alde horregatik bateragarria da Commerzbankekin, azken horren indargunea enpresa ertainen eta txikien finantzaketa delako.

Berez, DB eta Commerzbank gauza bitxiak dira Alemaniako finantza munduan. Herrialde hartan banku kooperatiboak edo eskualdeetako eta hirietako aurrezki kutxak dira nagusi; erakunde kontserbadoreak dira, beren lurraldeko enpresa sareei eta herritarrei ongi lotutakoak, eta, espekulazioan baino, industriaren zerbitzura dihardute. Guztira, 1.600 finantza erakunde daude Alemanian, Frantzian halako bost. Alemaniako bost banku handienek merkatuaren %30 eskas bat dute, kopuru txikia herrialde gehienetan kontzentraziora jo izan duen sektore batentzako. Sakabanaketa ona izan daiteke bezeroentzat, zer aukeratu badutelako, baina traba bat monopolioen edo oligopolioen eskutik prezioak eta komisioak igo nahi dituztenentzat.

ZERGATIK DOA GAIZKI DEUTSCHE BANK?

AEBetako hipoteka zaborren krisiak Europan gehien zigortutako bankua izan da Deutsche Bank, Goldman Sachs, Lehman Brothers eta enparauekin aurrez aurre lehiatzeko estrategiak ekarri zuelako beste inork baino gehiago inbertitzea subprime hipotekez betetako produktuetan.

2015ean 6.890 milioi euro galdu zituen: iaz, lehen aldiz 2014tik, irabazi txiki batzuk eman zituen , 267 milioi eurorenak. 6.000 langiletik gora bota ditu azken urteetan, aktiboak eta adarrak saldu ditu, eta EBZren likidezia neurriak erruz baliatu ditu.

Neurri txikiago batekin errentagarriagoa izateko bidean beste harritzar bat aurkitu du, ordea: ospean ez ezik dirutan ere garesti atera zaio krisiaren aurretik arauei ezikusiarena egiteko ohitura. Azken hamarkadan 17.000 milioi euro ordaindu ditu isunetan eta epaitegi kanpoko akordioetan: interes tasak manipulatzeagatik, mailegu toxikoak saltzeagatik, dirua zuritzeagatik, bahimenduak hausteagatik... zigortu dute. Iazko udazkenean haren Frankfurteko egoitza miatu zuen Poliziak, Panamako paperek eragindako operazio batean.

ETA COMMERZBANK?

Alemaniako bankuetan bigarrena da Commerzbank, eta Europako banku zaurgarrienen zerrendan izan da azken hamar urteetan. 2009an, Berlingo gobernuak erreskatatu egin zuen, aktibo toxikoz betetako Dresdner Bank lehiakidearen erosketari buelta ezinik zebilelako. Angela Merkelen gobernuak 18.000 milioi euro sartu zituen Commerzbanken, eta bankuaren kapitalaren %15 publikoa da gaur egun.

Deutsche Bank baino egoera hobean dago orain Commerzbank: iaz 865 milioi irabazi zituen. Diru asko dirudi, baina ez da hainbeste neurri handiko banku batentzat —49.000 langile ditu—. Ideia bat egiteko: Kutxabankek 5.700 langile ditu (Commerzbankek baino %90 gutxiago), eta 332 milioi irabazi zituen iaz.

ZER ETEKIN ESPERO DUTE BAT EGINDA?

Bat egiteen helburu orokorra sinergiak izan ohi dira, hots, berdina egitea jende eta gastu txikiagoarekin. Deutsche Banken eta Commerzbanken kasuan, sinergia hitzak esan nahi du milaka langile kalean geratzeko arriskuan daudela. Alemaniako bankuetako sindikatu nagusiak, Verdik, kalkulatu du 10.000 lanpostu desagertarazi ditzakeela fusioak, eta epe luzeago batean 30.000ra hel daitezkeela. «Geure ikuspuntutik, fusio batek ez du epe luzera jasangarria den eredurik sortuko», ziurtatu du Jan Duscheckek, Verdi sindikatuko bozeramaileak.

«Hutsegite larria izango litzateke. Arduradun guztiei eskatu nahi diegu zentzudunak izan daitezen» ,adierazi du Stephan Zukalski DBV sindikatuko buruak. Kaleratuen kopurua 50.000ra igo du DSW inbertitzaileen defentsarako erakundeak.

Enplegu galera hori sektoreak azken urteetan berregituraketen eta aldaketa teknologikoen eskutik bizitakoari batuko litzateke: 2009tik 2017ra, Europako bankuek 390.000 lanpostu galdu dituzte, Europako Banku Agintaritzaren arabera

BESTE ALTERNATIBARIK BA AL DAGO?

Commerzbanki ez zaizkio erosle potentzialak falta, Frantziako, Erresuma Batuko edo Suitzako bankuentzat goxokia izan daitekeelako Alemaniako enpresa sarearekin lotura duen banku bat erostea. Baina horrek esan nahiko luke DB ezkontide alemaniarrik gabe geratuko litzatekeela. «Subiranotasun galera onartezina», Olaf Scholz Finantza ministro sozialdemokrataren iritziz.

ZER ARRISKU DU FUSIOAK?

Erreskatatzeko oso garestia den banku erraldoi bat sortzea, too big to fail motakoa. Deutsche-Commerzbank bikotea banku sistemiko bat izango litzateke, eta porrot egingo balu, eurogune osoa arriskuan jarriko luke, hamarnaka milioi beharko liratekeelako onbideratzeko. Alemaniak bultzatutako EBren arau berriek diote bankuak diru publikoarekin erreskatatzeak azken irtenbidea baizik ezin duela izan, baina ezinezkoa dirudi milioika euroko aktiboak dituen banku bat sektore publikoaren laguntzarik gabe salbatzea.

Edonola ere, fusio batek bi hesi gainditu beharko lituzke. Bata, akziodunena da. Baiezkoaren alde dago Cerberus AEBetako funtsa, bi bankuetako akzioduna, baina ez beste akziodun handi batzuk.

Beste hesia gainbegiratzaileen oniritzia da. Andrea Enria EBZko gainbegiratze agentziako buru berriak argi esan du ez dagoela gustura: «Ez dut bereziki maite txapeldun nazionalen edo Europako txapeldunen ideia hori».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Aranburu

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna