Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Zauriak ixteko

2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Beste urte bat, eta eskari berbera: euskal presoen eskubideak bete daitezela eskatu dute milaka lagunek Bilbon eta Baionan. Beste urte bat, eta egoera gordina mahai gainean: 248 euskal preso, gehienak Euskal Herritik urrunduta eta sakabanatuta, eta lehen graduan, Espainiako kartzeletan. Beste urte bat, eta pauso mugatu batzuk Espainian —gertuago zenbait preso—, eta handiagoak Frantzian —gerturatze gehiago, eta estatus berezia kentzea—. Beste urte bat, eta keinu esanguratsuagoak: bi biktima seinalatuk, Rosa Roderok eta Axun Lasak, elkarrekin irakurri dute Bilboko azken mezua, eta Baionako martxa askotariko 60 hautetsik baino gehiagok sostengatu dute.

Urte berria, eta aldaketa Madrilen: PSOEren eta Unidas Podemosen gobernua, EAJren baietzarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Urte berria, eta pauso gehiago bideratu nahian Iparraldeko eragileak. Urte berria, eta esperantza errainu bat, iazko pausoak egiturazko urrats bilakatzeko. Urte berria, sortutako aukerak baliatzeko urtea.

Bizikidetza sendotzeko garaia da, eragindako minak aitortzekoa, zauriak ixtekoa. Eta bistakoa da presoen egoera zauriak eragiten ari dela oraindik: min bidegabea sortzen, motxilak zamatzen, oheak husten, kilometro arriskutsuak eginarazten. Erronka da urte berria ez izatea beste urte bat, konponbiderik gabe joango den beste urte bat, zauriak gorritzeko beste urte bat. Urte berriko agendan azpimarratzeko auzia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.