mikel p ansa
HIZPIDEAK

Zauri guztiak

2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
ETA bukatu zen, baina gatazka ez. Hortxe dago memoriaren eta egiaren gatazka, kontakizunarena, zainak agerian oraindik. Hortxe biktima guztien aitortzarena. Eta hortxe presoena. Beste askoren artean. Zauri guztiak ixteko prozesu partekatu bat eraikitzeari ateak itxi zizkioten eragile batzuek, eta erosoago daude auziak fiskaltzaren aurrean salatuz eta hedabideei tituluak emanez. Euskal presoekin azken urteetan eman diren pauso motelak ongi kostatakoak izan dira; eta ez dira atzeraezinak. Horregatik da inportantea ahal den adostasun mailarik handienak irabaztea, eta baita kaleko mobilizazioak ere, gogora ekartzeko konpondu gabeko gatazka bat badagoela hor, eta denak ez direla presoen eskubideen kontrako mezuak. Izan ere, Espainiako eskuinari uzten bazaio joaten Voxen mandoak tiratutako gurdiaren arrastoan, ozendu egingo dira presoen aurkako eskariak, eta zaildu urrats berriak. Eta horregatik da inportantea kalean ere mezu horiek zabaltzea. Eta, horrekin batera, adostasunak jostea, eta negoziazioak eta lan parlamentarioa; aurreko urteetan egin den bezala hemendik aurrera ere. Denak beharko direlako, eta ez daudelako kontrajarrita, EAJk atzo kontrakoa esan bazuen ere. Eta horregatik da inportantea, halaber, biktimei aditzea; presoen eskubideen aldeko lana biktimak aintzat hartuz egiten bada eraginkorragoa eta osasuntsuagoa izango delako. Horrela ulertzen da atzo Sarek Euskaldunan bost biktimarekin egin zuen ekitaldia. Elkarrekin errazagoa delako. Gatazka asko daudelako zabalik oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.