mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Gerraren pribatizazioa

2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Azken egunotan Errusiak aldarrikatu du Ukrainako Soledar hiria hartu duela, borroka gogorren ondoren. Jevgeni Prigozhin Wagner mertzenario konpainiako buruak bereganatu du konkistaren meritua, eta Errusiako Defentsa Ministerioa kritikatu du.

Ukrainako gerra, segur aski, etorkizun hurbilera begira urrats handi bat izanen da konpainia pribatuek gerra egiteko edukiko duten garrantzian. Mertzenarioak gerraren praktika bezain zaharrak dira, baina Gerra Hotzaren hondarreko garaitik bertze mertzenarismo mota bat ari da hedatzen gatazketan: armadetarako norbanakoak kontratatu beharrean, enpresa pribatuak kontratatzea. Kontratista edo konpainia militar pribatu izenak hartu ohi dituzte, funtsean mertzenario talde antolatuak direnak, gerra irabazi pribatuetarako jarduntzat daukatenak.

Hegoafrikako apartheid aroan trebatutako militarrek sortu zuten Executive Outcomes da segur aski eredu horren aitzindari ezagunenetakoa, eta, orduz geroztik, gatazkaz gatazka, herrialdez herrialde, bertze izen batzuk ere ezagun egin dira: MPRI, Blackwater eta Academi, G4S... eta orain Wagner erraldoia.

Biolentziaren monopolioa da estatuen ondasunik preziatuena, baina ematen du hori ere hausten ari dela pixkanaka, inperio handiek feudalismoan bukatu zuten bezala. Eta, pribatizazioen norma segituz: irabaziak pribatizatu, eta hondamendia sozializatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.