Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Urte berri on

2018ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
BERRIAren aurtengo azken zenbakia da hau, eta datorrenak ekar lezakeenari begira jarri da. Urte berriari itxaropen inozo batez ongietorria egiteko ohitura gutxietsi gabe, errealitateak adierazle ilunagoak erakusteko joera du, eta ez dirudi datorrena joandakoa baino hobea izango denik. Merkatuek agintzen duten mundu global zoro honetan, brexit-a, Donald Trump, Europako ezegonkortasun politikoa eta herritarren arteko ezberdintasuna etxe barruraino sartuta dauzkagu, eta gure jokatzeko ahalmenaren gainetik dagoen ziurgabetasun ekonomikoaren eragile izango dira.

Eta ez gatoz leku onetik. 2008ko krisiak lur jota utzi zuen jendea, eta, susperraldiaz hitz egiten saiatu arren, hamar urteotan lan munduan izan den prozesuaren ondorioz, ongizatearen gizartea gain behera doa; soldatek behera egin dute, langileen eskubideak murriztu egin dituzte, prekaritate handiagoa dago, eta susperraldi horren onurak enpresen eta kapitalaren esku geratu dira.

Argi geratu da gutxien dutenak direla ekonomiaren susperraldia nabaritzen azkenak, eta ez da etorkizunaren iragarle izan behar jakiteko ekonomia motelago haztearen ondorioak haiexek pairatuko dituztela lehendabizi, eta, adituen ustez, makalaldia dator.

Kontrako haizeak joko du, baina, hala ere, urte berri ona opako diogu elkarri, esperantza inozoa urtero berritzen delako. Urte berri on!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.