mikel p ansa
HIZPIDEAK

Entzuteko prestasuna

2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun

Bada arreta ematen duen kontu bat, Rosa Roderok eta Ane Muguruzak BERRIArentzat egin duten topaketan agertu dena: biek behar izan dute laguntza psikologikoa, baina biek beren kasa bilatu behar izan dute laguntza hori. Instituzioek legeak eta diru laguntzak jarri dituzte, eta zenbait kasutan laguntza psikologikoa ere eskaini izan dute, baina atentzioa ematekoa da barneko zauriak sendatzen laguntzeko mekanismo antolaturik ez edukitzea.

 

Garaian garaikoa ulertu behar da, eta, seguru asko, gatazkak sorgortu egin ditu askoren emozioak, eta ahuldade keinutzat interpretatu izan da psikologoarenera joatea. Erotzat hartua izateko lotsa eta psikologoarengana joatearen estigma ere handiak izan dira, askoz handiagoak duela zenbait urte. Baina, hala ere, atentzioa ematen du barneko zauriak sendatzeko horren baliabide gutxi sortu izanak. Biktimek euren kasa antolatu behar izan dituzte.

Kanpoko zauri sendaezinak gelditu dira, baina barnekoak landu daitezke, eta bada horretarako premia. Zenbat aldiz ez ote dira «erori» biktimak, Roderok aipatzen duen bezala. Enpatia eta elkar entzuteko ariketak ere inportanteak dira barneko zauri horiek sendatzeko. Eta hori da Muguruzaren eta Roderoren etsenpluak erakusten duena: hitz egiteko ez ezik, entzuteko prest ere egon behar dela. Eta laguntza behar duela prozesu horrek. Inoiz osorik sendatzekotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.