mikel p ansa
HIZPIDEAK

Urrutiko abisua

2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Aberastasunaren pilaketari hatzaparrak geldiaraztea ez da lan samurra. Kapitalak garbi erakutsi du —hamarkada asko eduki ditu horretarako— kontzentratzera jotzen duela beti, eta kanpoko faktoreek soilik geldiarazten dutela joera hori: desastre naturalek eta gerrek, batez ere. Ez da zaila ulertzen zergatik gertatzen den horrela: kapitalaren kontzentrazioari lotuta kontzentratzen da boterea ere, eta gobernuei ezinezko suertatzen zaie botere hori bridatzea; gainezka egiten duen arte; gerraren batekin, edo iraultzaren batekin. Aberastasunaren banaketa justuago bat egiteko saiakera guztiak bertan behera geratzen dira bien bitartean. Gipuzkoan, EH Bildu saiatu zen aberatsentzako zerga bat jartzen, EAJk ahal bezain pronto geldiarazi zuena. Beste marko batean, lekutan geratu dira Sarkozyk «kapitalismoa berriro fundatzeko» egin zuen krisi hasierako aldarri hura. Orain AEBetan hasi dira aberatsei zergak handitzeari buruz eztabaidan. Ikusiko da, gerra bat sortu aurretik hori egiteko gai diren.

Bertolt Brechtek badu poema bat, erakusten duena nola suak irakiten duen tea egiteko ura, eta nola ur hori borborka jartzen den, eta nola ur horrek eltzetik gainez egiten duen, eta nola, azkenean, irakiten jarri duen su bera itzaltzen duen urak. Marxek teorizatu zuena, beste hitz batzuetan alegia —kapitalismoaren barne kontraesanek eramango dutela kapitalismoa bera suntsitzera—. Ikusteko dago kontraesan horiek lehertuko ote diren, baina bihar gerra bat edo iraultza bat baldin badatoz, ezingo du inork esan abisurik ez zegola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.