Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Berandu, baina ez beranduegi

2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Klima larrialdia gora eta behera, denek dirudite gaiarekin kezkatuta, eta ahoa betetzen zaie bateko zein besteko neurriak iragarriz. Baina, munduko ekonomia boteretsuenen artean, alegia G20a osatzen dutenen artean, bakar batek ere ez ditu bete Parisko Itunak 2015ean zehaztutako xedeak, eta guztietan areagotu da berotegi gasen isurketa.

COP25 Klima Aldaketaren Inguruko Nazio Batuen Erakundearen urteroko goi bileran —Madrilen egingo da, bihartik hilaren 13ra—, azterketa pasatu beharko dute, eta Climate Transparency gobernuz kanpoko erakundeak kaleratu duen txostenaren arabera, G20ko bakar batek ere ez luke azterketa gaindituko, nahiz eta batzuk besteak baino ikasle prestuagoak diren.

Klima larrialdiaren zantzuak gero eta agerikoagoak dira: inor gutxik jar ditzake zalantzan. Parisko Itunaren helburuetako bat lurrazalaren tenperatura bi gradu baino gehiago ez igotzea zen, baina, Climate Transparencyren txostenak jasotako datuen arabera, hiru graduko igoera eragingo duen egoera baterantz goaz.

Neurriak hartuta ere, berandu dela diote adituek, baina ez beranduegi. Hitzak utzi eta ekiteko garaia da, eta COP25 goi bilerak ez luke beste aukera galdu bat izan behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.