Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Zahar etxean

2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Koronabirusak adinekoei eragin die gogorren, eta bereziki jo ditu zahar etxeak: 800 egoiliar baino gehiago hil dira, eta 4.000 inguru kutsatu. Datu ofizialak dira horiek, eta segurua da hortik gora joan dela hildakoen eta kutsatuen kopurua, testak egin gabe hil baitira adineko ugari, baina COVID-19aren sintomekin. Zahar etxeei buruzko kezka areagotu egin da asteotan, eta ezinegona ere bai egoiliarren, senideen eta beharginen artean.

Inor gutxik esperotako neurria hartu du birusak Euskal Herrian, oso ataka estuan jarri ditu osasun zerbitzuak, eta bistan utzi ditu urteotan egindako zuloak. Adinekoen egoitzetan gatazka handiak izan dituzte urteotan —Gipuzkoan, adibidez, urte eta erdi zeramaten mobilizazioetan, eta pandemiaren ondorioz eten zuten greba—, eta langileek salatutako hutsuneak sekula baino ageriago geratu dira asteotan: ratioak eta beharginen iritsi ezinak, egoitza askotan falta dituzten zerbitzuak, azpiegitura falta...

Zaintzaren premia, zaintza lanaren garrantzia bista-bistan jarri du pandemiak. Arlo ikusezina da askotan, aintzat hartu gabea gehienetan, baina oinarrizko zerbitzua, osasun krisiak agerian utzi duenez. Oinarrizkoa, baina feminizatua eta prekaritateak joa. Osasun krisiaren ondorengo gogoetetan, sakon heldu beharrekoa da zaintzaren krisia: zahar egoitzen egoera, etxez etxeko laguntza zerbitzuena, etxeko langileena, etxeko zaintzarena... Krisiak erakutsi du zein beharrezkoa den zaintza. Elkar zaintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.