Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Etxea

2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak». Joseba Sarrionandiaren hitzak dira. Aldatu sorterria hitza etxe hitzarekin. Nekez uzten du bere etxea sustraiak han dituenak. Zerk darama bat bere etxea uztera? Ez da bi aldiz pentsatu gabe hartu daitekeen erabakia. Zerk darama bat etxetik alde egitera? Itxaro Arteta kazetariak egin du ikerketa, Mexikon. Desagertutako emakumezko nerabeen %85 bizirik aurkitzen dituzte. Ondorioztatu dute haietako askok beren kabuz egin dutela alde etxetik, «genero indarkeriatik ihesi». Etxeak pertsona eroso sentitzen den tokia izan behar luke, bat lasai dagoen tokia, norbera den lekua. Eta baita bizikideak norbera diren lekua ere. Eta hori, batzuetan, besteen kalterako da. Ez da esaera berria: etxean otso. Eta horrek berekin dakar, batzuetan, bizikideentzat etxea izatea dagoenik eta infernurik handiena. Eta inork ez du infernuan bizi nahi. Mexikon egoera horretan diren hainbat emakume «desagertu» egiten dira. Horren ondorio guztiekin. Artetak dio: «Belaunaldi berriek gero eta gehiago gaitzesten dituzte rol matxistak». Alegia, joera berria da «ihes» egitea; lehen ez ziren «desagertzen». Eutsi egiten zioten. Indarkeria matxista ez baita berria.

Hala dio Karmele Jaiok Aitaren etxea nobelan: «Etxeak ez dira lekuak, etxeak eraikin batetik bestera gurekin doazen atmosferak dira».Atmosferaz aldatzea, lekuz aldatzeaz gain, jendez aldatzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.