mikel p ansa
HIZPIDEAK

Haria

2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Abertzale eta nafarzale batzuei okurritu zitzaien, XIX. mendearen bukaeran, jaso behar litzatekeela oroitarriren bat Amaiurko gaztelua behin egon zen lekuan. Arturo Campion tartean zen, eta bazekien nazio batek estatu bihurtzeko bidean mitoak behar dituela; Orreaga, Amaia, Itzaltzuko bardoa... hari zor zaizkio. Nafarroa —Euskal Herriaren barruan edo aparte, berdin dio— inoiz independente ikusi nahi ez zuten —duten— haiek kontra egin zioten —diote— Amaiurko oroitarriari: gaztelukoak traidoreak zirela zioten garai batean, Frantziako erregea zerbitzatu zutelako. Orain argudioak beste batzuk dira: abertzaleei min egin nahian, gogoratzen dute gipuzkoarrek eta arabarrek eraso egin zietela Amaiurko gazteluko nafarrei.

Mitoek, baina, argudioei kasu gutxi egiten diete, eta, Amaiurko bataila Nafarroako erreinuaren akaberaren gertakizun erabakigarriena izan ez zen arren, Euskal Herriaren independentzia nahi dutenen erreferente historiko-mitologiko bilakatu da. Independentziaren kontra egin nahi dutenen erreferentzia ere bai; horregatik borrokatzen dute mitoa. Kontakizunaren bataila honetan arrazoi historikoa izatea ez baita erabakigarria. Arazoa da badela hari bat, euskaldunen independentzia nahia denboran oso atzera eramaten duena —inporta al du noiz arte?—, eta esanguratsuena da hari hori ez dela eten. Eta atzokoa bezalako ekitaldiek, bere xumean, oihal bera josten laguntzen diote hari horri. Izan zirela jakiteak laguntzen baitu izaten segitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.