BURUA ALTXATU EZINIK

Krisi bat bestearen atzetik, zein baino zein latzagoa, eta ezin egoerari bueltarik eman. Meatzaldean, Ezkerraldean eta Oiartzualdean, krisia kasik egiturazkoa da. Legebiltzarrak, datorren ostegunean onartuko duen txostenarekin, eskualdeontzako behin betiko konponbideak lortzeko bidea ireki nahi du.
Sestao Erandiotik begiratuta. Ezkerraldeko egoera sozioekonomikoaren adierazleetako asko herrialdeko okerrenetakoak izan dira azken hamarkadetan.
Sestao Erandiotik begiratuta. Ezkerraldeko egoera sozioekonomikoaren adierazleetako asko herrialdeko okerrenetakoak izan dira azken hamarkadetan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Irune Lasa -

2018ko maiatzak 20
Biztanleria zaharkitua, hiri ingurune degradatuak, langabezia handia, eskola porrotaren indize altuak, pobrezia erreala gorantz, gizarte laguntzen gero eta behar handiagoa... Zenbaitetan kontrakoa ematen badu ere, Euskal Herrian badira errealitate horretan bizi diren eskualdeak, eta, gainera, urteak daramatzatenak egoera horretan, burua altxatu ezinik.

Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oiartzualdea ia beti ageri dira adierazle sozioekonomikoen postu txarrenetan, nahiz eta 80ko urteetatik, arazo horiek konpondu nahian, hainbat neurri, politika, plangintza eta abar egin izan dituzten erakundeek. Europako Batasunak berak oraindik ere egoera ahuleko eskualdetzat jotzen ditu hirurak.

Oraingo honetan etorriko ote da konponbidea? Berehalako neurriak aurreikusten dituen talka plan bat eta luzera begirako erakundearteko plan estrategiko bat daude orain mahai gainean: datorren ostegunean, hiru eskualdeen egoera sozioekonomikoari buruzko txostena onartuko du Eusko Legebiltzarrak.

Ahobatekoa izango da erabakia. Abiapuntuan ere jada adostasun handia egon zen. «Proposamena egiteko arrazoiak hain ziren nabariak», esan du Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak, adostutako txostena orokorra izateak ere horretan lagundu duela aitortzearekin batera. «Azkenean, ez da plan bat, baizik plan hori egiteko irizpideak. Iparrorratz bat. Gure ustez, orain arteko planak baino integratzaileagoa, eragile sozioekonomiko guztien inplikazioa bilatzen duena».

EH Bilduren ekimenez, 2015. urtean abiatu zen Ezkerraldearen, Meatzaldearen eta Oiartzualdearen egoera sozioekonomikoari buruzko azterketa. 2016ko hauteskundeek txostena osatzeko lanetan etena ekarri bazuten ere, taldeek atzera azterketari berrekitea erabaki, eta agerraldi gehiago izan dira joan den urtera arte. Bitarte horretan, erakundeek, alkateek, ikerlariek eta eragile sozialek euren datu eta iritziak azaldu dituzte, eta agerian utzi dute zenbateraino diren larriak hiru eskualdeen arazoak. Langabezia, zahartzea, hirigintza kaskarra, prestakuntza falta...

Historiaren itzala

Eskualdeok «euren historiaren biktima» direla uste du Gaindegiko Imanol Esnaolak. «Hiru gauza batu zaizkie: intentsitate handiko historia bat; ekaitz perfektu bat, 80ko urteetako krisia; eta errealitate berriari aurre egin ahal izateko oinarri falta».

Ezan ere, ekonomiaren ikuspegitik intentsitate handiko historia dute Meatzaldeak, Ezkerraldeak eta Oiartzualdeak. Industria astuna, lantegi erraldoiak... Eta, aldi berean, prozesu soziodemografiko oso gogorreko historia, langileak milaka, immigrazioa...

Gainera, ez zen beharrezkoa langile horien kapital intelektuala oso handia izatea. «Kapital ekonomikoa kanpotik iritsi zen eremu horietara, eta baita kudeaketan arituko ziren ingeniari, zuzendari eta abarrak ere. Eredu fordistari frankismoa gehitu zitzaion, ziurrenez lurraldearekiko sentsibilitate handiagoa izango zuten enpresari abertzaleak zigortuz. Komunitate hori zigortu ez balute, ziur aski, trantsizio sozioproduktiboa desberdina izango zen».

Aldagai horiengatik, Esnaolaren ustez, ekaitz perfektua iritsi zenean, «80ko krisiak aurreko 40 urteetako industria betiko ihartuta utzi eta oinarri produktibo berri bat eraiki behar zenean, neurri batean, eskualdeok ez zuten ekonomian eragiteko gaitasun endogenorik».

«Edonor egongo litzakete ahul halako olatu bat pasatu balitzaio gainetik», uste du Esnaolak. «Gaitasuna behar delako ekimen produktiboak aurrera ateratzeko. Nik gaitasun endogeno deitzen diot Durangaldeak daukanari, Debabarrenak, Debagoienak, Goierrik. Bertan dituzte formaziorako eskolak, kudeatzaileak, langile trebatuak eta kapitala... Hori ez dago ez Oiartzualdean ezta Ezkerraldean ere. Eskualde horiek gaitasun endogenoak garatzeko apustua egin behar da; ezin dira kanpoko kapitalaren apetari begira egon, bai baitakite hortik zer datorren eta zer ez».

Legebiltzarraren txostenak formazioaren, talentuaren eta ekintzailetzaren aldeko apustuaren beharra azpimarratu du. Besteak beste, Ezkerraldean eskola porrotaren tasa %30 ingurukoa delako. Han eta Meatzaldean, gainera, bigarren eta hirugarren mailako ikasketadun pertsonen zenbatekoa Bizkaikoaren batez bestekoaren azpitik dago.

Industriaren pisu eskasa

Industria indartzeko neurriak ere ezarri nahi dituzte orain; bai industria aurreratuen inguruko inbertsioak erakartzeko, baita gain behera doazen industriak zaharberritu eta lehiakorrago egiteko ere. Deigarria da historikoki industriara horren lotuta egondako Ezkerraldean sektore horrek hain pisu eskasa izatea. Eskualdean balio erantsi eskasagoko zerbitzuena da, alde handiz, pisu gehien duen sektorea. Turismoaren pisua handitzeko moduak aztertzeko agindua ere ematen du txostenak.

Biztanleriaren zahartzeari erantzun egokia eman ahal izateko baliabideen beharraz gain, gazterik gabe gelditzeko arrisku bizia dute hiru eskualdeok. Horregatik, txostenean etxebizitza publikoko eskaintzak eta batez ere alokairu publikoaren sustapena bultzatu beharra ikusi du. Eremu degradatuenen erregenerazioa ere aldarrikatu du, eta baita pobrezia ghettoen desagertzea ere. Hiri abegikorrago eta adiskidetsuagoak dira helburua, gazteak jaioterrian gera daitezen. Beste hainbat proposamen ere jasotzen ditu txostenak, baita planen betetze maila urtero gainbegiratzeko proposamena ere.

Ostegunean onartuko da txostena, eta, behin legebiltzarrak bere egitekoa beteta, erakundeen txanda etorriko da, txostenean proposatzen diren talka plana eta plan estrategikoa abian jartzeko. «Orain beste erakundeen txanda ere iritsi da», dio EH Bilduko legebiltzarkideak. Jaurlaritzak, aldundiek, udalek, guztiek hartu dute parte legebiltzarrean egindako azterketan: «Eta eskertu egin dute planteamendu integrala bat izatea. Horregatik pentsatzen dugu harrera ona izango duela. Orain, denon artean bilatu behar dugu honen kudeaketa, neurri batzuk datozen hilabeteetan hartu behar baitira. Beste neurri batzuek izaera estrategikoagoa dute, eta denbora gehiago beharko dute».

Esnaolak itun zabal eta luzera begirakoak nahi ditu. «Edozer egiten dela ere, aldarrikatuko nuke hogei urterako bisioa eta konpromisoa behar dela. Oiartzualdearen eta Ezkerraldearen aktibazioak itun zabalak eta luzeak eskatzen ditu. Sartu behar dira udalak eta goragoko erakundeak, baina sartu behar dira eragile sozialak, ikastetxeak unibertsitateak, sindikatuak eta beste ere. Eta iraun behar du gutxienez hogei urte, aldaketa ez delako egun batetik bestera gertatuko. Hogei urtera ikusiko dugu bilakaera baikor bat dugun eta hasi garen gauza batzuk gainditzen ala ez. Baina ekimenak, adostasunak, aurrekontuak ez badira mantentzen hogei urtean, halakoa dute eskualdeok desastrea, ez baitiote buelta emango».

Enkarterri

Legebiltzarraren txostenaren hasierako mandatuan ez zen agertzen Enkarterri eskualdea, baina egiten zaio aipamena haren ondorioetan. Iker Casanovak azaldu duenez, lanak aurrera joan ahala, konturatu dira «hurbiltasun fisikoaz gain badagoela hurbiltasun sozioekonomiko bat» Ezkerraldearekiko. «Ez dira eskualde antzekoak, baina izan ditzakete arazo osagarri komunak, eta baita konponbide komunak ere». Hala ere, Enkarterrik aldundiak bultzatutako plan propioa duela aintzat hartuta, eskualdea ez da sartu txosten honetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna