Eneko Carretero. Eskalatzailea

«Emaitza onak aurrera jarraitzeko motibazioa ematen dit»

EKAITZ ANDA.
Unai Ugartemendia.
Berriobeiti
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Diziplina bakarrean lehiatzeko hautua egin zuen euskal selekzioko eskalatzaile bakarra izan zen, motibazio falta tarteko. Arrisku handiak hartu zituen, baina apustua ondo atera zitzaion Carreterori (Zumaia, Gipuzkoa, 2001). Emaitzak motibazioa berreskuratzeko balio izan dio.

Nolakoa izan zen boulderreko finala?

Arraroa izan zen; oso bloke gogorrak izan genituen. Zailtasun handia zuten, eta oso mugimendu zehatzak egitea eskatzen zuten blokeak jarri zizkiguten. Dena azken blokean erabaki zen.

Boulderren bakarrik lehiatu zinen. Horrek presio handiagoa sortu al zizun?

Ez nuen presio berezirik, baina, bestetik, beldur hori ere banuen, alegia, dena diziplina batean jokatzearena. Ondo atera zait apustua, baina, gaizki ateraz gero, dena pikutara zihoan. Ez dago oso ondo ikusia dena diziplina batera jokatzea.

Zein izan da diziplina bakarrean lehiatzeko arrazoi nagusia?

Motibazio falta. Zailtasunerako ez nengoen batere motibatuta, eta abiadura ez zait batere gustatzen. Gainera, ez naiz diziplina horretan entrenatzen. Hala ere, boulderrerako oso motibatuta nengoen.

Zer asmorekin joan zinen txapelketara?

Banekien indartsu nengoela, eta lehen helburua finalera pasatzea zen. Lehen egunetik dena ondo joan zen, baina ez nuen horrelako emaitzarik lortzea espero. Txapelketa hasi bezain pronto, ikusten nuen zerbait lor nezakeela, baina ezustea izan da azken emaitza.

Zegoen maila kontuan hartuta, bada zerbait bigarren egitea.

Bai. Oraintxe bertan oso zaila da Alberto Ginesi irabaztea. Fisikoki oso indartsu dago, baina psikologikoki ere oso zaila da gaur egun hari irabaztea. Ez zioten maila gorenera joateko aukerarik ematen, baina aurten izan du aukera, eta agerian utzi du bere maila.

Boulderreko emaitza ikusita, berreskuratu duzu motibazioa?

Bai, lortutako emaitza onak asko lagundu dit alde horretatik. Aurrera jarraitzeko motibazioa ematen dit.

Zer helburu izango duzu orain datozen hilabeteetarako?

Lehenik, orain dudan sasoiari eustea. Abenduko zubian Espainiako selekzioan sartzekoprobak izango ditugu Madrilen, eta indartsu iritsi nahi dut, selekzioan sartzeko. Gero, arrokan ditudan proiektu pertsonalen ordua izango da.

Zer asmo duzu datorren urterako?

Europako Kopan lehiatzea gustatuko litzaidake, eta, ahal bada, seniorretan aukera izatea. Oraindik gazte kategoriako azken urtea daukat aurretik, baina Munduko Kopako boulderreko probaren batera joateko irrika dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.