Arrauna. Euskotren liga

Lehia handia izatea espero da

Bihar hasiko da hamabigarren Euskotren liga, Coruñan (Galizia). Orio, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia ariko dira, eta hamabi estropada izango dituzte. Estropada guztietan lehia estua izatea espero da, aurreko urteetan ez bezala hautagai bat baino gehiago baitago.

Iaz Santurtzin jokatu zen Euskotren ligako estropadaren hasiera. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Arraunean, beste kirol batzuetan ez bezala, emakumezkoak lehian izango dira COVID-19aren pandemiak eragindako etenaren ondoren. Ez da bereizketarik gizonezkoekin alderatuta, eta nabarmentzekoa da, nabarmendu beharrekoa izan behar ez lukeen arren. Bihar hasiko da hamabigarren Euskotren liga, eta Coruñan (Galizia) aterako dizkiote lehiaketaren aurreneko aparrak itsasoari. Hamabi estropadak osatzen dute egutegia, eta, ohi bezala, lau talderentzat baino ez da izango lehiaketa: Oriorentzat, Arraun Lagunak-entzat, Donostiarrarentzat eta Hondarribiarentzat. Iazko laukote bera.

Oriok irabazi zuen aurreko urtean lehenengo liga zuena, nagusitasunez irabazi ere, estropada batean ez beste guztietan astindu baitzuen bandera. Garaipen hori Arraunentzat izan zen. Aurten, ematen du lehia are handiagoa izango dela, irekiagoa. Neguan jokatu zituzten estropadetan, Hondarribiak ez beste hiru taldeek lortu zituzten garaipenak, jaitsieretan eta distantzia luzeko Euskadiko Txapelketan.

Lehiarekin lotutako kontu horiek bihartik hasiko dira argitzen, eta argitzen hasteko aukera bera edukitzea ere bada albiste. Pandemiaren eraginez, arrisku bizian egon da traineru denboraldia, arraunlariek itxaropena galdu ez bazuten ere, etxean eta bakardadean entrenatzen jardun behar izan zutenean. «Nik, behintzat, inoiz ez nuen esperantzarik galdu», esan du Leire Garatek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1988). Orioko arraunlariak onartu du, hala ere, pentsamendu on hori entrenatzeko motibazioa ez galtzeko ere erabili izan zuela: «Neure burua engainatzeko ere bazen, eta garbi nuen ez bagenuen jokatu behar udan azkenera arte ez zigutela esan beharko». Nerea Txokarro (Donostia, 1992) Arrauneko arraunlariak ere etxeko entrenamenduak ekarri ditu gogora: « Ez gara inoiz geratu, entrenatzen segitu dugu, nahiz eta albiste onik ez izan oro har. Baina lan polita egin dugu».Tayde Gomez de Segura (Zarautz, Gipuzkoa, 1992) Donostiarrako arraunlariak «beldurra» hitza aipatu du: «Ez genuen espero liga jokatuko genuenik; beldurrez ginen, baina aurrera doa lehiaketa». Miren Idarretari (Oiartzun, Gipuzkoa, 1994), Hondarribia taldeko arraunlariari, inoiz ez zitzaion itxaropena itzali: «Baikorrak izan ginen, eta espero genuen gauzak hobetuko zirela». Etxean entrenatzeari aparteko etekina atera ziotela azaldu du: «Orain burugogorrago gaude lehen baino, eta indartsu berrekin diogu lanari. Pisu asko kendu dugu trainerutik, blokea iazkoa baino hobea da, watioak igo ditugu, eta pozik gaude».

Etxeko entrenamenduei uretan aritzeko aukerak eman zien segida ekainaren 8an, duela hilabete, eta laurek kontatu dute ez dutela asko antzeman hiru hilabetez trainerurik ukitu gabe egon behar izatea. Garatek dio «motibazio handia» izan dutela itzuleran, eta horren eraginez «indarrez» dabiltzala: «Egun onak eta txarrak ditugu, besteek bezala, baina normala da. Ez da ahazten elkarrekin arraun egitea zer den». Txokarrok konfinamenduan «pilatutako amorrua» erabili du uretara itzultzea zer izan zen azaltzeko: «Beldurra ematen zuen hilabete garrantzitsuak galdu ditugulako, blokea osatzeko eta sendotasuna lortzeko. Baina bueltatzean, segituan hartu dugu lehengo bidea, aurretik egindako lana oso ona izan zelako, eta oso pozik gaude egiten ari garen denborekin eta emaitzekin. Konfiantza handia eta duda gutxi ditugu; indar handiz gaude, orain arteko amorrazio guztia ateratzen uretan, eta emaitza ikusten ari da». Donostiarra traineruaren kasuan, beste era bateko mezua plazaratu du Gomez de Segurak: «Uretan ezin entrenatu ahal izatea galera da blokea egiteko, eta, gainera, udaberrian, ontzi txikietan lehiatzeak txispa eta bizitasuna gehitzen dizkio sasoi puntuari. Azkenean, arraunaren palak uretan behar du, eta ez lehorrean. Ez zer gertatzen den». Idarretak nabarmendu du Hondarribian aldaketa gutxi izan direla taldean iaztik, eta hori onuragarria izan dela uretako lanaren galera ahalik eta txikiena izateko: «Espero baino hobeto gaude. Ez du ematen uretan ibili ez garenik: utzi genuenean bezala hartu dugu. Iaztik aldaketa gutxi ditugu, hiru arraunlari joan eta hiru etorri zaizkigulako, eta ondo dabil trainerua uretan».

Arraun, konfiantza handiz

Ezohiko prestakuntza horrekin ekin beharko diote lehiari, eta denboraldian zehar ere izango du eragina, modu batean edo bestean. Talde bakoitzak dauzka bere helburuak, prestakuntzak prestakuntza, eta horiei heldu diete lau arraunlariek. Oriorena «iazkoa berdintzea» dela azaldu du Garatek, eta hobetzen badute «perfektua» izango dela uda. Berdintzea bera ere zaila izango dela onartu du, hala ere: «Antzeko mailan gaude talde guztiak». Arraun «irabaztera» doala agerian utzi du Txokarrok: «Beldurra ematen du esateak, baina irabaztea da gure helburua, umiltasunez esanda. Iaz oso ondo ibili ginen, talde antzekoa dugu aurten, askoz indartsuagoa watioak eta blokea indartu ditugulako.Arraunketa findu dugu, gainera. Uretan beste jarrera eta esperientzia bat dago». Gomez de Segurak beste bide bat hartu du Donostiarraren helburuak zehazterakoan: «Ahalik eta ondoen egin nahi dugu dena, eta irabaztea izango da talde guztien nahia, baina bihartik hasiko dira gauzak argitzen. Gure kasuan, beste pauso bat eman nahi dugu aurrera, hobetzen segitu». Urrats hori ahalik eta luzeena izateko, indartu egin da Donostiako bi taldeetako bat, eta San Juan loriatsuan dena irabazitako sei arraunlari eta entrenatzailea ekarri dituelako aurten tostetara: «Mentalitate irabazlea dago taldean; esperientzia hori badakarte berriek, eta dena ematen ari dira. Urte askoan irabazten aritu dira, eta asko eskatzen dute; gure artean hori aldatu da asko. Eta badakite zer egin behar den irabazteko». Hondarribiak kanporaketan eutsi zion iaz ligako postuari, uda osoan bi estropada horiek jokatzearen kondena gainetik kendu nahian ibili eta gero. Horregatik, Idarretak ligako laugarren postuarena aipatu du: «Gure helburua da laugarren lekua atzean uztea, eta, estropadak jokatu ahala hori lortzen badugu, beste helburu batzuen bila joango gara. Iaz baino segurtasun handiagoa daukagu».

Itsu-itsuan aterako dira bihar uretara, azkeneko estropada martxoan jokatu zutelako. Ez dute erreferentziarik ordutik, ez aurkarienak, ezta norberarenak ere, ez direlako ordutik lehiatu. Hala ere, beste taldeen inguruko iritzia eskatu zaienean, eman dute iritzia, horretarako lehiaren oinarri sendoa izan ez arren. Garateren ustez, «lehia handia izango da». Neguko estropadei heldu die iritzia emateko: «Ikusi genuen Donostiako bi taldeak ondo daudela, eta Hondarribiak ere maila ona emango du. Pixka bat despistatzen dena atzean geratuko da, eta aukerei heltzen dienak irabaziko ditu banderak». Arraunen ikuspegitik begiratuta, erreferentzia falta nabarmendu du Txokarrok, baina uste du Orio «oso indartsu» egongo dela. Pronostikoa findu egin du uda osora begira, eta iruditzen zaio biren lehia izango dela: «Gu bion artean egon daiteke, Orioren eta Arraun artean. Beldurrik ez diogu inori, eta izatekotan, Oriori». Beste bi taldeak hizpide hartuta, Donostiarraren kasuan uste du «denbora galdu» dutela blokea egiteko: «Fitxaketa garrantzitsuak egin ditu, baina denbora behar da uretan taldea finkatzeko». Hondarribiaz ziurtasun bat plazaratu du: «Hobetu egingo dutela ziur nago». Gomez de Seguraren iritziz, ezin da zehatz jakin aurkariak nola dauden, ezta beraiek ere: «Denok egon gara egoera berean hiru hilabetez». Iazkoarekin alderatuta dagoen ezberdintasun handienari ez dio ihes egin: «Gu gara gehien aldatu garenak, besteak ez, eta ea nola gauden». Arraunen inguruan uste du lehian izango dela: «Iaz ere borrokan ziren, eta, gainera, pare bat fitxaketa egin dituzte. Aurkari gogorra izango da». Hondarribia askotan ikusi zuen iaz Donostiarrak alboan, azkeneko postua atzean utzi nahian, baina aurten nola ibiliko den ez daki: «Iaz, bi taldeok ibili ginen atzeko lehian, baina aurten, egia esanda, ez dakit nolako Hondarribia azalduko den». Idarretak aurkariaren analisiari iazko aurkari zuzena aipatuz ekin dio: «Hobetuko dute hainbeste fitxaketarekin; esperientzia dute». Arraunez, iragarpen batekin busti du deskribapena: «Indartsua da, baina uste dut irregularra izango dela».Orioren bueltan ere ausartu du aurreikuspen zehatza egiten: «Beti ibiliko da lehen bi lekuetan».

Igandeetako estropadak

Talde bakoitza nola ariko den baldintza dezakeen aldagaia larunbatetik igandera indarberritzeko gaitasuna izan daiteke. Pandemiaren eraginez erabat aldrebestu den prestakuntza dago kezkaren atzean. Garateren ustez, «erritmoa eta txispa falta» izango dute, baina badu erremedioa: «Estropadekin jarriko gara puntuan, eta, bitartean, ez bagara ondo indarberritzen iganderako, denok egongo gara horrela». Txokarrok onartu du «jipoia» izango dela, baina entrenamendu gogorrak egin dituztenez, gorputzak «memoria ona» izanik, hori eta gehiago jasateko gai izango direla. «Igandeetako estropadak larunbatetakoak bezain onak izango dira, seguru», gehitu du. Gomez de Segurak «kezka» dauka igandeko estropadekin, bainabeldurrik ez: «Ez dakigu gorputzak nola erantzungo digun. Estropada bat ondo egingo dugula badakigu, jarriko da erritmo horietan, baina errekuperazioarekin zalantzak dauzkat». Azkenik, Idarretak bat egin du Garatek esandakoarekin gai horren inguruan: «Talde guztiak baldintza berdinetan gaude alde horretatik, eta denoi aterako zaigu okerrago igandekoa, ateratzekotan. Joango gara hartuz uda aurrera doan bezala, estropadak egin ahala. Hasieran nekatuta ibiliko gara akaso, baina ohituko gara gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.