jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Salbuespena

2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Eta zergatik bai? Apirilaren 28ko Espainiako hauteskundeetako eztabaidetako bat izan zen ezker independentistan: abstentzioa. Alegia, merezi ote duen Madrilera joatea ikusirik, eskumenak negoziatzeko ez bada, zaila dela eragitea han, geroz eta zailagoa itxuraz. Urtebete baino gehiago pasatu da Rajoyren kontrako zentsura moziotik, eta aste honetan Pedro Sanchezen gobernuak Kataluniako Parlamentuaren zenbait ebazpeni helegitea jarriko diela esan eta, bide batez, 155. artikulua aipatzeak adierazten du zer urrun dagoen duela urtebete beraz espero zitekeenetik eta zer gertu iazko ekainaren 1ean jatetxe batetik burumakur atera zen Rajoy harengandik.

Azaroaren 10ean berriro egingo dira Espainiako Gorteetarako bozak. Hilabete hauetan Madrilen ikusitakoak azaroaren 10ean etxean geratzera bultzatu badezake ere, CUPek lehen aldiz aurkeztea erabaki du. «Salbuespen egoera» batean daudela diote, eta ulertzen da salbuespen bat egingo dutela, «arduraz». Ez da edonolako erabakia: 2012an udal politikagintzatik Kataluniako Parlamenturako jauzi egitea ere ez zen izan erabaki erraza, baina bistakoa da CUP parlamentuan egon gabe prozesua ez zela helduko iritsi den tokira.

Kontua orain ez da hainbeste inbestidura batean zer egin, baizik eta hautatzen dutena hautatzen dutela ere, egon ezin direnengatik besterik ez bada, egotea. Eta egote horretan orduan eta gehiago izan independentistak, hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.