Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Adituen ordua

2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Ikerketa zientifikoen beharra agerian jarri du koronabirusaren krisiak. Galdera asko dago airean, eta azkar nahi dituzte erantzunak: zein den birusaren jokabidea, zein den aurre egiteko biderik eraginkorrena, eta, batez ere, txertoa noizko egongo den prest.

Halako egoeretan hartzen dute protagonismoa zientziak eta ikerketak. Inor gutxi gogoratzen da aurrekontu murrizketak iristen direnean, ikertzaile gazteei bidea trabatzen zaienean, oinarrizko ikerketa baliogabetzat jotzen denean, ehun ekonomikoan zuzenean eragiten duen ikerketa lehenesten denean.

Orain arteko azterketen arabera, saguzarrek eta pangolinek dute SARS-CoV-2 koronabirusa. Ziurtzat jotzen dute basanimalien merkatu bat dela izurriaren epizentroa, Wuhango merkatu bat: han kutsatu zela lehen gizakia. Askoren begietara, garrantzirik gabea izango zen saguzarren eta pangolinen birusak aztertzea, diru xahutzea. Eta hara.

Hedatu eta hedatu ari da koronabirusa. Hego Euskal Herria «erabat ixteko» eskatu du aditu talde batek The Lancet aldizkarian: «ezinbesteko» jarduera ekonomikoak soilik egotea martxan, kutsatzeak eragozteko. Bart arratsean eman du pausoa Espainiako Gobernuak: oinarrizkoak ez diren sektoreetan lantokietako jarduna etetea erabaki du. Alegia, itxialdia osoa izatea, etxetik irten beharrik ez izatea lanera joateko. 300 herritar baino gehiago hil dira jada. Bestelako interesen gainetik osasuna lehenesteko garaia da. Adituei kasu egitekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.