mikel p ansa
HIZPIDEAK

Doktrinatzea

2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Beti dago proiektu nazional bat atzean. Euskal Herriaren aldeko edozer egitea doktrinatzea da, eta Espainia edo Frantzia daudenean eustea normalitatea, baina beti dago proiektu nazional bat eraikitzeko bitarteko bat atzean. Proiektu nazionalak egunero eraikitzen direlako. Alemania ez zen existitzen, eta Italia ere ez, ezta Finlandia ere, are gutxiago Frantzia eta Espainia. Sortu egin ziren. Eta aldatu. Norbaitek imajinatu egin zituen, irudikatu, marraztu, erakutsi. Eta jarraitu behar dute etengabe eraikitzen, estatuak eta nazioak aldatu egin direlako, eta aldatzen jarraituko dutelako. Pertsonen eraikuntzak baitira. Eta hori baita boterea: pertsonei imajinatu dezaketena eta ez dezaketena mugatzeko ahala. Estatuek dute proiektu nazionalak irudikatzeko boterea. Horregatik, Hegoaldean, ezagutzen dira Alacanten gertaturiko hilketa matxistak, eta ez Bordelen gertaturikoak. Eta alderantziz. Eta horregatik desagertzen da Euskal Herria ikasliburuetatik. Ezin dena imajinatu ezin delako existitu. Eta auzi honetan ikasliburuak ez dira neutroak. Euskal Herria erakustea bezainbesteko doktrinamendua da ez erakustea; proiektu nazionalen arteko gatazka batean gaudelako hemen. Beste zerbait litzateke ikasliburuek gatazka nazionalaren berri emango balute, eta bertsio guztiak erakutsiko balituzte, baina ezta hori ere: gatazka nazionalik ez da existitzen ikasliburuetan —ezta beste inolako gatazkarik ere—. Eta inertzia ezarrita dagoena bultzatzea da auzi honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.