HIZPIDEAK
Gerra egitea, «betebehar zibikoa»
Gizonek derrigorrez joan behar dute gerrara Ukrainan. Gehienek obeditu dute, baina ez denek: ez daude ados gerra honekin, edo gerren kontra daude oro har, edota ez dute hil nahi, baina asilo eskubidea ukatzen ari zaie hainbat herrialdetan, besteak beste, Espainian. «Zeinen larria den, eta zeinen gutxi aipatzen den», gogorarazi du Juan Kruz Lakastak.
Eta, bai, gutxi hitz egiten da, badirudielako Errusiaren aurka egotea egokitzen dela orain, eta aurkakotasun horretan sartzen dela ukrainarren adorea eta gerraren zilegitasuna nabarmentzea. Espainiako Auzitegi Nazionala gizon ukrainarren asilo eskaerak ukatzen ari da: «Eskatzailearen jatorrizko herrian soldaduska derrigorrezkoa bada, ezin da onartu auzitegi honek betebehar zibiko hori ez betetzearen alde egitea». 18 eta 60 urte arteko gizon guztiak derrigortu dituzte muga ez igarotzera.
Espainian edo Frantzian inbasio bat egongo balitz, zer gertatuko litzateke gizonak eta agian emakumeak gerrara joatera derrigortuko balituzte? Nahiz eta Hego Euskal Herriak eta Kataluniak ezetz esan zioten NATOn sartzeari? Gerra batean parte hartu beharra, eta gainera, Espainiaren eta Frantziaren izenean. Intsumisioa eztabaida gunean jartzeko beharra dago, berriz ere.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.