mikel p ansa
HIZPIDEAK

Udalen kontra

2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Nazio estatuen historian boterea kontzentratzeko joera ezinbestekoak ekarri du udalen ahalmenen kontrako politika bat, eta horrela joan dira udalak boterea galtzen eta galtzen, eta estatuak kentzen eta kentzen. XIX. mendean, artean, udalek eskumena zuten eskolak antolatu eta irakasleak kontratatzeko, epaitegiak, idazkariak, errotak, tabernak, lur komunalak eta beste baliabide ugari kudeatzeko. Pixkanaka galtzen joan dira horietatik gehienak, estatuentzat kasu batzuetan, korporazioentzat beste batzuetan, pribatizatu ere egin direlako baliabide horietako batzuk, eta baliabidez eta eskumenez hustu direlako udalerriak. Harrigarria ere bada nola, oraindik ere, ez dieten kendu herriko lurretan dauden enpresen jarduera baimenak kobratzeko ahala, adibidez. Oraingoz, bere lurrei buruz erabakitzeko eskumena kendu diete, behintzat, edo horretan da borroka bat orain. Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak debekatu egin die baztandarrei Erdizko bazkalekuan harrobi bat egiteari buruzko iritzia ematea. Udalen gaindiko proiektuen asmakizuna horregatik egin zuten, hain justu: demokrazia behar denean saltatzeko eta udalen autonomiari beste kolpe bat emateko. Ez da naturari eragin diezaiokeen kalteei buruzko edo ekonomiari buruzko gatazka bat soilik: udalen eta herritarren autonomiaren kontrako gatazka bat ere bada. Eta, noski, kasualitatea da estatuen eta korporazio handien interesak ia beti eskutik helduta joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.