mikel p ansa
HIZPIDEAK

Krisia

2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Txileko protestak metroko txartela garestitzearekin batera hasi ziren. Frantzian, erregaien zergak sortu zuen Jaka Horien mugimendua, orain justu urtebete. Aste honetan Iranen hasi dira protestak, arrazoi beragatik, gobernuak petrolioaren prezioa igo duelako. Gainezka egiten ari den sistema baten sintomatzat har litezke: mugarik gabe bidaiatzea eta mugitzea saltzen duen sistema bat, bere promesak betetzeko gero eta zailtasun gehiago dituena. Alde batera, ase ezin dituen ametsak saldu ditu neoliberalismoak, eta orain muturreko bat hartu du horiek irentsi zituen klase ertainak —Frantzian, adibidez—. Beste aldera, amets horiek berak egiazkoak direla eta lehen munduaren ilusio urrutikoa haientzat ere nahi dutela pentsatzen duten klase pobretukoak daude. Iraken eta Libanon izan berri dira erreboltak. Eta Sudangoa eta Aljeriakoa, gobernuak erorarazi dituzten azkenetakoak. Udaberri Arabiarra deitu zutenaren eta M-15en gisako mugimenduen oihartzuna oraindik aditzen da, eta bat egiten du klima larrialdiaren kontra gazteak eta Extinction Rebelion eta gisakoak egiten ari diren protestekin. «Neoliberalismoak ez du promesa bete, eta erreakzio bortitzak eragin ditu», adierazi du Romaric Godin kazetariak. Eta bortitzagoak eragingo ditu. 1968ko maiatzekoa eta harekin batera garatu ziren askapen gerren pareko aro historiko batean sartu da mundua, nahiz oraindik goiz den perspektiba hartzeko. Edozein moduz, argi dagoena da historia ez dela amaitu: inoiz baino biziago dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.