Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Ukitua, baina ez hondoratua

2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herrian, ontzigintza indar handiko sektorea izan da historikoki. Albaolan berregiten ari diren San Juan baleontzia XVI. mendekoa zen, eta ordurako euskal ontziolek pisu handia zuten kontinentean. Kalitate handiko ontziak egiten zituzten, Euskal Herriko baso ugarietatik ateratako egurrarekin. Azpiegiturek garapena eta modernizazioa izan zuten, eta XX. mendean industria sektore garrantzitsua zen ontzigintza, milaka langileri jaten ematen zien sektorea, ontzi erraldoiak egiten zituena. Ontziola handiak zauden (Naval eta Euskalduna, kasurako) eta baita txikiago asko ere.

1984an itxi zuten Euskalduna. Ahaztezinak dira hango langileek egindako borrokaldi luzearen irudiak. Ia lau hamarkada pasatu dira, eta Naval zen ontzi handiak egiten jarraitzen zuen ontziola bakarra. Hura ez hondoratzeko ahalegin handiak egin dira, baina ur gainean urte batzuk gehiago egoteko baino ez dute balio izan.

Lehia handia da sektorean, eta ontzi handien partida Asiak irabazi du (Txinak eta Hego Koreak bereziki). Baina ontzigintzaren partidak jarraitzen du. Itsas Gudua jokoan bezala, partida ez da amaitzen azken ontzia hondoratu arte, eta, gutxi —eta ez hain handiak— badira ere, euskal ontziolak lehiakorrak dira oraindik ere, eskaerak jasotzen dituzte oraindik ere. Sektorea ukitua izan da, baina ez hondoratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.