Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Izan ala ez izan

2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Eskoziarrek 2014an bozkatu zuten, eta Erresuma Batuan gelditzea erabaki. Orain, bigarren erreferendum bati begira daude begi guztiak. Badakite egin egingo dela; auzia beste bat da: noiz izango da? 2023a dute batzuek begiz joa, nahiz eta nekeza dirudien garaiz iristea; gehixeago itxarotearen aldekoak dira beste batzuk, estrategikoki horrek independentziaren aldeko jarrera sustatuko duelakoan. Batera edo bestera, gauza bat nahiko ziur dute: erabakitzeko aukera izango dute berriro.

Behin onartu zitzaien eskubidea, eta bigarrenerako bidea errazten du horrek. Baina, batez ere, negoziazio horretan parte den beste aldearen jiteak ematen du ziurtasun hori. Eta Michael Gove Erresuma Batuko Gobernuko Kabineteko ministroak uda honetan bertan erakutsi du zein den jite hori: «Eskoziako herriak, egoera egokian, galdera berriro egin dezakeela dioen printzipioak hor jarraitzen du». Herritarren «borondate sendo bat» ikusten dutenean izango omen da berriro galdetzeko une egokia.

Negoziazioak ez dira errazak izango, eta Erresuma Batuko Gobernua saiatuko da data atzeratzen eta galdeketa oztopatzen. Baina Londresek ere badaki: galdeketa egin egingo da.

Beste ingeles ezagun baten pertsonaiak esango lukeen antzera, «demokrazia izan ala ez izan... hortxe dago gakoa». Izan ere, herriari galdetzea eskubide bat da demokrazia batean; sasidemokrazia batean, berriz, delitua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.