jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Balkoian

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Balkoitik ikusi dute EAJko lau ordezkarik Irungo alarde parekidea. Irudia ez da oharkabean pasatu, ez baitira alferrik igaro hogei urte baino gehiago jeltzaleen errespetuzko gutxienezko jarrerarik gabe. Iaz Irungo batzokiko balkoi batean zeuden batzuek (ez denek) bizkarra eman zioten alarde parekideari. Balkoitik balkoira aldatu da zerbait, baina ez nahikoa. Aste honetan EAJk bizkarra ematen jarraitu du, Gipuzkoako Batzar Nagusietan PSE eta PPrekin batera alarde parekidera ordezkaritza ofizial bat bidaltzearen aurka bozkatuta. Esanguratsua da horregatik, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren bozeramailea egotea atzo Irungo udaletxeko balkoitik alarde parekidea ikusten. Egon zitezkeen udaletxe atarian, eta egon zitezkeen beste nonbait, bizkarra eman gabe, bizkarra emanez, EAJk orain arte egin duen bezala. Baina han zeuden, orain arte ez bezala. Balkoian.

Aldatu da zerbait gizartean aurten, eta, agian, aldatzen ari da zerbait EAJn ere. Baina ez Batzar Nagusietan alarde parekidearen alde bozkatzeko adina. Txalotzekoa da EAJko ordezkari horiek atzo egin zuten keinua, txikia izanagatik orain arte egin gabekoa zelako. Hogei urteren ondoren, ordea, keinuak baino gehiago, pausoak behar ditu alarde parekideak. Hala eman dituzte urte askoan emakumeek Irunen, erakundeen eta EAJren babesik gabe. Orain pausoak erakundeetan emateko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.