inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Aniztasunik ez

2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Izaten diren kasualitate edo kausalitate bitxien ondorioz, herenegun, maiatzaren 21ean, Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunean, bota zuen Frantziako Konstituzio Kontseiluak lehergailu suntsitzaile bat estatuaren kultur aniztasunaren aurka. Zeresanik ez, erasoaren ondorioak oraindik ikusteko daude. Segur aski, Frantziak, bere botere historikoki baztertzailean oinarrituta, erabakitzen duen tamainakoak izango dira ondorioak: ebazpenak iradokitzen duenez, ikastolak finantzaketa publikorik gabe uzteraino helduko balitz, hamarkadetako kolperik zitalena litzateke hori euskararentzat.

Funtsean, baina, epai honek baino erro sakonagoak ditu arazoak: Frantziako Errepublikak eta frantsesaren aldeko bere ikuspegi jakobinoak ezin dute jasan hizkuntz eta kultur aniztasuna. Ez hizkuntza gutxituena, ezta nazioarteko beste hizkuntza indartsu batzuena ere. Horregatik erabaki dute epaileek estatuaren finantzaketa —euskaldunek ere euren zergekin ere bermatua— ezin zaiela diru publikorik eman frantsesez aritzen ez diren ikastetxeei.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaileek, berriz, ikuspegi berean oinarrituta, ebatzi dute administrazioaren lan deialdietan ezin dela eskatu euskararen ezagutza. Bistan denez, Euskal Herriak ez dauka bere hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko esparru juridikorik. Ez eta munduaren kultur aniztasunari egin diezaiokeen ekarpen txikia ziurtatzerik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.