Andreu Simon. Mendi korrikalaria

«Diabetesarekin ere Kataluniako Txapelketa lor nezakeela sinesten nuen»

Agian ez da beste korrikalari batzuk bezain ezaguna eta mediatikoa, baina emaitza onez betetako palmaresa du. Zama gehigarri bat eraman behar izaten du: diabetesa.

JOSE BONILLA.
Unai Ugartemendia.
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Urte biribila egiten ari da. Kataluniako Txapelketa irabazi du, eta Espainiako Kopako lehen bi probetan nagusitu da. Andreu Simon da (Sant Vicenç dels Horts, Katalunia, 1991) irabazteko hautagai nagusia. Ez da korrikalari arrunta, diabetikoa baita eta glukosa maila kontrolatu behar baitu, hala eguneroko bizitzan nola lasterketetan. Euskal Herrian lehiatuko da aurten, Zegaman eta Tolosan. Gustuko ditu euskaldunak eta Euskal Herria.

Noiz hasi zinen mendian korrika?

16 edo 17 urte nituela hasi nintzen mendian korrika eta lasterketaren batean parte hartzen. Garai hartan jada ez ninduen batere motibatzen baloiaren atzetik ibiltzeak, eta aldaketa hark asko lagundu zidan.

Gogoan al duzu nork eraman zintuen lehenbizikoz mendira korrika egitera?

Gurasoek kirola egiteko beharra barneratu ziguten etxean, eta kirola egin dugu haiekin: bizikleta irteerak, ibilaldi luzeak mendian, eta, batzuetan, elkarrekin korrika egitera ere joaten ginen. 6 urte nituenean, aitak Pedraforcara igotzea oparitu zidan. Garai hartako bizipenek gaur egungo ateak ireki zizkidaten.

Argi dago zaletasuna etxetik datorkizula.

Bai. Gogoan dut osaba batek mendian korrika egiten zuela, eta harekin eta haren lagun batekin korrika egitera gonbidatu ninduela. Nik halako bi urte zituzten, eta ni baino indartsuagoak ziren, baina, ia konturatu gabe, ibilbide guztia egin nuen haiekin. Izugarri gozatu nuen; kirol hau ezagutu nuen, eta kolpetik maitemindu nintzen.

Noiz konturatu zinen kirol honetarako balio zenuela?

Inoiz ez dut kirol hau ikuspegi profesionaletik ikusi. Motibazioa bera izan da hasieratik: hobetuz joatea eta esperientziak pilatzea. Egia da orain oso sasoi onean nagoela eta emaitzak lagun ditudala, baina badakit ezinezkoa dela kirol honetatik bizitzea. Hori ez da nire helburua. Urte asko igaro ditut ezer irabazi gabe, eta orduan ere asko gozatu dut. Egunen batean berriro ere emaitzek laguntzen ez badidate, badakit urte askoan korrika jarraituko dudala. Zoriontsu naiz, ondo pasatzen dut. Korrika egiteak bete egiten nau, eta nire bizitzaren parte da; bizirik nagoela sentiarazten dit.

Baina zure kasua ez da arrunta, diabetikoa baitzara. Nola eragiten dizu?

Hasieran ez zen erraza izan onartzea. Beti esan izan didate oso burugogorra naizela, eta pentsatzen dut onartu beharra tokatu zitzaidala, ez zegoela beste irtenbiderik, aurrera jarraitu behar nuela. Hori ikasi dut inguruko jendearengandik: zailtasunei aurre egin behar zaiela eta gauzak lortu daitezkeela ahaleginduz gero.

Baina hori onartzeak gogorra behar du.

Denborarekin, konturatu naiz nahi dudan guztia egin dezakedala. Orain, diabetesa nire gorputzaren zati bat da; ez nau arduratzen beste edozerk baino gehiago. Gaur egun, diabetesa kontrolatzeari eskaintzen diot nire ahalegin guztia. Ez du zentzurik neure burua beste egoera batzuetan irudikatzeak. Hauxe da daukadana, eta aurrera jarraitu behar dut; ez dago besterik.

Zer da diabetikoa izatearen alderik okerrena?

Gehien izorratu ninduena zera izan zen, ez nuela izan suhiltzaile izateko aukerarik. Txikitako ametsa zen: beti esan izan dut hori izan nahi nuela. Herriko beste lagun bat ere atzera bota zuten oposizioen erdian, diabetikoa zelako.

Arazo asko izan al dituzu lasterketetan diabetesarengatik?

Batzuk izan ditut, bai. Glukosaren balioak aldakorrak izan daitezke, eta zaila da kontrolatzea, are gehiago mendian korrika egitearen moduko kirol batean. Jerteko lasterketan [Espainia], esaterako, glukosa maila handia nuela irten nintzen. Ez nuen gau ona pasatu, eta ez nuen intsulina behar bezala asimilatu. Irten baino 20 minutu lehenago, ez nekien zer egin, intsulina nirekin eraman ala ez, gel bat gehiago eraman ala ez, ez nekien hartzerik izango nituen... Lasai egotea erabaki nuen. Lasterketa aurrera zihoan neurrian, hobeto sentitzen hasi nintzen, glukosa egonkortzea lortu nuen, eta osorik iritsi nintzen helmugara.

Lasterketak luzeagoak diren heinean, arazoak areagotu egiten al dira?

Hiru ordu arteko lasterketei neurria hartu diet. Distantzia luzeagoetan, gauzak zailagoak dira, eta arazoren bat edo beste izan dut. Maratoiaren distantziako lasterketetan, erritmoa handia da oraindik, eta oraindik ez dut aurkitu arazoa saihesteko formula egokia. Oraindik ez dut planteatu ere egin lasterketetako kontrol guneetan glukosaren proba egitea. Neure burua hobeto ezagutzeko lanean jarraituko dut, eta orain ditudan ezaugarri onak baliatzen jarraituko dut.

Ba al duzu ezabatzea gustatuko litzaizukeen oroitzapenik?

Zoritxarrez, bai. Nire bikotekideari ezusteko batzuk eman izan dizkiot pare bat goizetan. Jaiki, glukosa maila oso justu nuela konturatu, eta ezin moldatu. Bikotekidea asko izutu zen, eta larrialdi bat baino gehiago pasatutakoa da. Zorionez, azukre pixka batekin osatu, eta hobeto sentitzen hasi nintzen. Ez du erraza izan behar maite duzun hori ondo ez ikustea. Ez du halakorik merezi.

Zein izan dira zure ereduak?

Kirol hau bere erarik klasikoenean eta nostalgikoenean ulertzen dut. Alde horretatik, balio horiek hobekien sentitzen zituena Kiku Soler kataluniarra zen. Kataluniatik kanpo korrika egin nuen lehen lasterketa Arratzu Urdaibai izan zen, Kataluniako teknifikazio taldearekin. Jokin Lizeagak irabazi zuen 30 kilometrokoa, eta niretzat heroi bat bihurtu zen. Gerora, haren elkarrizketaren bat irakurri dut, eta pertsona bikaina dela iruditzen zait.

Zer izan zen zuretzat aurten Kataluniako txapeldun izatea?

Mendian korrika hasi nintzenean, amets egiten nuen Kataluniako txapeldun izatearekin. Gero, diabetesarekin, neure buruari erakutsi nahi nion lortu nezakeela. Lortu nahi nuena lortu nezakeela sinetsarazi nahi nion neure buruari. Horrelako lorpen batek konfiantza handia eman zidan.

2018ko helburuetako bat al da Espainiako Kopa irabaztea?

Bai, zalantzarik gabe. Kataluniako Txapelketarekin batera, Espainiako Kopan aurrean ibiltzea da helburuetako bat.

Bi lasterketa jokatu, eta biak irabazi dituzu. Ia-ia egina al dago?

Ezta gutxiagorik ere! Oraindik hiru lasterketa gelditzen dira, eta edozer gerta daiteke. Garrantzitsua da bi garaipen izatea, baina pausoz pauso joan nahi dut. Denboraldia oso luzea da, lasterketa asko daude, eta sasoiak ere asko aldatzen dira urtean zehar.

Nola ikusi dituzu orain artean euskal selekziokoak?

Beti izan behar dira kontuan. Oso korrikalari indartsuak dira, eta oso ondo moldatzen dira lasterketa gogorretan. Orain arte egin ditugun bi probetan, korrika asko egin zitekeen; niri halakoak gustatzen zaizkit, eta abantaila izan dut.

Azkenekoan, Jerten, estutu egin zintuzten. Arriskuan ikusi al zenuen garaipena?

Bai! Inoiz ez nuen Asier Larruzearekin lasterka egin, eta asko estutu ninduen. Lasterketa bikaina egin zuen, eta bigarren postuan amaitu zuen. Igoeretan abantaila murrizten zidala ikusten nuen. Beste arlo guztiak kudeatzea erabaki nuen, jakinik igoeretan oso ondo zebilela. Bestalde, Julen Martinez de Estibariz ere hor zen. Banekien Malagan [Espainia] lasterka egin eta gero puntuak pilatzeko asmoarekin zegoela.

Zein izango dira aurkaririk gogorrenak Espainiako Koparako?

Tarragonako [Herrialde Katalanak] lasterketaren ondoren ikusiko dugu. Bost lasterketetatik bat baztertu daiteke, oraindik goiz da ondorioak ateratzeko. Bi lasterketetan atera garen guztiok irabaz dezakegu kopa.

Munduko Kopako probaren batean lehiatuko al zara?

Zegama-Aizkorrin izango naiz, baina ez dut aurrera jarraituko. Lasterketa bikainak dira, eta leku ikusgarrietatik korrika egiteko aukera izaten da, baina lasterketa horien ezaugarriak ez dira niretzat aproposenak.

Zein izango da zure helburua Zegaman?

Zegama beste mundu bat da. Maila izugarria dago, eta bertan jakiten da bakoitzaren maila non dagoen. Nire lekuan kokatu nahiko nuke, 2016an eta 2017an gertatu bezala. Ondo pasatu nahi dut, eta ahal dudan bezain ondo lehiatu.

Tolosaldeko Hiru Tontorrak lasterketan ere parte hartuko duzu. Zer da gehien gustatzen zaizuna Euskal Herriko lasterketetatik?

Giroa, euskal herritarren eta kataluniarren artean sortzen den konplizitatea, jendearen errespetua... Asko gustatzen zaizkit bertako ibilbideak ere.

Pentsatu al duzu ultra distantziara jauzia egitea?

Bai, pentsatu dut, eta ez dut uste denbora asko pasatuko denik pauso hori eman aurretik. Oraindik ez dut presarik, gehiago hobetu baitezaket lasterketa motzagoetan. Denborak eta motibazioak aginduko du, baina uste dut urrats naturala dela ultretara jauzi egitea.

Zerekin konformatuko zinateke 2018an?

Oso zorrotza naiz neure buruarekin, eta amesten ditudan gauzak lortzearekin konformatuko naiz. Ez dut galdu nahi korrika egiteko dudan gogoa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.