Gasteizko Jazzaldia

Sasoi berri baten lehen doinuak

Astelehenean hasiko da Gasteizko Jazzaldiaren 43. aldia, eta larunbatera bitarte iraungo du. Gregory Porter, Kamasi Washington eta Omara Portuondo dira izar handiak aurten

Porter. Lehenbiziko aldiz izango da Gasteizen. Irudian, Donostiako 2017ko zuzenekoan. JAVIER ETXEZARRETA/EFE.
aitor biain
Gasteiz
2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Gasteizko Jazzaldia aro berri baten hasieran da. Zuzendaritza aldaketaren ostean, antolakuntza talde berria jaialdia berrasmatzeko bidean dago, eta musika eskaintzari lotuta egin nahi du norabide aldaketa hori Alberto Ibarrondo lemazain berriak: ohiko ardatzetik gehiegi aldendu gabe, orain artean jaialdian entzun ez diren musika estiloak programatu nahi ditu zuzendari berriak. Helburua argia da: publiko zabalago batengana iritsi eta inguruko jaialdi batzuekiko lehia indartzea. Ibarrondok gazteak ditu bereziki jomugan; jaialdira erakarri nahi ditu, jaialdia gerora begira jarri ahal izateko. Astelehenean hasiko da Jazzaldiaren 43. aldia, eta larunbata bitarte iraungo du.

Bada, aurtengo egitarauak baditu asmo horien zantzu batzuk. Izan ere, Gasteizen inoiz aritu ez diren hainbat artistak parte hartuko dute, alde batetik; bestetik, jazza kalera aterako dute. Berrikuntzarik nabarmenena da hori, hain zuzen: Mendizorrotza eta Principal antzokia izango dira jaialdiaren gune nagusiak, baina aurten doako kontzertuak ere izango dira Gasteizko muinoko Falerinako berdegunean eta hiriko kaleetan.

Musika proposamenari dagokionez, Gasteizko jaialdiak jazzaren aldeko apustu argiari eutsi dio beti, eta gutxitan eman du bere mugetatik haragoko pausoa. Jazz etiketaren azpian sailka daitezkeen musika estiloak programatu izan ditu antolakuntzak, bluesa eta gospela ardatz hartuta betiere. Baina izan dira bestelako kasuak ere: hor daude, esaterako, Paco de Luciaren flamenko doinuak, Ruben Bladesen saltsa edota Noa eta Jamie Cullumen pop musika.

Eta ildo horrekin lotu daiteke antolakuntza talde berriaren asmoa ere. Ibarrondok berriki jakinarazi baitu Rosalia abeslari kataluniarra Gasteizera ekarri nahi izan dutela. Zuzendariak aitortu du ezinezkoa izan dela, diru kontuengatik, baina ez du baztertu datozen urteetarako. Ibarrondoren hitzetan, beharrezkoa da ikusle berrien eta betikoen arteko «zubi lana» egin dezaketen artistak ere jaialdira ekartzea.

Gregory Porter aurrenekoz

Zalantzarik ez dago, nolanahi ere, mundu osoko jazz musikari garrantzitsuenak izan direla Gasteizko Jazzaldian. Eta aurten ere ez dira faltako. Gregory Porter kantaria nabarmentzen da izar guztien artean; Ameriketako Estatu Batuetako croonerra Gasteizen entzuteko aukera izango da aurten aurreneko aldiz. Aurrez, behin baino gehiagotan izan da Donostian, baina inoiz ez du parte hartu Arabako hiriburuko jazzaldian. Nat King Coleren kantuetan oinarritutako kontzertu bat emango du Porterrek, baina urrian kaleratzekoa den disko berriko piezak ere joko ditu. Abeslariak bi Grammy sari ditu irabaziak, eta jazz munduko abeslaririk laudatuenetako bat da.

Haren aurretik, Regina Carter biolinista entzutetsua igoko da Mendizorrotako agertokira. Carterrek hainbat musikarirekin egin du lan bere ibilbidean: Kenny Barron, Wynton Marsalis, Aretha Franklin, Patti LaBelle, Joe Jackson eta Cassandra Wilsonekin, besteak beste. Straight Ahead taldearekin egin zen ezagun, 1990eko hamarkadan, baina bakarlari gisa egin duen ibilbideagatik nabarmendu da batez ere.

Saxofoia izango da beste instrumentu garrantzitsuetako bat aurten. Izan ere, Benny Golson AEBetako Filadelfiako saxofonista beteranoak hasiko du jaialdia astelehenean, Principal antzokian. 1940ko hamarkadan ezagun egin zen bebop eta hardbop jazzaren ikurretako bat da Golson. Mendizorrotzako kontzertuetarako abonua erosi dutenek soilik izango dute hura ikusteko aukera. Jazzaldiaren jarraitzaile leialei egindako «opari bat» izango da, antolatzaileen hitzetan.

Izar zaharrak ikur berriari emango dio lekukoa ondoren. Kamasi Washington Los Angelesko saxofonista izango baita aurtengo egitarauko beste musikari azpimarragarrietako bat. Antolatzaileak «urte askoan» aritu dira jazzaren belaunaldi berri baten ikur bilakatu dena Gasteizera ekarri nahian. Washingtonek The Epic (2015) diskoarekin jo zuen goia, eta askok John Coltranen pare jarri dute dagoeneko. Jazzaren sustraiak alboratu gabe, psikodeliaren, funkaren, afrobeataren, soularen edo hip-hoparen elementuak erantsiz estiloa berrasmatzeko duen gaitasuna nabarmendu dute askok. Zale berriak eta zaharrak, kritikariak, musikariak... Denak elkartu ditu Washingtonek.

Portuondoren agurra

Jorge Drexler kantautore uruguaitarraren eta Omara Portuondo abeslari kubatarraren zuzenekoa ere jaialdiaren unerik nabarmenetako bat izango da, ezbairik gabe. Portuondo agertoki gainean ikusteko azkenetariko aukera izango dute haren jarraitzaileek, gainera; 88 urte ditu, eta oholtza uzteko erabakia hartua du kantariak. Drexlerrek, aldiz, bakarkako emanaldiak alboratu ditu aldi batez, harekin ohiko bandarekin aritzeko.

Ohiko gospel kontzertuarekin hasiko da jaialdia Mendizorrotzan: Golden Gate Quartet talde ezaguna izango da agertokira igotzen lehena. Hurrengo egunetan, berriz, Marco Mezquida pianista kataluniarraren inguruan sortutako M.A.P. hirukotea eta Gasteizko Udal Banda elkarrekin ariko dira. Antzokian, berriz, Mezquidak bakarkako kontzertu bat emango du asteartean. Nubya Garcia, Marta Sanchez Quintet, Iñigo Ruiz de Gordejuela eta Ambros Akinmusire & Kool A.D. izango dira. Aire eta doinu berriak datoz Gasteizko Jazzalditik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.