Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Netanyahuren tresnak

2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Nola irabaziko ditu hauteskundeak bere jardun ona goraipatzearen truke informazioa emateagatik epaituko dutenak? Nola irabazi oparien truke hobari fiskalak emateagatik epailearen aurrean eseriko denak? Nola, komunikabide baten aldeko legezko neurriak hartu dituen susmagarriak, bere irudiaren aldeko informazioa zabaltzearen truke?

Palestinarrei esker, jakina.

Israelgo Gobernua ezin osatu-eta, urtebetean hirugarren bozak izango dira biharkoak. Benjamin Netanyahuri ematen diote garaipena azken inkestetan, estu-estu bada ere. Berriz ere erakutsi du ustezko iruzurgilearen estutasunak arintzeko palestinarrak estutzea baino hobeagorik ez dagoela, eta kanpaina honetan ere bi neurri iragarri ditu kolono juduei begira: Jerusalem ekialdean 6.200 etxebizitza eraikiko dituela, eta Zisjordania bitan banatuko duen kokagune bat eraiki nahi duela.

Haren lagun Donald Trumpek Ekialde Hurbilerako aurkeztu duen egitasmoak ere —gutxi du baketik— lagundu dio lehen ministroari inkestetan gora egiten, Israelen urteetako aldarrikapenak jasotzen ditu eta. Hilaren 16an parlamentua osatu eta biharamunean epaituko dute Netanyahu, eta, bozak irabazita ere, ez du erraza izango gobernua osatzea. Palestinarrei jazartzen segitzeko motiborik ez zaio faltako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.