Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Israel, eredugarria

2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Israelek ez du esan zenbat ordaindu duen txerto dosi batengatik, baina filtratu dute Europak ordaindutakoaren bikoitza jarri duela. COVID-19ak hildakoak ez dira iristen 4.300era, neurri handi batean bere mugen hertsitasunaren eraginez eta herritarrek urteetan barneratutako sistema protekzionistaren ondorioz.

Benjamin Netanyahu lehen ministroari primeran etorri zaio pandemia. Bere aurka dauzkan ustelkeria kasuak itzali ditu, eta buru-belarri jarri da txertoa herritarren artean banatzen. Espero du israeldarren %60k txertoa jarrita izatea martxoaren 23rako, hauteskundeak egiten direnerako, eta arrakasta ezin zen borobilagoa izan. Aurreratu duenez, «Israel eredu bilakatuko da munduarentzat».

OME Osasunaren Munduko Erakundeak emandako datua asaldagarria da, baina: orain arte txertoen %75 hamar herrialdetako biztanleei jarri dizkiete, eta negozio basatiak joera hori areagotuko duela erakusten du. Ez al da ezer ikasi Txinan atzemandako birusa hangoa baino ez zela uste zenetik? Txertoa munduan banatzea ez da, ordea, aukera bakarra egoerari aurre egiteko, agerian geratzen ari denez. Israel munduarentzat eredugarri izatea ere bada irtenbidea. Mugetan sarraila jarrita gainerakoen tragediak bazterrera uztera egina baitago mundu aberats hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.