mikel p ansa
HIZPIDEAK

Gabezia agerian

2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
G7ko Finantza ministroek akordio «historiko» bat lortu bide dute, multinazionalei gutxieneko sozietate zerga bat jartzeko. Bilerako negoziazioetan, hain segur, Whatsapp edo antzekoren bat erabiliko zuten, eta bukatu orduko Twitterren edo Facebooken eman zuten berria askok. Dudarik gabe, gero Googlen begiratuko zuten albistea nola ematen duten hedabideek. Hain justu, horien gisako enpresa teknologiko handiak koska bat estutzeko asmoa ere badu egitasmoak. Besterik da lortuko ote duen.

Hasteko, G20ko bazkideak konbentzitu beharko dituzte, eta ondoren OCDEren negoziazioa gainditu. Eta, hori lortuta ere, ikusi beharko da gero estatu bakoitzak nola aplikatzen dituen erabakiak. Izan ere, orain ere badira sozietate zergak, eta, haiekin batera, gutxiago ordaintzeko trikimailu juridiko eta kontableak. Eta ez dago argi G7koen akordioak zenbateraino estutuko dituen legezkoak diren eta zergak gutxitzeko balio duten lege zirrikitu horiek. Ez dela berehala izango, hori behintzat segurua da.

Paradisu fiskaletarako ihesa mozteko, herrialde guztiak behartzea modu bat izan liteke, baina hori baino eraginkorragoa suerta liteke beste puntua, berez: multinazionalek zerbitzua ematen duten herrialde bakoitzean ordaintzea zergak. Nola behartuko dituzten hori egitera eta zenbatekoaren kalkulua nola egingo duten ez dago horren argi. Baina estatuak enpresa handi horiek behartzera bortxatuak sentitu badira, estatuen baliabideak urritzen ari diren seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.